Berriak Segurtasuna
Eu

Lehendakariak Txurdinagako Larrialdiak Koordinatzeko Zentrora bisita egingo du haren sorreraren 30. urteurrenean, eta 1983an Euskadin gertatutako uholdeen egunarekin bat

2013.eko abuztuak 20
Etorri 1983, Euskadi urperatuta dokumentalaren aurrestreinaldira. ETBk abuztuaren 26an estreinatuko du ofizialki, Bilboko uholdeak gertatu ziren egunean, hain zuzen

Ostegunean, abuztuaren 22an, Iñigo Urkullu lehendakaria, Segurtasun sailburu Estefanía Beltrán de Heredia eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko sailburuordeak eta zuzendariak Bilboko Txurdinaga auzoko Eusko Jaurlaritzako Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan izango dira.

Instalazioetan barrena egingo duten bisita SOS Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroen ezarpenaren 30. urteurrenarekin bat dator. 1983an sortu zituen Eusko Jaurlaritzak, eta beren helburua herritar guztiei –Euskadin bizi zirenak nahiz bertatik igarotzen ari zirenak– larrialdien aurrean laguntza-sistema azkarra eta eraginkorra ematea zen, telefono-sarbide erraz baten bitartez (gaur egungo 112 zenbakia). Telefono-zenbaki horrek larrialdietarako bakarrik balio du, doakoa da eta eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan erabil daiteke.

Urkullu lehendakariak bisitatu zuen lehenengo instalazioetako bat izan zen Txurdinagako Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa. Otsailean, zehazki, Segurtasun Sailak deitutako krisi-mahaietako batean parte hartu zuen, hilabete horretako euri-zaparrada ugari eta gogorrak eta uholde arriskua hizpide izan zituena.

Bisita horretan, hain zuzen, eta Euskadin gertatutako uholdeen 30. urteurrena dela-eta, 1983, Euskadi urperatuta dokumentala aurrestreinatuko da. Jabi Elortegi du zuzendari, eta EITBk eta Pausokak ekoitzi dute, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz. Dokumentalak 1983ko abuztuaren 26ko uholdeetan gertatutako istorio pertsonalen berri ematen du.

Jabi Elortegi bermeotarrak zuzendutako dokumentalak birsortzen dituen testigantzen artean, besteak beste, Uriarte anaien istorioa aurkituko dugu; familia-enpresan harrapatuta gelditu ziren. Era berean, Mari Jose Irizarrek erditu aurreko uneak nola bizi zituen jakingo dugu; uholde-uren artean Ertzaintzako patruila batek lagundu behar izan zuen; edota Elizondo anaien istorioaren berri izango dugu; Bermeoko kasinoaren beheko solairuan zegoen Refugio tabernaren sotoan hainbat orduz harrapatuta egon ziren.

Dokumentala abuztuaren 26an estreinatuko du ETBk ofizialki. Dokumentalak uholdeen jatorriaren, kausen eta kalteen berri ematen du, jarduteko moduek izan duten aldaketa azaltzen ditu, eta, azkenik, hondamendi-egoerak prebenitzeko eta herritarrei horien inguruan ohartarazteko teknologia berriek eskaintzen dituzten abantailak deskribatzen ditu.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau