Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura

Prentsan argitaratzen diren kirol albisteen %5,89 soilik ari dira emakumeen kirolaz

2013.eko abuztuak 09

 

  • Emakumeen kirolak prentsan duen presentziaz eta trataeraz azterketa egin du Eusko Jaurlaritzak
  • Prentsan emakumeen kirolari eskaintzen zaion lekua urria eta eskasa da, eta estereotipoek baldintzatua
  • Hedabideei bidaliko zaie azterketa, aintzat hartu eta hausnarketa egin dezaten

 

 

Gizonezkoen kontua da kirola hedabideetan. Horixe da Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak (Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren baitakoa) egin duen azterketaren ondorio nagusia. Horrez gain, txostenak dio oro har eta salbuespenak salbu, emakumeen kirolari ematen zaion lekua urria eta eskasa dela, eta sarritan topiko eta estereotipoek baldintzatzen dutela bere trataera.

 

"Emakumeen kirola: presentzia eta trataera orotariko euskal prentsan eta kirol egunkarietan" izenburupean, hamar egunkaritako kirol informazioa aztertu da: horietatik zortzi informazio orokorrekoak dira (Berria, Deia, Diario de Noticias de Álava, Diario Vasco, El Correo Álava, El Correo Bizkaia, Gara eta Noticias de Gipuzkoa) eta bi kirol egunkariak (Mundo Deportivo eta Marca). 52 egunez (2013ko apirilaren 10etik maiatzaren 31ra) emakumeen kirolarekin loturiko 1.548 albiste jaso dira.

 

Ondorioak

Aztertu den 52 eguneko tartean emakumeen talde, kirol edo kategoriak aipatzen dituzten albisteak %5,89 izan dira soilik, argitaratutako kirol albiste guztien artetik. Beste era batera esanda: argitaratutako kirol albisteen ia %95 (%94,11) gizonezkoen kirolaz edo gizonezko kirolariez ari dira soil-soilik. Kontuan izan behar da gainera, %5,89 horretan zenbatuta daudela emakumeen kirola protagonista izan gabe, albistearen txokoren batean aipatu besterik egiten ez duten berriak ere.

 

Espezializazio maila dela-eta kontrakoa pentsa baliteke ere, kirol kazetek ez diote arreta handiagoa eskaintze emakumearen kirolari. Alderantziz, laugarren lekuan (Mundo Deportivo) eta azken postuan (Marca) gelditu dira. Aztertu diren hamar egunkarien artean, Gara da emakumeen kirolari albiste portzentajerik handiena eskaintzen diona: %11,5. Azken lekuan Marca dago, %2,9-rekin. Hala ere, zifra absolutuei begiratuta Mundo Deportivo da emakumeen kirolari buruzko albisterik gehien argitaratzen duena: 421 albiste aztertutako epean.

 

Azterketak nabarmen utzi duen beste ondorioetako bat da lurraldetasuna erabakigarria dela albisteak argitaratzerakoan, bai emakumeen kirolean, bai gizonenean. Kirol gertaera edo kirolari bat zenbat eta hurbilagokoak izan, orduan eta errazago bihurtuko da albiste. Horrela bada, emakumeen kirolaz argitaratutako albiste guztien artean %70 Euskal Autonomia Erkidegoaren eremukoak dira; %21 Estatukoak, eta gainerako %9 nazioartekoak.

 

Emakumeen kirolaz argitaratutako informazio guztien %70 sei kirol diziplinatan banatzen dira: eskubaloia -besteekiko alde handiz-, futbola, tenisa, hockeya, atletismoa eta saskibaloia, hurrenkera horretan. Emaitza hau ondo ulertzeko, kontuan izan behar da, batetik, azterketa egin den tartean kirol modalitate askoren denboraldi amaiera izan dela, eta bestetik, eskubaloian Bera Berak, hockeyan Real Sociedadek eta futbolean Athleticek emaitza bikainak izan dituztela (ligako txapeldun izan dira lehen biak, eta txapeldunorde futbolariak).

 

Lekua eta nabarmentzea

Bestalde, azterlanak emakumeen kirolari eskaintzen zaion lekuari eta nabaritasunari ere jarri dio arreta. Ondorioek baina, leku urritasuna eta emakumeen ikusezintasuna azaldu dituzte. Adibidez, emakumeen kirolaz ari diren albisteetan, titularren %25,2-k emakumea ezkutatu egiten dute. Hau da, albisteak emakumeen kirola ere jaso arren, titularrean ez da emakumeen aipamenik ageri. Gainera, emakumeen kirolaz ari diren informazioen %35,7 bakarrik argitaratzen dira emakumeren bat ageri den argazkiz lagundurik.  Eta emakumeen kirolari buruzko titularra duten albisteen herena baino gehiago, %36,5  albiste laburrak dira. 31 kasutan soilik, hau da, kasuen %2,6-an jo da informazioa egunkariaren azalera eramateko adinako garrantzizkoa.

 

Portzentaje hauek guztiak emakumeen kirol albisteen %5,89aren gainean dira, eta ez egunkariek argitaratutako kirol albiste guztien gainean.

 

Berdintasun erreala eta eraginkorra

Jon Redondo Gazteria eta Kirol zuzendariak legealdi honetarako dituen 5 ildo estrategikoen baitan kokatu du gaur aurkeztu den azterketa. "Horien artean dago berdintasuna lortzearena, berdintasun erreala eta eraginkorra euskal kirolean. Emakumeek kirolean dituzten zailtasun eta diskriminazioei amaiera eman nahi diegu, baina ez soilik kirolean parte hartzeko garaian. Gestio, antolakuntza eta zuzendaritzan ere emakumeen presentzia areagotu nahi dugu", azaldu du. Etorkizunean ere gisa honetako azterketak egiten jarraitzeko asmoa azaldu du Jon Redondok, bilakaerarik ba ote den ikusteko. 

 

Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak azterketaren txostena eta ondorioak hedabideei bidaliko dizkie, aintzat hartu eta hausnarketarako erabil ditzaten, bertako profesionalen gai honekiko sentsibilizazioa helburu hartuta. "Espero dugu gaur hemen aurkeztu ditugun datuak etorkizunean anekdota izatea eta gure emakumezko kirolariek merezi duten tokia izatea komunikabideetan" esan du Gazteria eta Kirol zuzendariak.

 

 

Hedabideen erantzukizuna

Jon Redondo Gazteria eta Kirol zuzendariarekin batera, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria ere aurkezpenean izan da. Izaskun Landaidak azaldu du, Emakunden lantzen ari diren VI. Berdintasun Planaren helburu estrategiko bat dela "emakumeek kirol gehiago egitea sustatzea, umeak direnetik. Eta honetan badakigu zein eragin handia duten estereotipoek eta batzuei eta besteei ematen zizkien rolek. Eta hemen komunikabideek zeresan handia dute. Neskek ez badute erreferenterik, komunikabideetan ez badute emakumeen kirolari buruzko informaziorik aurkitzen, nekez pentsatuko dute kirola eurentzako aukera bat ere badela", azaldu du Landaidak.

 

Azkenik, Emakundeko zuzendariak beharrezko jo du "hedabideetako profesionalak genero ikuspegian formatzea", eta dei egin die komunikabideetako arduradunei. "Gogoratu nahiko nieke zelako ardura duten gu guztiok mundua ulertzeko dugun moduan, baina bereziki gazteengan duten eragina. Berdintasunean eraikitako gizarte bat eraiki nahi baldin badugu, denon ahalegina behar da, denon lana, baita komunikabideena ere" esan du amaitzeko.

 

Izan ere, azterketak nabarmen utzi du oraindik ere emakumeen kirolaren inguruan estereotipo kulturalek bizirik dirautela. Edertasuna, xamurtasuna, sinpatia, goxotasuna eta antzeko bertuteekin lotzen da emakumea, eta gizona aldiz indarra, potentzia eta profesionaltasunarekin. Ohikoak izaten dira, gainera, emakume kirolarien bizitza pertsonalaren inguruko erreferentziak ere (ezkondua, amatasuna, haurdunaldia, kirola familia bizitzarekin uztartzea...), eta inoiz euren lorpenak familiaren babesarekin ere lotu izan dira.

 

 

 

 

 

 

Bilbon, 2013ko abuztuaren 8an.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)