Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna

EEEk kudeatutako diru laguntzak 21,7M€ izan ziren 2012. urtean

2013.eko uztailak 30

Energia-eraginkortasuna, itsas energiak, baso biomasa eta mugikortasun elektrikoa izan ziren EEEren jarduera nagusiak iazko ekitaldian
  • Guztira, 3.900 eskaerari erantzun zioten diru laguntzek, energiaren aurrezpen eta eraginkortasun, garraio eta mugikortasun efizienteri lotuak gehienak.
  • 80 ibilgailu elektrikoren erosketa lagundu zen diruz, eta ibilgailu mota horiek kargatzeko Euskadi osoan 164 gune daude jadanik; horietatik, 102 pribatuak dira eta 62 publikoak.
  • Energia berriztagarrien alorrean, biomasa eta trukaketa geotermikoari lotutako instalazioak nabarmendu behar dira. Horretaz gain, bimep proiektuaren inguruko baimen administratiboak eskuratzeko faseak amaitu dira, eta 2013an instalazio obrak osatuko dira.
  • 2012ko ekitaldian Energiaren Euskal Erakundeak garatutako jarduerak ekitaldi horri dagokion urteko txostenean jaso dira; bertan, zehaztasunez azaltzen dira inbertsioak sustatzeko jarduerak, gauzatzen ari diren proiektuak eta laguntza programak. Ekitaldian burututako lan horietan guztietan eragina izan dute 3E2020 Euskadiko Energia Estrategia onartu izanak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantza Tapia EEEko presidente izendatu izanak.

    2012. urtean, Euskadiko industrian energiaren kontsumoaren jaitsiera egiaztatu edo konfirmatu zen; izan ere, kontsumo elektrikoak %7 egin zuen behera, 2011n izandakoaren aldean, eta krisia hasi zenetik metatutako jaitsiera edo murrizketa %17,5 da. Gas naturalaren kontsumoak, aldiz, %6,5 egin zuen gora, bi urtez behera egin ondoren. Era berean, A gasolioarena igo zen, erregaien kontsumoak %5,7 gora egitea ekarri zuena.

    Energia testuinguru horretan, energia-eraginkortasuna eta energia berriztagarriak sustatzeko EEEren diru laguntza programek 21,7 milioi euro eman zituzten, diru laguntza programa guztietara aurkeztu ziren 3.900 eskabideei baino gehiagori erantzuteko. Emandako diru laguntzaren zenbatekoagatik (9,9 milioi euro) zein aurkeztutako eskaera kopuruagatik, industrian eta eraikinetan energia-eraginkortasuna sustatzeko diru laguntzak azpimarratu behar dira; izan ere, programa horretara aurkeztu zen eskaera kopuru handiena, guztira, 1.400 eskaera. Garraioa eta mugikortasun efizientea bultzatzeko diru laguntza programa izan zen bigarrena eskabide kopuru aldetik. Hala, 1,9 milioi euroko aurrekontua duen programa horretara 1.102 eskaera aurkeztu ziren. Hain zuzen ere, Euskadin mugikortasuna hobetzeari eta ibilgailu elektrikoa sustatzeari begirako ahaleginak bildu eta islatzen dituen programan. 

    Energia berriztagarriak garatzeko proiektuei dagokienez, badira nabarmentzekoak diren egitasmo mugarri batzuen lanen aurrerapenak; esate baterako, Bizkaiko Armintza herriaren kostaldearen aurrean kokatuko den bimep izeneko proiektuarena, itsas energien bihurgailuak probatzeko eta erakusteko eremu baten instalazioan datzana; izan ere, egitasmoa gauzatzeko behar diren baimen administratiboak bideratu edo tramitatu egin ziren. Gainera, BIMEP SA sozietate publikoa eratu zen, Energiaren Euskal Erakundearen (%80) eta Instituto para la Diversificación y el Ahorro Energético, IDAE, erakundearen (%20) partaidetza duena. Instalazio lanak egiten jarraituko dituzte 2013. urtean zehar, eta ekitaldi honetan amaitzea espero dute. 

    Bestetik, azpimarratzekoa da baso biomasari emandako bultzada, biomasaren alorrean diharduten eragile ugarirekin aurrera eraman den lankidetzaren bidez, udal esparruan bero-sareak sustatzeko zenbait alternatiba baloratzeari begira, Biomasa, zalantzarik gabe, gure basoetan kantitate handietan dagoen energia iturri garrantzitsua da, eta, beraz, Euskadin energetikoki ustiatzeko aukera handia ematen du, baso biomasaren ustiapen maila handia lortu duten Europa iparraldeko herrien pare jartzeraino gure herria energia iturri horren aprobetxamenduan, hain zuzen ere.

    Eraikinak klimatizatzeko tenperatura baxuko geotrukaketaren garapenean ere aurrerapausoak eman dira Euskadin. Izan ere, diru laguntza programei esker, 80 instalazio baino gehiago martxan jartzen lagundu da; guztira, alor horretan dagoen potentzia instalatua 1.600 kW baino handiagoa da.

    Garapen teknologikoaren gaian, 2012ko ekitaldian garraioaren elektrifikazioa da nabarmendu behar den proiektuetako bat, asko aurreratu baita arlo horretan. Hala, EEEren diru laguntza programek 80 ibilgailu elektriko erostea ahalbidetu dute. Horrekin batera, ibilgailuak kargatzeko azpiegitura hedatzen eta handitzen lagundu jarraitu du EEEk, eta dagoeneko kargatzeko 164 gune daude Euskadin, 102 pribatu eta 62 publikoak. Bestetik, 2012ko uztailean, Ibilgailu Elektrikoaren Mugikortasun Zentroa inauguratu zen Gasteizen. Zentro berezi horren helburua da eraginkortasun handiko garraio elektrikoa herritarrengana hurbiltzea. Horretarako, ibilgailu elektrikoak erakusteko areto bat, proiekzioak egiteko gelak eta ibilgailuen bateriak nola kargatzen diren erakusteko eta azaltzeko guneak daude Mugikortasun Zentroan.  

    Azkenik, Bilbon eta Portugaleten sare elektriko adimendunak instalatzean eta martxan jartzean datzan Bidelek Sareak proiektua azpimarratu beharra dago. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak eta Iberdrolak sustatutako egitasmo horrek zabalkunde eta aurrerapen ikusgarria izan zuen 2012ko ekitaldian. Hala, iazko amaieran, aipatutako bi herri horietako etxeetan 82.000 kontagailu elektriko digital instalatuta zeuden. Horretaz gain, 360 eraldaketa zentrotan lanak egin ziren sare elektrikora egokitzeko. Proiektua garatzen jarraituko da ekitaldi honetan eta hurrengoan, guztira 230.000 kontagailu elektriko adimendun instalatzeko xedez 2014. urterako. Era berean, puntako teknologia elektrikoan euskal industriaren ahalmenak erakustea helburua duen showroom delakoaren ustiapenean urratsak egiten hasiko da.

    Oraindik ez dago iruzkinik
    Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan