Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

"Open House", eraikinen iraunkortasuna baloratzeko tresna berria; Europar Batasunak eskuratu dezakeen baliabide askea, doakoa eta komuna

2013.eko abuztuak 09

Proiektua, orain amaitutakoa, 2010. urtean jarri zen abian, Europar Batasuneko I+Gren 7. Esparru Programak finantzatu zuen eta Visesaren (Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Saileko mendeko sozietate publikoa) eta Europako beste 17 kideren partaidetza izan du. Open Housen xedea Europa mailan eraikinen iraunkortasuna baloratzeko metodologia bat garatzea da, egun daudenak osatuko dituena eta modu eraginkorrean eraikin iraunkorren ebaluaziorako eta egiaztapenerako bidea emango duena.

Eraikinak neurri handi batean Europako kontsumo energetikoaren zati dira, horregatik horien iraunkortasuna hobetzearen alde egiteko garrantzia nabarmentzen da. Garatutako Open House tresnak aukera ematen du eraikin baten iraunkortasuna ingurumen-arloko ikuspegitik aztertzeko eta, beste baliabide batzuk ez bezala, gizarte eta ekonomia ebaluazioa gehitzen du eta eraikinaren bizi ziklo osoa hartzen du aintzat. Tresna web hori eskuragarri egongo da, erabilera erraza izango da eta Europar Batasun osoan aplikatuko da. Horrez gain, eraikinetan OPEN HOUSE metodologia erabiltzeak aukera ematen du Europako iraunkortasun etiketa bat lortzeko.

Metodologia hori definitzeko, OPEN HOUSE proiektuak kontsultarako prozesu irekia hautatu du eta bertan Europa osoko eraikuntza-prozesuko agente askok parte hartu dute (ikerketa zentroak, organismo publikoak, eraikitzaileak, ingeniariak, etab.). Euskadin Visesak proiektuaren baitan hainbat lan-pakete koordinatu ditu eta horietako batean Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) ekarpena izan du Bilboko Industria Ingeniarien Goi Eskola Teknikoan mintegi bat antolatzerakoan. Horrez gain, Visesak Ihoberen laguntza izan du Kontratazio Publiko Berdean Open House metodologiaren aplikazioa garatzerakoan.

Estatu, Europa eta nazioarte mailako iraunkortasuna baloratzeko zenbait metodologia gehitzea hautetsi da (hala nola, LEED, LENSE, BREEAM, GBTOOL, edo DGNB…), metodologia horiek osatzen dituzten adierazleak hobetuz, oraindik ebatzi gabeko beste batzuk gehituz (adibidez, irisgarritasuna, adierazleen zamaren ponderazioa eta aldagaiak –esaterako eraikin motak, metodologiaren erabiltzaile motak, klima, etab.-).


Orain Open House proiektua amaitutzat jo da. Hala ere, kideek -horien artean Visesak- tresnaren garapena jorratzen jarraitu nahi dute eraikuntzaren lan esparruan zabal dadin eta eraikinen iraunkortasunaren eraikuntza-prozesuan tartean dauden agente guztiak kontzientziatu daitezen.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau