Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua baimentzekoa. Gastuak finantzatuko duena: RENOVE planaren laguntza-deialdia, xedetzat dituena etxebizitza eta eraikinen birgaitze eraginkorra, Euskal Autonomia Erkidegoko ondare eraikian esku hartzeko proiektuak prestatzea, eta horien ondoriozko obrak egitea. (2013-07-30(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2013.eko uztailak 30

LABURPENA

ZORTZI MILIOI EURO INGURU BANATUKO DITU EUSKO JAURLARITZAK ETXE-JABEEK ZEIN UDALEK ETXEBIZITZA ETA ERAIKINAK IRISGARRITASUN- ETA ENERGIA-ERAGINKORTASUN IRIZPIDEAK APLIKATUTA BIRGAITU DITZATEN

Jabekide-elkarteen eta udalen esku 7,86 milioi euro ipiniko ditu Eusko Jaurlaritzak etxebizitza eta eraikinak irisgarritasun-, bizigarritasun- eta energia-eraginkortasun irizpideak aplikatuta birgaitzeko lanak finantzatzeko.

Neurri hori Etxebizitzak Berritzeko 2013-2016 planean aurreikusita dago, Jaurlaritzak Enplegua Berrindartzeko joan den maiatzean onetsitako Programaren esparruan. Plan berri horren laguntza ekonomikoak medio, EAEko 52.000 etxebizitza berritu ahal izango dira hurrengo hiru urteetan.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan Mari Aburtok hala proposatuta, laguntza-programa bat onetsi du gaur Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak EAEko etxebizitza eta eraikinak leheneratzeko, 6,06 milioi euroz hornitua.

Programara biltzen diren proiektuek erabilera nagusia etxebizitza duten eraikinak zein eraikin-multzoak birgaitzea izan behar dute helburu, bloketan bilduak eta 1980 baino lehenago eraikiak. Eraikinen irisgarritasun-, bizigarritasun- eta energia-eraginkortasun kondizioak hobetzeko izan beharko dute, egiten diren esku-hartzeetan jasangarritasun-irizpideak aplikatuta betiere.

Laguntza-programan parte hartzeko, esku-hartze proposamenek hainbat ezaugarri izan beharko dute, hala nola eraikinen eskaera termikoa urritzea (hartara kontsumoa ere murrizteko), eraikinen irisgarritasuna hobetzea kaletik etxebizitza guztietarako irisgarritasuna bermatuta, segurtasun- eta bizigarritasun-kondizioak hobetzea eta energia-kontsumoa monitorizatzea.

Laguntzen onuradunak jabekideen elkarteak eta etxebizitzen erakunde publikoak (munizipalak) izan ahal izango dira, betiere eraikinen jabeak direlarik, osorik zein zati batena, eta helburua alokairua baldin bada.

Plan beraren baitan, udalek zein toki-erakunde txikiek nahiz herri-onurako helburu soziala duten erakunde pribatuek irisgarritasun-planak egiteko nahiz eguneratzeko diru-laguntzak ere onetsi ditu gobernu-kontseiluak. Kapitulu horretarako 1,8 milioi euro inbertitzea erabaki du Jaurlaritzak.

Laguntza horien helburua da dagoeneko existitzen diren hiri-inguruetan, espazio publikoetan, eraikinetan, garraiobideetan ea informazio-sistemetan egokitzapen progresiboak ezartzeko planak egitea. Halaber izango da helburua hiriguneetan irisgarritasuna bermatzeko eta horretarako behar diren igogailuak oro har erosteko eta instalatzeko hobekuntza-lanak egitea.

Renove planaren barruko esandako neurri horiek gehitu egiten zaizkio Jaurlaritzak uztailaren 16an onetsitakoei, herri-babeseko etxebizitzen araubide juridikoaren inguruko jarduerak egiteari eta etxebizitza eta lurraren inguruko finantza-neurriei buruzkoak, 40,32 milioi euroko aurrekontua zutenak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau