Berriak Lehendakaritza
Eu

Aurrera egiten dakien Euskadiren izaera eta energia berreskuratzeko unea da

2013.eko abuztuak 22

Lehendakariak Txurdinagako Larrialdiak Koordinatzeko Zentrora egin du bisita haren sorreraren 30. urteurrenean, 1983an Euskadin gertatutako uholdeen egun berean

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Segurtasun sailburu Estefanía Beltrán de Herediarekin batera, duela 30 urte Euskadi suntsitu zuten uholdeak ekarri ditu gogora.  Uholdeetan dena galdu zutenekin bat egin nahi izan dute biek gertakariok gogoratuta, bai eta beren atsekabea adierazi ere. Lehendakariaren esanetan, egun bakarrean «Euskadi urpean gelditu zen», eta kalteak oso handiak izan baziren ere, «Euskadik aurrera egin» zuela nabarmendu du. Gaur egun, berriz, beste arazo batzuk ditugu. Urkullu Lehendakariak esan duenez, «krisiaren eta langabeziaren uholdeak bizitzen ari gara», eta «aurretik bide luzea dugu». Baina, 1983an bezala, bide horrek «ahalegina eta geure burua gainditzea» eskatu arren, «elkarrekin egingo dugu oraingoan ere».

Gaur, osteguna, Bilboko Txurdinaga auzoko Eusko Jaurlaritzako Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan izan dira Iñigo Urkullu Lehendakaria, Segurtasun sailburu Estefanía Beltrán de Heredia eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko sailburuordeak eta zuzendariak. Bertan 1983, Euskadi urperatuta dokumentala aurkeztu dute. Jabi Elortegi da zuzendaria, eta EITBk eta Pausokak ekoitzi dute, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz. SOS Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak abiarazi eta 30 urtera egin da estreinaldia, uholdeen ostean jarri baitziren martxan. Telefono-zenbaki horrek larrialdietarako bakarrik balio du, doakoa da eta eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan erabil daiteke.

Bere mintzaldian, 1983, Euskadi urperatua dokumentalaz ere jardun du Lehendakariak, eta uholdeei buruzko film hori, egiaz, «gure herriaren suspertze eta biziberritzearen historia» dela adierazi du. Urkulluren arabera, gizarte batek zailtasunari nola egin diezaiokeen aurre ere azaltzen du dokumentalak. Azkenik, 1983ko gizartearen balioak 2013an ere aplika daitezkeela nabarmendu du Lehendakariak: «buru belarri, sakrifizioak eginez eta elkartasunez aritzeko unea da».

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)