Berriak Lehendakaritza
Eu

Historiako Eusko Jaurlaritzarik "murriztuenak" zerbitzu publikoen kalitate-mailari "eutsiko" dio

2013.eko uztailak 30

Euskal sektore publikoaren mapa berriak % 26 erakunde gutxiago izango ditu, % 20 zuzendari gutxiago, eta 235 milioi euro aurreztuko ditu funtzionamendu-gastuetan

Iñigo Urkullu lehendakariak administrazio publikoak «eredugarri» izan behar duela adierazi du. EAEko Sektore Publikoa birdimentsionatzeko eta arrazionalizatzeko estrategia aurkeztu du lehendakariak, gobernuko bozeramaile Josu Erkorekarekin eta Ogasun eta Finantzako Ricardo Gatzagaetxebarria sailburuarekin batera, Gobernu Kontseiluan onartu ostean. Estrategia horrek % 22 baino gehiago murriztuko du sektore publikoaren mapa. Ekimen horrekin Jaurlaritzak «bete egin du» hartutako konpromisoa, lehendakariaren iritziz. Erakunde publikoak % 26 murriztea jasotzen du estrategiak (192tik 142ra); zuzendariak 47 gutxiago izatea (% 19,66 gutxiago), eta hirugarrenik, funtzionamendu-gastuak doitzea ere proposatu du Jaurlaritzak; hau da, 2013an 235 milioi euro aurreztea guztira.

Eraginik handiena Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak jasoko duela adierazi du lehendakariak, industriarekin lotuta baitago; halere, baliabide publikoen arrazionalizatze horrek «langile mugagabeetan eragin beharrean» zuzendaritzako pertsonengan eragingo duela gehitu du Urkulluk. Administrazio «txikiago bat» egongo dela nabarmendu du Urkulluk, baina kudeaketa modernoago bati esker, «zerbitzu publikoen kalitate-mailari eutsiko» diotela.  Proposamena Legebiltzarrera igorri dute jada, hartutako konpromisoa beteta.

Gobernu Kontseiluak, bestalde, 9,4 milioi euro eman ditu arrantza-sektorea laguntzeko. Laguntza horiek Europako Arrantza Funtsetik eta EAEko aurrekontuetatik datozela azaldu du Erkoreka bozeramaileak. Arrantzontzien barruko inbertsioetara, konpentsazio sozioekonomikoetara, merkatu berriak garatzera, sustapen-kanpainetara eta akuikulturara bideratuko da diru-kopuru hori.

Eusko Jaurlaritzak, halaber, ekonomia soziala eta kooperatiba eta sozietate laboralak sustatzeko bost laguntza-ildo ere onartu ditu. Xede horretara 2,8 milioi euro bideratuko dira, Josu Erkoreka bozeramaileak esan duenez.

Jaurlaritzak etxebizitzen zaharberritzean jarri du arreta-gunea. Datozen hiru urteetan zehazki 52.000 etxebizitza eta eraikin zaharberritu ahal izango dira irisgarritasun, bizigarritasun eta eraginkortasun energetikoko irizpideei jarraiki. Helburu hori betetzeko 8 milioi euro bideratuko dira, Erkorekak azaldu duenez.

Espainiako Gobernuaren eta autonomia-erkidegoen arteko Zerga eta Finantza Politikako Kontseilua egingo da bihar, haien defizit-helburua aztertzeko.  Foro horretako parte-hartzea Estatuarekin Ekonomia Itunaren batzorde mistoan lortu beharreko «aldebiko akordioaren» mende egongo dela erantzun du Ogasun eta Finantzako Ricardo Gatzagaetxebarria sailburuak. Euskadiren kasua oso bestelakoa dela azaldu du Gatzagaetxebarriak, eta lehenik aldebiko akordio bat egon beharko dela aurrerago Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluan beste gai batzuez mintzatu ahal izateko. «Negoziazioak aurrera» doazela onartu du sailburuak, baina zuhurtasuna eskatu du elkarrizketek emaitza izan arte.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2013.07.30)

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)