Berriak Segurtasuna
Eu

Bilboko Ertzaintzak egiaztatu duenez, jaitsi egin dira delituak eta igo, berriz, erruztapenak, urteko lehen seihilekoan

2013.eko abuztuak 15

Aste Nagusian segurtasuna indartzeko berariazko plana

Bilboko Ertzaintzaren jarduera positiboa izan da 2013. urteko lehen sei hilabeteetan; murriztu egin dira delituak eta igo, berriz, ustezko gaizkileen erruztapenak. Gainera, droga eta debekatutako arma gehiago konfiskatu dira. Delitu estrategikoak prebenitzeko eta ikertzeko politikak fruituak ematen ari dira, eta emaitzek lan-ildo beretik jarraitzera bultzatzen dute. Bilboko jaietan, indarkeria eta larderia bidezko lapurretak prebenitzeko berariazko plan bat garatuko da, eta sexu-erasoak prebenitzeko beste bat. Jai horiek, beraz, prebentzio-politikak baloratzeko orduan kontuan izateko adierazle izango dira, eta, lortutako emaitzen arabera, berrikusi ahal izango dira.

Bilboko ertzain-etxeak egiaztatu duenez, ia % 8 murriztu dira delituak urteko lehen seihilekoan; hortaz, ildo beretik lanean jarraituko dute, urte bukaeran, datuak hobetzen saiatzeko, eta arreta berezia jarriko diete, logikoa denez, delitu estrategikoei; hots, indarkeria eta larderia bidezko lapurretei, etxeetako lapurretei eta pertsonen kontrako delituei.

% 10 inguru handitu dira erruztapenak –atxilotuak eta inputatuak–; hau da, 2.496tik 2.724ra pasa dira urteko lehen seihilekoan. Atxilotuen kopurua ia ez da aldatu, hots, % 1era iristen ez den beherakada txikia izan du. Aldiz, inputazioak nabarmen igo dira, % 16; 1.459tik 1.696ra. Ertzain-etxeko Guardiako Ikerketa Kriminaleko Unitateak egindako ahaleginei esker eta erabilitako analisi- eta ikerketa-metodologiari esker, kasu gehiago ebatzi ahal izan dira, eta, ondorioz, pertsona gehiago inputatu.

Ia % 40 igo da epailearen aginduzko atxilotuen kopurua; 183tik 253ra, bai eta polizia-abisuzko atxilotuena ere. Azken horiek Unitatean egindako ikerketekin erlazionatuta daude. Horiei esker, bada, 265 lagun identifikatu, lokalizatu eta atxilotu dituzte, bai eta epailearen esku jarri ere. Iazko lehen seihilekoan, ordea, 193 izan ziren.

Aipamen berezia egin behar zaio herritarren laguntzari. Horri esker, indarkeria bidezko lapurreten lau ustezko egile atxilotu ahal izan dira, beste hainbeste delitutan. Egileak deskribatzeak, nora joan diren adierazteak, eta abar asko laguntzen die patruilei, nora jo behar duten zehatzago dakitelako, eta eraginkorragoak direlako.

Debekatutako arma gutxiago konfiskatu dira, batik bat, arma zuriak; 136 konfiskatu ziren 2012ko lehen seihilekoan, eta 155, berriz, 2013ko tarte berean. Aurtengo ekainean, arma zuriak kontrolatzeko ekintza-plana jarri zen martxan, Ertzaintzaren eta udal-agintarien kezkari erantzuna emateko. Horri zor zaio, bada, arma gehiago konfiskatu izana.

Bestalde, zortzi atestatu egin dira delitu-simulazioagatik. Horietan, beste hainbeste laguni leporatu zaie salaketa faltsuak jartzea. Kasu gehienetan, aseguruei iruzur egitea zuten helburu. Zifra hori iaz erregistratutakoaren berbera da; hortaz, antzeko bilakaera espero da hurrengo hilabeteetarako.

 

Indarkeria eta larderia bidezko lapurretak

Indarkeria bidezko lapurretak Bilboko ertzain-etxearen lehentasunezko helburuetako bat dira oraindik ere. 2011eko azken hiruhilekoan, gora egiten hasi zen joera, eta iazko azken hiruhilekora arte mantendu da. 2012ko hirugarren hiruhilekoan, ahalegin handia egin zen mota horretako delituen eragina arintzeko. Hori horrela, prebentzio-ordu gehiago egin ziren eta datuen azterketa xehakatua egin zen. Ondorioz, patruilek zehaztasun handiagoz jardun ahal izan zuten. Egun, ildo beretik ari dira lanean, eta herritarren segurtasunerako patruilek egiten duen prebentzio-lanaren ehuneko handi bat, % 30, indarkeria eta larderia bidezko lapurreten delituei eskaintzen diote. Gainera, Errefortzuko Brigadak egunero laguntzen die, eta noizbehinka Udaltzaingoarekin lan egiten dute. Hori guztia, informazioak eta analisiak ematen duen inteligentziarekin.

Ildo horretatik, urteko lehen seihilekoa amaituta, urtetik urterako datuek adierazten dutenez, % 20 inguru murriztu da 2012arekin alderatuta. Zifra pozgarriak dira, eta, erakusten dute bide onetik ari garela lanean. Nolanahi ere, ezin ditugu gure eguneroko zereginak ahaztu, ezustekorik txikienak ere horiek txarrerako aldatzea ekar baitezake.

Bilboko Aste Nagusia delituen bilakaeraren adierazle garrantzitsua izango da, batik bat indarkeria eta larderia bidezko delituena; izan ere, jaietan, mota guztietako delituen kopuruak gora egiten du, jende asko biltzen delako.

Ildo horretatik, Deustuko ertzain-etxeak arreta berezia eskatu die jende ugari biltzen duten festa-ekintzetan parte hartuko duten pertsonei, lapurretak –batik bat, telefono mugikorrenak eta diru-zorroenak– saihesteko.

Askotan, gaizkileek adinekoei kateetatik tira egiten diete etxera sartzen direnean. Hori, bada, Bilboko ertzain-etxeko agenteen kezka nagusietako bat da, eta ahalegin handia egiten ari dira hori prebenitzeko eta ikertzeko, eta egileak atxilotzeko. Gainera, delitu horiek saihesteko edo zailtzeko, oso garrantzitsua da herritarren laguntza; betiere, beraien segurtasuna arriskuan jartzen ez bada.

Azken hilabeteetan, delitu-modalitate berriak sortu dira; honako hau, esaterako: Europako ekialdeko talde antolatuek sinadurak eskatzen dituzte ongintzazko elkarte faltsuetarako, eta, ebasketak egiten dituzte, bai eta indarkeria bidezko lapurretak ere. 20 eta 25 urte arteko emakumeek egiten dituzte, eta karpeta bat eraman ohi dute sinadurak jasotzeko txantiloiekin. Biktimak, berriz, 70 urtetik gorako pertsonak izan ohi dira. Dirua lapurtu ohi diete, eta gero ohartzen dira gertatutakoaz. Beste batzuetan, txantiloian sinatu ondoren, maitekor tratatzen dituzte biktimak, eta gizonei sexu-organoak ukitzen dizkiete, kateak, erlojuak, eta abar lapurtzeko. Batzuetan, gainera, biktima gertatutakoaz ohartzen denean, ebasketa indarkeria bidezko lapurreta bilakatzen da. Inguruan, taldeko gizonak biltzen dira. Horiek babes-lanak egiten dituzte, eta autoren bat izaten dute denek alde egin ahal izateko. Talde horiek desegitea Unitatearen beste helburuetako bat da.

 

Lapurretak kutxazainetan

Azkenaldian, zenbait lapurreta egin dituzte Bilboko kutxazain automatikoetan. Horietan, bi gizon kutxazain automatikoan dagoen adineko beste batengana gerturatu dira, eta, azken honek txartela kutxazainean sartu eta gakoa jarri ondoren, bi gaizkileetako batek biktima gogaitu edo entretenitu du, buelta eman dezan, eta kutxazaina ikusi ez dezan –baliteke burua zerbaitekin tapatzea ere–. Beste gaizkileak, bitartean, 500 euro ateratzeko botoiari eman, eta dirua hartu du. Segidan, bi gaizkileak korrika joan dira. Kasuetako batean, biktima ohartu egin da, eta gaizkileek bultza egin diote.

Halakorik gertatzea prebenitzeko, itxi daitezkeen kutxazainak erabiltzea gomendatzen da, eta/edo bi kutxazain badaude, ondokoa hutsik egon arte itxarotea, eta/edo kutxazainera bakarrik ez joatea.

 

Etxeetako lapurretako delituak

Etxeetako lapurretak Bilboko ertzain-etxeko agenteen kezka handienetako bat dira, eta herritarren segurtasunerako patruilen denbora-zati handi bat horiek prebenitzeko da; zehazki, prebentzio guztiaren % 20. Bilakaera ona izan da, eta beherakada txikia (% 5) izan da aurtengo lehen seihilekoan; nolanahi ere, lanean dihardugu urte bukaeran emaitza hobeak lortzeko, ahaleginaren eta lanaren zailtasunaren jakitun. Ez da erraza delitu hori prebenitzea, eta herritarren lankidetza ezinbestekoa da; izan ere, zenbait errutina hartzeak nabarmen zaildu dezake lapurreta horiek egitea.

Horregatik guztiagatik, Bilboko Ertzaintzak etxeetako lapurretak prebenitzeko berariazko plan bat diseinatu zuen urtarrilean, 2013an aplikatzeko, eta horren helburu nagusia iaz zenbatutako lapurreta-kopurua murriztea da. Plan honek polizia-jardueraren esparru guztietan aurreikusten ditu ekintzan: gertakarien analisia, informazioa, ikerketa eta egileak identifikatzea, atxilotzea eta epailearen esku jartzea, eta, nagusiki, prebentzioa. Azken horren barruan sartzen da, bada, triptikoak banatzeko ekimena.

Plan honen barruan, fatxadetan aldamioak zituzten etxeetako lapurretak prebenitzeko maiatzean hasitako kanpaina sartzen da. Horri jarraiki, aholkuak eta Unitateko buruaren gutun bat –horretan, etxeetan bidegabeko arriskua gutxitzeko prebentzio-neurriak hartzea eskatzen zuen– zituen triptiko bat banatu zen. Kanpaina ez da oraindik amaitu, eta oraindik ere banatzen ari dira triptikoak aldamioak instalatzen dituzten eraikinetan.

Ikerketaren arloan, begizko ikuskaritza hobetzeko lanean dihardugu; zehazki, delitu bat egiten den tokian dauden elementuen bilketan; izan ere, elementuok gaizkileak identifikatzeko balio dezakete, eta susmagarriak epailearengana eramateko proba inkriminatzaile gisa balio dezakete.

Prebentzioaren berariazko arloan, hainbat mekanismo ezarri dira, batetik, delituak saihesteko, eta, bestetik, halakoak egitearen susmagarriak izan daitezkeenak topatzeko, eta berariazko prebentzio-planak egin dira, espezialista-taldeek bildutako eta aztertutako informazioa oinarri hartuta. Planok eboluzionatu egiten dute, analistek erregistratutako joera berrien arabera. Gainera, prebentzio-lanetan diharduten ertzainek berariazko prestakuntza jaso dute, sarraila mota ezberdinen funtzionamenduari eta mekanismoei dagokienez, bai eta tresnek etxeetako marko eta ateetan uzten dituzten markei dagokienez ere.

Prebentzioaren beste alderdi garrantzitsu bat erantzunkidetasuna da; hots, herritarrek segurtasun-ohiturak hartzea, gaizkileen lana zailtzeko eta poliziarena errazteko. Horri jarraiki, aldamioak instalatu dituzten erkidegoetako bizilagunei etxean lapurtzea prebenitzeko autobabeseko oinarrizko neurriei buruzko informazioa eman zaie; gainera, modu pertsonalean eman zaie, haien eta Ertzaintzaren arteko elkarreragina errazteko.

 

Pertsonen aurkako delituak

Ia ez da aldatu sexu-askatasunaren kontrako delituen kopurua: 28 kasu erregistratu dira aurtengo lehen seihilekoan, aurreko urteko tarte berean baino bat gehiago. Zifrak ez dira kezkagarriak, baina oraindik ere lanean dihardugu delitu horien eragina murrizteko. Arreta berezia jarriko zaio Bilboko Aste Nagusiari, Sanferminetan gertatutakoa kontuan hartuz. Orduan, sexu-erasoengatiko bost salaketa aurkeztu ziren, txupinazoan, emakumeei sexu-organoak ukitzeagatik.

Sexu-erasoak eta -gehiegikeriak prebeni daitezke, nolabait, beraz, garrantzitsua da parrandan bakarrik ez gelditzea; are gutxiago, alkohola edo drogak hartuz gero. Garrantzitsua da, halaber, etxeraino laguntzea; neskak bakarrik daudenean eraso ohi baitute gaizkileek.

Lesio-delituak ia % 7 murriztu dira, eta arma bidezko mehatxu-delituak, berriz, % 32. Horren harira, arma zuriak kontrolatzeko plana jarri zen abian maiatzaren amaieran. Asteburuetan eta jaiegun bezperan aplikatzen da, batik bat, Bilboko giro-inguruetan, eta bide publikoan egon daitezkeen arma zuriak antzeman eta hartzeko, hain zuzen ere, arma zuri bidezko lesio- eta mehatxu-delituak prebenitzeko. Ildo horretatik, esan beharra dago mota horretako armak ia % 8 igo direla urteko lehen seihilekoan.

Genero-indarkeriako eta etxeko indarkeriako delituen zifrak antzeko parametroetan mantentzen dira. Nolanahi ere, urteko lehen seihilekoan beherakada txiki bat (% 1,52) erregistratu da egindako espediente kopuruan: 394tik 388ra, hain zuzen. Ertzain-etxeko prebentzio-lana (eguneko prebentzioaren % 20; hortaz, 30.000 mila patruila-ordu baino gehiago urteko lehen seihilekoan) bizkartzainik eta kontrol-gailu telematikorik ez duten baina arriskuan dauden eta babeseko neurri judizialak aktibatuta dituzten emakumeak babestean datza. Gainera, arreta berezia jartzen zaie biktimen errutinei eta urruntze-aginduak urratzen dituztenak antzeman, atxilotu eta epailearen esku jartzeari. Patruilei eman zaizkien informazioak astean behin eguneratzen dira, prebentzioa ahalik eta eraginkorrena izan dadin.

 

Droga-trafikoko delituak

2013ko lehen sei hilabeteetan, drogak trafikatzeko eta banatzeko delituen prebentzioak eta errepresioak emaitza onak izan dituela esan daiteke. Izan ere, narkotrafikoaren kontrako hiru operatibotan, Bilboko ertzain-etxeko ikerketa-agenteek Marokotik zetorren 36 kilo haxix erretiratu dituzte guztira, baita Holandatik zetorren 11 kilo heroina eta Galiziatik zetorren kilo bat kokaina ere. Guztira sei lagun atxilotu dituzte gertakarion haritik.

Bilbon droga banaketaren kontrako borrokari dagokionez, lehendabiziko sei hilabeteetan 61 pertsona atxilotu dituzten guztira. Orotara, 288 alditan harrapatu dituzte substantzia estupefazienteak, 2012an baino askoz ere gehiago (170 izan ziren garai hartan, % 70 hazkundea, beraz).

 

Komunitate-bizitzako partaidetza

Urteko lehendabiziko seihilekoan, Ertzaintzaren Bilboko buruzagitzak bere presentzia garrantzitsu iritzitako foro guztietan parte hartzeko bidea egin du: bai jorratu beharreko gaiengatik, bai segurtasun-aditu gisa eman zitzakeen iritziengatik, bai Bilboko gaizkile-sarearen inguruan daukan jakintzagatik.

Alde horretatik, orpoz orpo lan egiten du Bilboko Udaltzaingoarekin, informazioa trukatuz, trebakuntza eskainiz edota operatiboak elkarrekin antolatuz. Politika horri esker, polizia-koordinazio handiagoa lortu da, eta herritar guztientzat ekarri ditu horrek onurak. Izan ere, herritarren segurtasunarekin lotutako auzi guztiak eraginkortasun handiagoz jorratzen dira.

Gainera, modu aktiboan parte hartu da Barrutietako Udal Kontseiluetan aurten orain artean, eta horrek ere onura bikoitza ekarri du. Alde batetik, bertatik bertara ezagutzen dira Bilboko auzoetako herritarrek planteatutako eskariak eta ezinegonak, eta prebentzio-politiketan elementu nagusi gisa kontuan hartzen dira horiek guztiak. Bestetik, beren barrutiko egoeraren berri ematen zaie, kriminaltasunari dagokionez, bilakaera eta joera... Azkenik, Ertzaintzak zer lan egin ditzakeen azaltzen zaie, eta horrek eragin zuzena du auziaren inguruan herritarrek dituzten itxaropenetan. Informazio-truke honek oso balorazio positiboa jaso du bileretan inplikatutako eragile guztien aldetik; izan ere, batzuetan ez dator bat segurtasun-sentsazioa datu errealetan oinarritutako errealitate objektiboarekin, eta horretan poliziak badu eraginik.

Azkenik, Bilboko Udaleko Gizarte Gaietako Sailarekin ere harreman zuzena da nagusi, baina baita herritarren segurtasunarekin lotutako beste batzuekin ere: judikatura, fiskaltza edota abokatutza. Horrez gain, Lanbiderekin ere lankidetzan dihardugu, gizarte-arretako lanetan profesionalak trebatzen. Horiei erakusten zaie Ertzaintzak zer filosofia, funtzionamendu eta arreta-mota dituen genero-indarkeriaren edota etxeko indarkeriaren biktima diren pertsonentzat.

 

Ikusgarritasuna eta gertutasuna

Ertzaintzaren 2016ko plan estrategikoaren ardatzetako bat hauxe da: Ertzaintzak 1982an sortu zenean zuen balioetako bat berreskuratzea eta indartzea, hain justu, herritarrengandik gertu egotea. Kalean ertzain gehiago egotea ahalbidetuko duen ekintza nabarmenetako bat Korrika izenekoak birdefinitzea da. Horien proba pilotuak jada Donostia, Bergara eta Zumarragako komisarietan egiten ari dira, emaitza onekin. Bilboko ertzain-etxea ere hasi da bitarteko hauek indartzen, eta oinezko patruila kopurua ugaritu egin du. Horrez gain, patruilok inguru berrietara eraman ditu, metrora eta metroaren hainbat geltokitara, esate baterako. Etorkizunean, lanerako metodo hau sustatzen jarraituko da modu jarraituan.

 

Herritarren kexak eta zorionak

Urteko lehendabiziko sei hilabeteetan Bilboko Ertzaintzaren komisarian 26 kexa kudeatu dituzte; iazko garai berean baino bat gutxiago. Ekimen honen bitartez, herritarrari zerbitzu hobea eskaintzea da helburua, aurkeztutako ekimen guztiei erantzunda. Kexak modu pertsonalizatuan artatzen dira, eta, gehienetan, herritarrek satisfazio-maila handia izan ohi dute. Hala, batzuetan polizia esku-hartzean izandako gaizkiulertuak ere argituta geratu ohi dira.

Ertzaintzaren profesionaltasuna eta dedikazioa, oro har, eta Bilboko ertzain-etxekoa, bereziki, nabarmenduta geratu dira jaso dituzten zortzi zoriontze ofizialekin. Zoriontze horiek beste zortzi ertzainari ere helarazi dizkiete, beren lan profesionala betetzearekin loturik. Horietatik lau herritarrek eurek emandakoak izan dira. Emaitza horiek harro hartzen ditu Ertzaintzak, eta Bilboko ertzaina guztiek herritarrei eskaintzen dieten zerbitzuaren indargarri dira.

 

Aste Nagusirako plan berezia

Bilboko jaietan delitu-kopuruak izaten duen gorakada nolabait minimizatzeko helburuarekin, Ertzaintzak indarrez eta intimidazioz egindako lapurretak saihesteko plan espezifiko bat ipiniko du abian. Era berean, sexu-erasoak saihesteko beste bat ere ipiniko du; hala, jaietako astean patruilak ugaritu egingo dira, eta ahalegin garrantzitsua egingo da.

Horretarako, jaietako gunearekin mugan dauden hamabi gune identifikatu dituzte, eta uniformatutako eta uniformatu gabeko patruilen prebentzio aktiboa izango da lan-sistema nagusia. Beren lana oinez egingo dute patruilok (Korrika), eta bereziki gatazkatsuak diren pertsonak identifikatu eta kontrolatuko dituzte, baita delitu egiteko susmagarri diren pertsonak ere, batez ere ondarearen eta pertsonen kontrako delitu gisa sailkatutakoak saihesteko.

Esku-hartze guneak aukeratzeko, aurreko urteetan gertatutakoak aztertu dira, eta, horren ostean, hainbat irizpide finkatu dituzte. Hala, jai-gunearen eta ikusgarritasunaren araberako irizpideak ere txertatu dituzte sailkapen horretan.

Operatiboan ertzain-etxeko agente guztiek parte hartuko dute: bai propioek, bai brigada mugikorrekoek, bai errefortzukoek. Ezarritako lan-metodologiaren helburua eraginkortasun handiagoa bilatzea da, bai delituak eta faltak saihestearen ikuspegitik, bai segurtasun-sentsazioa transmititzearen ikuspegitik. Hori dela eta, oinezko patruilak etengabe ibiliko dira, Korrika patruilen tankeran.

 

Gomendioak

.- Ez ireki ate-joka datozen ezezagunei, ezta atariko atea ireki ere edozer aitzakiarekin etortzen direnei. Dena dela, komenigarria da atezain automatikoari erantzutea, etxebizitzan norbait bizi dela adierazteko.

.- Atarira sartzean, ez utzi sartzen arrotzei edota ezezagunei.

.- Kontuan izan atariko atea ixtea, tankera honetako delitugileek atea ixteko tartea aprobetxatzen baitute biktimaren ostean higiezinean sartzeko.

.- Ez sartu atarietara, ohartuz gero barruan ezezagunen bat dagoela.

.- Atarira sartzean barruan ezezagunen bat dagoela ohartuz gero, ez sartu berarekin igogailuan eta irten ataritik ahalik eta bizkorren.

.- Ez eraman atentzio handiegia ematen duten bitxirik, delitugile hauek biktimak aukeratzeko hainbat irizpide izaten baitituzte: adina, hauskortasuna eta ikusteko moduan dituzten bitxiak.

- Bereziki bakarrik joanez gero, ez egin jaramonik kalean ezezagunek egindako eskakizunei, eta adi egon kontaktu fisikoekin.

- Kutxazain automatikoak erabiltzean, ixteko aukera ematen dutenak erabili. Itxaron harik eta barruan inor ez egon arte, baldin eta kutxazain bat baino gehiago badaude elkarren ondoan komunikatuta. Adineko pertsonen eta hauskorren kasuan, saiatu norbaitek lagunduta joaten.

- Tentu handiz ibili eta saihestu balio handiko objektuak eramatea pertsona ugari egotea aurreikusitako ekitaldietan.

.- Lapurreta eginez gero, saiatu jasotzen gaizkilearen ahalik eta datu gehien, ondoren errekonozimendu grafiko batean identifikatu ahal izateko. Kasu guztietan ere, garrantzitsua da salaketa ipintzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko