Berriak Segurtasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritza Biarritzeko eta Bordeleko zentroetako arduradunekin bilduko da, mugako ilarei irtenbide bat bilatzeko

2013.eko irailak 02

2013ko lehen zortzi hilabeteetan izandako hildakoen zenbatekoa iazko epe berekoa baino txikiagoa da

Garbiñe Sáez Molinuevo Trafikoko zuzendariak udako irteera- eta itzulera-operazio berezien balantzea aurkeztu du, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Bilboko Zentroan, gaur goizean. Ordainlekuetako behin betiko datuak eduki ez arren, joan-etorrien kopuruari buruzko estimazioak bete direla esan daiteke, eta ekainaren amaiera aldera hartutako neurriek Euskadiko errepideetako pilaketak txikitzen lagundu dutela. Biarritzeko eta Bordeleko zirkulazioko zentroetako arduradunekin bilera bat egitea aurreikusi dute, mugako ilarak aztertzeko.

Oporrak direla-eta joan-etorriak egiten dituzten ibilgailuen zirkulazioaren ondorioei aurre egiteko Trafiko Zuzendaritzak ekainaren amaieran abiarazi zuen operazio bereziak aurreikusitako parametroak bete ditu. Kantabriarako norabidean, joan-etorriak aurreko udakoak baino % 2,4 inguru gutxiago izan dira. Araban, auto-ilarak aurreko urteetakoak baino txikiagoak izan dira ?abuztuaren 2koak salbu, zirkulazio handieneko orduan istripu bat izan baitzen-. Gipuzkoari dagokionez, itzulera-operazioko arazoak irteera-operaziokoak baino handiagoak izan dira, baina mugako inguruan soilik. Izan ere, Zarauzko eta Irungo AP-8 autobideko ordainlekuetako auto-ilarak Biriatukoak baino askoz laburragoak izan dira. Inguru horretan, ibilgailuen intentsitatea % 3-4 artean handitu da, 2012ko abuztuarekin alderatuta.

Hildakoen kopuruak txikitzen jarraitzen du

2013ko lehen zortzi hilabeteetako (urtarrilaren 1etik irailaren 2ra) ezbehar kopuruari dagokionez, 32 hildako izan dira, iazko epe berean baino lau gutxiago.

Istripu-tasa aztertuz gero, 5.307 zirkulazio-istripu izan dira. Horietatik 1.488 istriputan biktimak izan dira, eta 3.819tan, kalte materialak besterik ez.

Lurralde historikoen eta biktima moten arabera

4. taulan ikus daitekeenez, lurralde historikoak kontuan hartuta, nabarmentzeko moduko zenbait alde suma daitezke:
a.    Irailaren 2ra arte, Araban iaz baino 2 hildako gutxiago izan dira, Bizkaian 4 gutxiago eta Gipuzkoan 2 gehiago.
b.    Zauritu larrien kasuan, Araban 4 gehiago izan dira, Bizkaian 2 gutxiago eta Gipuzkoan 6 gehiago.

c.    Dena den, biktimak eragin dituzten istripuak zenbatuz gero, Araban eta Bizkaian iaz baino gehiago izan dira eta Gipuzkoan gutxiago.

Biktima motak aztertuz gero, ondoko datuak azpimarra daitezke:
a.    Aurten, iazko epe berean baino txirrindulari bat eta lau oinezko gehiago hil dira. Bestalde, hiru motor-gidari, bi auto-gidari eta lau auto-bidaiari gutxiago hil dira.
b.    Zauritu larriei dagokienez, aurten motor-gidari gehiago (+9) eta auto-gidari gehiago (+8) izan dira, baina txirrindulari gutxiago (-6). Zauritu larrien artean, iaz baino zazpi oinezko gutxiago daudela ere nabarmendu behar da.
Trafikoko zuzendariak adierazi duenez, bere lehentasunetako bat oinezkoen eta txirrindularien bide-segurtasuna hobetzen laguntzeko neurriak planteatzea da.

Uztailean eta abuztuan istripu gutxiago

Ezbehar kopuruari dagokionez, 2013ko uztailean eta abuztuan Euskadiko errepideetan iazko epe berean baino istripu gutxiago izan dira, baina horien heriotza-tasa handiagoa izan da. Iazko udan sei hildako izan ziren, eta aurten, bederatzi. Horietako hiru autoek harrapatuta hil dira.

Uztailaren 1etik abuztuaren 31 arte, 1.020 zirkulazio-istripu gertatu dira. Horietako 340 istriputan biktimak izan dira, hau da, hildakoren bat, zauritu larriren bat edo zauritu arinen bat. Beste 680 istripuetan, ordea, kalte materialak soilik izan dira. 2012ko udan, 1.144 istripu gertatu ziren, eta horietako 384tan izan ziren biktimak.

Dena den, udan istripu kopurua txikitu arren, ez da heriotza-tasa txikitu. Biktimak eragin dituzten 340 istripuetan, 9 hildako, 59 zauritu larri eta 434 zauritu arin izan dira. Hildakoetako hiru hirigunean autoek harrapatuta hil ziren. Iazko hildakoetatik bat bakarrik hil zen auto batek harrapatuta.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)