Berriak Lehendakaritza
Eu

Egunkaria auziaren epaia

2010.eko apirilak 13

 

Audientzia Nazionaleko zigor-arloko lehen sekzioak, gaur jakinarazi duen epaian, Joan Maria Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Xabier Oleada eta José María Auzmendi, egozten zitzaizkien delituak zirela-eta, absolbitu egin ditu. Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak honakoa adierazi nahi du:

  • Lehenengo eta behin, erabaki eta prozedura judizialak erabat errespetatzen dituela, eta sinistuta dagoela epaileak eta auzitegiak direla gure oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak benetan bermatzen dituztenak, eta erabaki honek horrela erakutsi du.
  • Absoluzio-epaiak denboran nahi baino gehiago luzatu den prozesua amaitutzat joko duen esperantza daukala. Ezin baita ahaztu oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak benetan babesteko auzitegiek arinago eta lehenago erantzun behar dutela, eskubide indibidual zein kolektiboetan, erremediorik eta justifikaziorik ez duten kalteak eragin nahi ez badira.
  • Epaian adierazitako printzipioekin guztiz ados dagoela, informaziorako eta adierazpenerako askatasunak eta informazioa eman eta jasotzeko eskubideak estatu demokratiko baten oinarri direlako. Askatasun eta eskubide horiek babesteko, edozein mugaketaren aurrean, interpretazio murriztailea egin behar da, are gehiago kautelazko neurriak badira, eta batez ere, mugaketa horiek "de facto" egunkari bat behin betiko ixtea badakarte.
  • Pozik dagoela akusatuek, legeak ezarritako defentsa-baliabideak erabilita, errugabe direla frogatu ahal izan dutelako.
  • Euskaldunon Egunkaria ixteak euskal herritarrei kezka nabaria eragin diela, demokrazian aparteko neurria delako komunikabide bat ixtea, are gehiago epaian egiaztatu denean egunkari horrek ez dituela zuzenean edo zeharka ETA talde terroristaren ideiak defendatu.
  • Jaurlaritzak poztu egin dela bost pertsona horiek absolbitu dituztelako, eta urte hauetan, hainbat esparru politiko, sozial eta kulturaletatik, gizalegez eta modu guztiz demokratikoan, beren elkartasuna adierazi dietenen poztasunarekin bat egiten duela.

 

Iruzkin bat
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan