Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Gobernuak 2,83 milioi euro bideratuko ditu gizarte ekonomia sustatzeko. (2013-07-30(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2013.eko uztailak 30

LABURPENA

Gaur, Gobernu Kontseiluak gizarte-ekonomia sustatzeko bost diru-laguntza lerro onartu ditu. Guztira 2,83 milioi euro emango ditu horretarako.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan María Aburtok hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak gizarte-ekonomiari lotutako ekintzailetza indartzeko eta lurraldean sektore horretako enpresak modu planifikatuan sustatzeko lehenengo diru-laguntzen lerroa onartu du. Bi helburu horiek erdiesteko, gobernuak 1,54 milioi euro bideratuko ditu. Lehenengo lerro horrek ondokoetarako diru-laguntzak hartzen ditu baitan:

1. Gizarte-ekonomiako enpresak eratzea, bai eta jada sortutako enpresak gizarte-ekonomiako enpresa bihurtzea.
2. Gizarte-ekonomiako enpresa baten eraketarekin zuzenean lotuta dauden sustapen-ekintzak egitea.
3. Bideragarritasun ekonomikoa eta finantzarioa zehazteko ikerketak egitea.

Atal horren barruan, halaber, ekintza-planak gauzatzea, lankidetzan, sortzean eta aberastasunaren banaketa ekitatiboan oinarritutako kultura ekintzailea hedatzea eta enplegua sortzea diruz lagunduko dira.

Bigarren lerroak beste xede bat izango du, EAEn garatzen diren gizarte-ekonomiaren alderdi jakinei buruzko prestakuntza- eta hedapen-ekintzak finantzatzea, alegia. Horretarako 402.000 euro bideratuko ditu gobernuak.

Hirugarrenez, kooperatiba eta lan-sozietateen kudeaketa hobetzeko laguntza teknikoko ekintzak egiteko 170.000 euro emango ditu gobernuak. Horren barruan sartzen dira, alde batetik, urteko kudeaketa plana garatzea eta ezartzea, eta, bestetik, kidetutako entitateei bermeak eman ahal izateko gizarte-ekonomiaren entitate gorenek aurrez gauzatu behar duten ikerketa ekonomiko finantzarioa egitea.

Laugarren lerroaren zenbatekoa 610.000 euro izango dira, eta EAEko gizarte-ekonomiako enpresa eta erakundeen elkartze-egiturak sendotzea izango du helburu.

1995an martxan jarri zirenetik, laguntzok oso garrantzitsuak izan dira gizarte-ekonomiako entitate eta horien bitartekari diren erakundeentzat. Izan ere, euren kanpoko harremanetan eragiteko ahalmena bermatzen eta beren sektorea erakunde mailan eraginkortasunez ordezkatzen lagundu diete, eta, orokorrean, kidetuen eskubide legitimoak hobeto babesteko ekintzak sustatzeko laguntza eman diete.

Azkenik, jaurlaritzak gizarte-ekonomiako enpresa-kideak hartzeko laguntza-programa mantentzea onartu, eta 115.000 euro zuzenduko ditu. Urteetan zehar, langabetuak, desgaituak eta nekazaritza eta abeltzaintzako ustiapenen jabeak laneratzea lortzeko oso eraginkorra izan da programa hori.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau