Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

1.970 kondena ordeztu dituzte komunitatearentzako lanekin 2013ko lehenengo sei hilabeteotan

2013.eko abuztuak 14

  • Delituak arinak dira, eta zirkulazio eta genero-indarkeriarekin lotuta daude gehienbat.
  • Epaiek edo epaitegiek espetxe-zigorrak komunitatearentzako lanekin ordeztu ditzakete, betiere zigor horiek bi urtetik gorakoak ez badira.

2013ko urtarriletik ekainera bitartean, guztira 1.970 pertsonak ordeztu dute beren kondena komunitatearentzako lanekin. Zerbitzua Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak kudeatzen du.

Guztiak delitu arinak izan dira, gehienak zirkulazioko arau-hausteekin lotutakoak. EAEn, orotara, bide-segurtasunaren esparruko 390 delitu trukatu dituzte komunitatearentzako lanekin.

Kasu horietan, arau-hausleek bide-segurtasunari buruzko prestakuntzako edo berreziketako tailer edo programetan parte hartu behar dute. Horietan, gidatze arduratsuaren inguruan kontzientzia hartzea lantzen dute, taldeko dinamiken bidez. Era berean, alkohol edo estupefazienteen eraginpean gidatzeak dakartzak arriskuen inguruan ohartarazi eta trafiko-istripuetako biktimenganako enpatia ere jorratzen dute, beste alderdi batzuen artean.

Tailer, programa edo ikastarook gehienez sei hilabete irauten dute, eta ostiral edo larunbatetan antolatzen dituzte. Helburua zigortutako pertsonaren ohiko gizarte eta laneko bizitza ez oztopatzea da.

Beste alde batetik, genero-indarkeriako delitu arinei dagokienez, zigorrak sarritan trukatzen dira komunitatearentzako lanengatik. 2013ko lehenengo seihilekoan, mota horretako 232 zigor aldatu dituzte.

Kasu horietan, zigortuek prestakuntzako edo berreziketako tailer edo programetan parte hartzen dute. Ikastarook zortzi eta hamar hilabete artean luzatzen dira. Saioak banakakoak izan badaitezke ere, gehienak taldekoak dira. Alde batetik, genero-berdintasunarekin lotutako guztian arreta jartzen dute, eta, bestetik, indarkeriaren autokontrola lantzen dute.

Ordeztutako gainerako zigorrak askotarikoak dira, baina arruntenak ebasketa, mehatxu edo lesioengatiko delituak dira.

ZIGORRAK ORDEZTEA

Komunitatearentzako lanak Zigor Kodeko 49. artikuluan araututa daude, bai eta maiatzaren 6ko 515/2005 Errege Dekretuan ere, komunitatearentzako lanak betearazteko inguruabarrak ezartzen dituena.

Epaiek edo epaitegiek bi kasu hauetan ezarri ahal dizkiete komunitatearentzako lanak arau-hausleei:

Espetxe-zigorra urtebete baino gehiagokoa ez denean, isun batekin edo komunitatearentzako lanekin ordeztu daiteke. Salbuespen moduan, gauza bera egin ahal izango da espetxe-zigorra bi urte baino gehiagokoa ez denean, delitugilea arrunta ez bada.

Zigortua kaudimengabea bada, epaiek eta epaitegiek komunitatearentzako lanekin ordeztu ahal izango dute isuna.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko