Berriak
Eu

Jaurlaritzak Legegintzaldi honetako Plan eta Jarduera esanguratsuen Egutegia helarazi dio Legebiltzarrari

2010.eko apirilak 13

Egutegiak barne hartzen ditu 48 Lege-proiektu, 23 gobernu-plan eta 51 jarduera esanguratsu

Gobernu Kontseiluak Legegintzaldi honetako Plan eta Jarduera Esanguratsuen Egutegia onartu du gaur goizean egindako bileran; Egutegi hori gaur bertan helaraziko dio Legebiltzarrari, berak tramitatu dezan. Idoia Mendia Jaurlaritzaren bozeramaileak egutegi honen garrantzia azpimarratu du, zeren eta, Legegintza Egutegiarekin batera, “gardentasun eta erregenerazio demokratikoa gauzatzeko tresna berri bat baita; izan ere, herritarrek bidea izango dute Jaurlaritzaren planak ezagutzeko, juzgatzeko eta neurtzeko”.

Eusko Jaurlaritzak Legegintzaldi honetako Plan eta Jarduera esanguratsuen Egutegia helarazi dio gaur Eusko Jaurlaritzari. Dokumentu horrek “modu ezin garbiagoan erakusten du Jaurlaritzak ekintza politiko planifikatua, koherentea eta koordinatua gauzatzen duela”. “Jaurlaritzak badaki zer nahi duen, badu programa bat legegintzaldiaren 3 urteetarako, denbora-tarte jakin bat zehaztu du, helburu gisa, programa hori gauzatzeko, eta adierazle jakin batzuk ezarri ditu gauzatuko ditugun plan eta jardueren eraginkortasuna ebaluatzeko”, azpimarratu du.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak asteko Gobernu Kontseiluaren ostean egin ohi den prentsaurrekoan agertu da. Gaurko bileran, Legegintzaldi honetako Plan eta Jarduera esanguratsuen Egutegiaz gain, zenbait neurri onartu ditu enplegua sortzeko eta mantentzeko; hala, 100 milioi euroko laguntzak bideratuko dira sektore estrategikoetako enpresentzat eta 26 milioi euroko laguntzak Gauzatu Industria programarentzat -oinarri teknologikoa duten enpresa txiki eta ertain berritzaileentzako programa-.

Egutegia ez da inola ere “dokumentu itxia”; aitzitik, “sortuz doazen plan berrien arabera egokituko da”, adierazi du bozeramaileak; gogoratu du, gainera, seigarren legegintzaldiaz geroztik ez zela dokumentu hau aurkezten, Legegintza Dokumentu bezala, “gardentasuna bermatzera zuzendutako funtsezko tresna” izan arren. “Aspaldiko ohitura bat berriztatzen ari gara, eta denbora-tarte jakineko konpromisoak jasotzen dituen egutegi bezala egiten ari gara; era horretan, haren jarraipena erraztuko diegu oposizioko taldeei eta herritarrei”, berretsi du.

Egunkaria kasua

Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du Egunkariaren itxiera inkonstituzionaltzat jotzen duen epaiak “bukaera ematen diola behar baino gehiago berandutu den prozesu bati”. “Geldoa den Justizia bere zuzentasun izaera galtzen hasten da”, azpimarratu du Mendiak. Bere esanetan, horrek “ezin konponduzko kalteak” ekarri dizkie egunkariko langileei, adierazpen eta informazio askatasunari, eta egiazko informazioa komunikatzeko eta jasotzeko askatasunari”.

Mendiak adierazi du Jaurlaritzak “erabat errespetatzen duela” epai hori, eta ez du baloratu nahi izan ea absolbitutako inputatuek konpentsazioa jaso behar ote duten jasandako kalteagatik. “Auzitegiek erabakiko dute ea pertsona horiek eskubidea ote duten kalte-ordainak jasotzeko, argi eta garbi jasan duten kalte horiek konpentsatzeko”, esan du azkenean.

 

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010-04-13n hartutako erabakiak

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Idoia Mendia