Berriak Segurtasuna
Eu

Sei ertzainek hartuko dute parte Belfasten ospatuko den Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Txapelketan

2013.eko uztailak 29

Ertzaintzaren ordezkariek 82 domina lortu dituzte aurreko txapelketetan

Euskal ordezkaritza bihar, asteartea, uztailak 30, irtengo da Irlandako hirirantz abuztuaren 1etik 10era ospatuko den lehiaketan parte hartzeko. Orotara mundu guztitik heldutako 15.000 polizia eta suhiltzailek hartuko dute parte 56 modalitate ezberdinetan. Kontuan izan behar da, Olinpiar Jokoen ostean, parte-hartzaile gehien biltzen dituen kirol ekitaldia dela Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Txapelketa.

Ertzaintza txapelketan ordezkatuko duten sei kirolariek atletismo eta txirrindularitzako probetan hartuko dute parte. Atletismoari dagokionean, honako probetan ariko dira: maratoi erdia −banaka eta taldeka−, krosa −banaka eta taldeka−, 400 metro hesidunak, 400 metroak, 800 metroak, 1.500 metroak eta 4x100 eta 4x400 metroko errelebu lasterketak. Txirrindularitzari dagokionean, berriz, bi egunetan zehar egingo diren errepideko, erlojuz kontrako eta criterium probetan hartuko dute parte.

Ertzaintzaren ordezkaritzak esperientzia handia du antzeko txapelketetan eta bertako partaide guztiak kirolari federatuak dira. Horren erakusle, orain artean 82 domina lortu dituzte guztien artean eta munduko hiru errekorren jabe ere badira 3.000 metroko oztopo lasterketan eta 400 metro hesidunetan.   Taldea honako kirolariek osatzen dute: Aranzazu Saez, Itziar Saez, Jon Salvador, Aitor Etxeguren, Juan Carlos Murillo eta Joseba Mentxaka. Horietatik txapelketa gutxienetan parte hartu dutenak bitan izan dira jada Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Txapelketan eta badira ere dagoeneko zortzi ediziotan parte hartu dutenak. Hain zuzen ere, bada taldean 1999an Stockholm hirian jokatutako txapelketan izan zenik ere.

New Yorken 2011n egindako azken Munduko Txapelketan hogei domina lortu zituen guztira Ertzaintzaren ordezkaritzak: sei urre, hamahiru zilar eta brontze bat.

Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Txapelketa bi urtetik behin ospatzen da 1985. urtetik eta hurrengo edizioa Ameriketako Estatu Batuetako Fairfax hirian jokatuko da 2015ean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko