Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzaren Bilbo Eskualdeak irabazi du 2012ko Bikaintasunaren Saria Kudeaketa Publikoan

2013.eko abuztuak 02

Administrazio Publikoaren arloko saririk prestigiotsuena da

Sari hori Ogasun eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Ebaluazio eta Kalitate Agentziak antolatutako Kudeaketa Publikoko Kalitate eta Berrikuntza Sarien barruan sartzen da

Osakidetzaren Bilbo Eskualdeak errekonozimenduak jasotzen jarraitzen du bere kudeaketagatik. Oraingoan, Bikaintasunaren Saria eman diote Kudeaketa Publikoan, AEVALek (Ogasun eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren mendeko Ebaluazio eta Kalitate Agentzia) antolatutako Kudeaketa Publikoko Kalitate eta Berrikuntza Sarien 2012ko edizioaren barruan.

Sari hori espainiar estatuko zeinahi administrazio-publikotako mota guztietako erakundeei zuzendua dago eta beren errendimendu globalean bikaintasuna erakutsi duten erakunde publikoak saritzea du xede. Zehazki, honako alderdi hauek aztertzen dira: kontrol eta eraginkortasun ahalmena kudeaketa ekonomikoaren arloko zereginetan, eskura dituzten baliabideak, langile-plantillaren lana, publikoarekiko tratua edo zerbitzua, eta abar.

Sari horretarako eskubidea izateko hainbat baldintza bete behar dira, horien artean, kudeaketan aurrerapen-maila altua egiaztatzea. Osakidetzaren Bilbo Eskualdeak altxor handiak ditu, ordea, bere ibilbidean. Hala, bildu dituen sari ugarien artean aipatzekoa da finalista izan zela EFQMk (European Foundation of Quality Management) antolatutako 2011ko Bikaintasunaren Europako Sarietan.

Behin hautagaitza onartu zitzaionean, hurrengo urratsa memoria xehekatu bat aurkeztea izan zen, non Bilbo Eskualdearen kudeaketa-eredua azaltzeaz gainera, azken bost urteetan lortutako emaitzen berri ematen baitzen.

Aditu independentez osatutako talde bat arduratu zen berori ebaluatzeaz eta azterketa sakon bat egiteaz; hala, emaitzak kontrastatzera etorri ziren Eskualdera egindako bisita batean, memorian jasotakoa in situ egiaztatzeko xedez. Joan zen maiatzaren 22an, esate baterako, talde ebaluatzailearen ordezkaritza baten bisita izan zuen Bilbo Eskualdeak: Saralegi eta Mesedeetako Osasun Zentroak bisitatu zituen eta estamentu eta soslai profesional guztietako hogeitaka profesional elkarrizketatu zituen.

Azkenik, kategoria bakoitzean saria merezi dutenen izendapena Administrazioan edo kalitateko kudeaketan esperientzia aitortua duten hainbat pertsonak eratutako epaimahai bati dagokio.

Administrazio Publikoaren arloan Estatuko prestigiotsuena jotzen den sari hori bera Ekialde Eskualdeak irabazi zuen, 2010eko edizioan.

Bilbo Eskualdearen beste sari batzuk:

2006 - Kudeaketa Bikaintasunaren Zilarrezko Q-a (Euskalitek eta Eusko Jaurlaritzak emana)

2007 -  Berrikuntzaren Lehen Saria, Osasun eta Kontsumo Ministerioaren Kalitate Sarien barruan

2008 - Kudeaketa Bikaintasunaren Urrezko Q-a (Euskalitek eta Eusko Jaurlaritzak emana)

2009 - Gardentasunaren Saria Osasun eta Gizarte Politikako Ministerioaren Kalitate Sarien barruan

2010 - Avedis Donabedian Saria, Osasun Erakundeetan Gizarte Erantzukizunaren arloan izandako jarduerei buruzko informazio onenari

2011 - Best in Class Saria Estatuko Lehen mailako Arretako Zentro onenari

2011 - Osalan Saria Prebentzioaren Kudeaketa parte-hartzailearen arloan aitzindari den DEPARIS proiektuari

2011 - Europako Ingurumen Saria Enpresari, Garapen Jasangarrirako Kudeaketa kategorian (Enpresa Publikoa)

2012 - Best in Class Saria Estatuko Lehen mailako Arretako Zentro onenari

2012 - Avedis Donabedian Saria Lehen mailako Arretako Bikaintasunari

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau