Berriak
Eu

Pampako euskal etxeek Euskadiren Argentina-Mercosur-eko ordezkariaren bisita jaso dute

2013.eko abuztuak 13

Sara Pagola Euskadiren ordezkariak Argentinako Panpa eskualdean dauden zenbait euskal etxe bisitatu zituen bost egunetan zehar. Bidaiak bederatzi herri hartu zituen 1.500 kilometrotan, hiri horietan kokatu baitira euskaldunak berrehun urtez. Euskal komunitatearekin izandako bileretan, ordezkariak bertatik bertara ezagutu zituen euskal etxe bakoitzaren kezkak, egitasmoak eta premiak, lehendakariaren mezua helarazi zien eta Jaurlaritzaren kanpo harremanen arloko ildo nagusien berri eman zien.

Buenos Aires probintzian eta 5. errepide nazionalean zehar —nekazaritza eta abeltzaintza ekoizpenak eta bertako esne arroak egin dute ezaguna eskualde hori—, Suipacha, Chivilcoy, Carlos Casares, Pehuajó, Bragado eta Trenque Lauquen-go euskal etxeetan bilduta hartu zuen euskal komunitateak ordezkaria. La Pampa probintzian Santa Rosa, General Acha eta Macachin-go euskaldunekin bildu zen.

Bidaia Suipacha-ko Gure Txokoako kideekin bilduz hasi zen; horko kideek adierazi zioten ordezkariari udalak utzi ziela lursail bat euskal etxearen egoitza soziala eraiki ahal izateko. Chivilcoy eta Pehuajó-n ordezkariak hitzaldi bana erabili zuen bi euskal komunitateokin hitz egiteko eta tokiko komunikabideek elkarrizketatu zuten. Santa Rosa hirian, bestalde, Norma Durango La Panpa probintziako gobernadore ordearekin eta Luis Larrañaga intendentearekin (alkatearekin) bildu zen.

Carlos Casares herrian, hango euskal etxe txikiko kideei adorea emateko baliatu zuen bisitaldia; izan ere, duela hilabete gutxi zendu zen euskal etxeko presidente eta alma mater Ricardo Bassagaitegui. Walter Torchio intendentearekin edukitako bileran, udal ordezkariak ziurtatu zien udaleko eraikin batean tokia utziko zietela euskal etxeak funtzionatzen jarrai dezan egoitza eraikitzen amaitu bitartean.

General Acha-ko Eusko Txokora egindako bisitan, ordezkariak aukera izan zuen euskal etxearen instalazioak eta zelaia ezagutzeko. Euskal etxeak herriko kirol gune gisa funtzionatzen du eta hango zelaian eskualde hartan garrantzitsua den jai bat egiten da: txahalaren jaia. Patagoniako atarian kokatutako herri horretan, Euskadi ezagutarazteko lanean jarraitzera eta Euskadiren balioen eredu izatera animatu zuen euskaldunen ondorengoek osatutako talde txikia Pagolak.

Macachin-en, berriz, Asociación Unión Vasca Euzko Alkartasuna-ren bulegoak ezagutu zituen; izan ere, euskal etxeak hotela ere badu eta 2015eko Euskal Aste Nazionala bertan hartzeko prestatzen ari da.

Bidaiaren azken bi geldialdiak euskaldunek Argentinaren kultura aberastasunari egindako ekarpenaren adibideak izan ziren. Trenque Lauquen-en, Raul Feito intendentearekin eta tokiko komunikabideekin bildu zen. Euskal Sustraiak euskal etxean bildutako euskal komunitatearekin izandako bileran, bestalde, Nestor Basterrechearen “Azul, blanca, azul. Viva la libertad” eskultura bisitatu zuen. Eskultura hori herri horretako Plaza Francian dago beste hainbat eskultore argentinarren lanekin batera, Argentinako azken diktadura militarrak Trenque Lauquen-en desagertutako pertsonen omenez.

Bragado-n Sara Pagolak hitzaldia eman zien tokiko euskal komunitateari eta Constantino antzokia bisitatu zuen. Antzoki hori 1912an eraiki zuen Ortuellan jaiotako tenoreak, Argentinara emigratu zuenean bera hartu zuen hiriaren ohoretan. Antzokia Argentinako garrantzitsuenetako bat da, nazioartean ospea duena kalitate akustikoarengatik eta edertasun arkitektonikoarengatik; birmoldatu ondoren, 2012an berriro inauguratu zuten ohorezko gonbidatu gisa Oskar Martinez Zamora Ortuellako alkatea bertan zela.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)