Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzak Sektore Publikoa Birdimentsionatzeko Plana aurkeztuko du «enpleguari eusteko» konpromisoarekin

2013.eko uztailak 29

Josu Erkoreka bozeramaile eta Administrazio eta Justiziako sailburuak baieztatu duenez, Sektore Publikoa Birdimentsionatzeko Planak «ez du enplegu-murrizketarik ekarriko» administraziora. Erkorekak gogorarazi du Plan honek Eusko Jaurlaritzaren inguruan dauden erakundeak «orraztu» eta «errepasatu» nahi dituela, administrazio publikoaren sarea «argitze» aldera. Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak «fusioa» edo «xurgatzea» proposatu ditu planteamendu hori gauzatzeko formula gisa. Erkorekak esan duenez, lehendakariak kargu hartzeko hitzaldian iragarri zuen proiektu hori, sektore publikoaren % 20-25 murrizteko ideiarekin. Eusko Jaurlaritzak biharko Kontseiluan onartuko du Plana.

Josu Erkoreka bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburua Onda Vascako «Euskadi Hoy» programan izan da gaur goizean. Eusko Jaurlaritzak gaur ontzi-sektorearekin izango duen bilera, fiskalitateari buruzko elkarrizketak eta «Bárcenas kasua» deitutakoa izan dituzte hizpide.

Eusko Jaurlaritza ontzi-sektoreko hainbat kiderekin bilduko da gaur. Erkorekak esan duenez, Europako Batzordearen ebazpenaren ondoren, sektorearekin «batera» lan egiteko eta Batzordeak bermatutako tax-leaseren sistema berria «balioztatzeko» unea da. Erkorekaren aburuz, laguntza fiskalak itzultzea erabakitzen duen ebazpena errekurritzeko erabakia «Espainiako gobernuarena da soilik» eta oraindik «denbora dago», irailaren 28ra arte, errekurtsoa egituratzeko. Nolanahi ere, lana aurrera daiteke. Erkorekak Rajoyren gobernuari eskatu dio inbertitzaileek «zer kopuru» itzuli behar duten kalkulatzen hasteko, eta berriro esan du Espainiako gobernuak diru hori ontzi-sektoreari «itzuli» beharko liokeela.

Elkarrizketan, Euskadiko Alderdi Sozialistak eta Euskal Alderdi Jeltzaleak fiskalitateari buruz dituzten elkarrizketen inguruan galdetu diote Erkorekari. Eta, onartu duenez, «aurrera doaz» eta emaitza uda ondoren jakingo dugu. Sailburuak nabarmendu duenez, akordiorik egongo bada, horrek «adostasun-bokazioa» izango du; hots, euskal alderdi gehiago hartu ahalko lituzke. Esan du, halaber, «logikoena» zerga arloan akordioa egitea litzatekeela, baina baita gastuen arloan, aurrekontuetan, ere. Bozeramaileak ez du xehetasun gehiagorik eman nahi izan; izan ere, «Jaurlaritza ez da elkarrizketon protagonista».

Erkoreka sailburuak gogorarazi duenez, gainera, arratsalde honetan Iñigo Urkullu lehendakaria Santiago de Compostelan izango da asteazkenean gertatutako tren-istripuko biktimak gogoratzeko hiletan. Eusko Jaurlaritza Galiziako Xuntako presidentearekin harremanetan izan da uneoro «bere esku beharrezko baliabide guztiak jartzeko». Erkorekak adierazi du Jaurlaritza istripuan hildako bi euskaldunen senideekin harremanetan jarri dela, eta dolumina helarazi diela biktimen senide guztiei.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)