Berriak Lehendakaritza
Eu

Baztarrikak ziurtatu du egiazko elebitasuna gaur oraindik helburua dela eta ez errealitatea

2013.eko uztailak 29

Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Euskal Autonomia Erkidegoko euskararen egoerari buruzko txostena aurkeztu du gaur. Bere ustez "desorekatua da gaur egun dugun elebitasun soziala". Elebitasun sozial orekatua eraikitzeko. sailburuordearen hitzetan, "interbenitu egin behar da nahitaez, baldintza soziolinguistikoak aldatzeko neurriak hartu behar dira, eta neurri horiek ahalik eta adostasunik handienarekin eta gizartearen gogo eta ahalbideen arabera hartuak izan behar dira".

Euskararen bilakaera sozialak hala erakusten duela azaldu du Baztarrikak: inkesta Soziolinguistikoak EAE, Nafarroa eta Iparraldean euskarak 20urtean izan duen bilakaera erakusten du: euskararen ezagutza oso sendo, eta erabilera apalago baina nabarmen hazi dira EAEn, oso apal Nafarroan, eta Iparraldean hiztunak galtzen segitzen du euskarak. Lege estatusari, hizkuntza politikari eta herritarren atxikimenduari dagokionez alde handia baitago hiru lurraldeen artean. Horrek esplikatzen du hiru lurraldeen arteko alde ikaragarria. Interbentzioa non, elebitasun handiagoa han

 

LAN HONI EKITEKO BULKADA

Jakin-min soziolinguistikoa: Zer ote da euskarazko gaitasun eta hizkuntza horren erabilera zein iritzien atzean dagoena? Zein dira hiru dimentsio horiei lotutako norberaren eta gizartearen ezaugarriak?
Jomuga: Euskarak etorkizun oparo izan dezan behar den giro mota mikro-soziala ezagutzea. Egoera horretara iristeko bidea zein izan litekeen arakatzea.

AZTERKETARAKO IRIZPIDE ETA MAKULUAK

Gaitasuna, erabilera eta iritziak aztertzeko erabilitako 16 aldagaiak, 5 bloketan multzokatuta:
•    Aldagai sozio-demografikoak:  Sexua, Adina, Jatorria.
•    Hiru testuinguru soziolinguistikoa: Familiako kideekin, lanean edo ikastetxean, eta lagunekin hitz egin ohi den hizkuntza.
•    Iritzizko edo jarrerazko aldagaiak, euskararen egoeraz eta hizkuntza politikaz.
•    Hizkuntza-transmisioa: Familian, hezkuntza sisteman eta euskaltegian.
•    Ideologia eta nortasun politikoa: Ezker/eskuin  eskala eta Abertzale sentimendua.
Metodoa: Ahalegin arakatzaile gisa uler daitekeen lanketa honek analisi estatistikoak baliatu ditu.

ZENBAIT EMAITZA AIPAGARRI

Euskarazko gaitasunaz:

Ahozko gaitasuna lotua agertzen da, batez ere, testuinguru sozialeko erabilerari (familia, lantoki edo ikasketa, eta lagunartekoari). Hizkuntzaren transmisiorako eragileak ere (gurasoen hizkuntza nagusia, ikasketen hizkuntza eta eskolaz kanpo euskara ikastea) garrantzitsuak dira bigarren mailan bada. Ez dute harremanik: sexu, ideologia eta identitate politikoak.
•    Familia euskaldunek euskara helarazten dute gehienetan, eta modu eraginkorrean.
•    Familia mistoen –gurasoetako bat elebiduna eta bestea gaztelaniako elebakarra direnen‑ kasuetan, euskararen transmisioa ez ohi da familia euskaldunena bezain osatua. Horren ondorioz, transmisio ahulagoa gerta liteke familia horietan euskarak babes eta ahalegin berezirik izan ezean.

EAEko familia gehienak erdaldunak  izanik, hezkuntza sistemak:
•    Garrantzia handia du euskararen transmisioan, neska-mutil askok euskara ikasteko bide bakartzat dutelako. Halere, transmisioa ahulagoa da familia bidezkoa baino. Horrela, gurasoek hizkuntza nagusia gaztelania izan eta, hala ere, seme-alabak elebidunak izatera iritsi direnen kasuak soilik aztertuta, hizkuntza ereduek ez dute bermatzen gehiengo batentzat euskara eta gaztelaniaren elebitasun orekatua.
Beraz, euskara eta gaztelaniaren arteko elebitasun orekatura bermatzeko, kasu gehienetan bi baldintza hauek batera behar dira: euskarazko ereduan ikastea gehi familia bidezko transmisioa –soilik edo gaztelaniarekin batera-.

Euskararen erabileraz:
Hizkuntzaren erabileraz, hiru esparru aztertu dira: familia, lana edo ikasketak eta lagunartea:
•    Hiru eremu horietako euskararen erabilerek lotura handia dute elkarrekin, beste aldagaienaren aurretik.
•    Askoz leku zuhurragoan geratzen dira aldagai subjektiboagoak: hizkuntzaren gaineko iritziak eta jarrerak zein kokapen ideologiko eta identitarioak.

Azken buruan, EAEn badaude euskara erabiltzea oztopatzen duten hainbat baldintza:
•   Gizarteko elebitasuna desorekatua da: batzuek bi hizkuntza ofizialak jakin eta hitz egiteko gai badira ere, gainontzekoek gaztelania bat baino ez dakite. Horrek mugatzen du hiztunen eskubidea hobesten duten hizkuntza erabiltzeko.
•    Gainera, norberaren elebitasun desorekatua gailentzen da ‑elebidunen portzentaje handi batek errazago egiten du gaztelaniaz euskaraz baino‑, eta berezko joera izaten da errazagoa egiten zaien hizkuntzan hitz egitea.

Horregatik da garrantzitsua euskararen aldeko motibazioak, iritziak eta jarrerak ere aztertzea. Izan ere, euskararen egoera sozial gutxitua dela medio, elebidunek soilik erabiliko dute euskara hizkuntza horrenganako bulkada handiagoa dutenean ‑dimentsio motibazionala eta emozionala- edo/eta gaitasun handiagoa dutenean ‑dimentsio kognitiboa-. Horiek guztiek euskarak ingurumari sozialean egun dituen zailtasunak gainditzeko bide emango diete-eta. 

Motibazioei eta iritzi-joerei buruz:
Lau dira inkesta horretako emaitzen harira argi eta garbi osatu diren iritzi-joerak:  Euskaltzalea; euskararekiko Mesfidatia; euskararen Onarpen Pasiboarena eta, azkenik, euskarari Abantaila Soziala antzematen diona.
Estatistikoki baieztatzen da iritzi-joera Euskaltzalea eta Mesfidatia ongi berezitutako testuinguru soziolinguistiko –edo subkultura- ezberdin banatan oinarritzen direla, kontrajarriak ere izan daitezkeenak, EAEko unibertso soziolinguistikoaren aurkia eta ifrentzua balira bezala:
•    Euskaltzalea iritzi motan ugariagoak diren aldagaiak: euskara jakitea; hizkuntza hori familia eta, bereziki, ikasketen bitartez ikasi izana.
•    Mesfidatien iritzi motaren ezaugarri aipagarrienak: sozio-demografikoak (64 urtetik gorakoa eta, gutxixeago, etorkina izatea); familia eta, bereziki, ikasketen hizkuntza gaztelania izatea eta, batez ere gazteen artean, euskarazko gaitasun eza.
Bi faktore horiek erakusten dute lotura sentimendu abertzalearekin –positiboa Euskaltzale faktorearentzat eta negatiboa Mesfidatiarentzat-. Harreman hori desagertzen da gazteengan.
•    Onarpen Pasiboa iritzi motan nabarmentzen dira 46 urte edo gehiago dutenak eta immigranteak.
Onarpen Pasibo iritzia aurreko bi ikuspegi horien distantziakidea da eta, euskarari dagokionez, jarrera axolagabea hartzen du, egiten dena pasiboki onartuz eta, orokorrean, ontzat emanez, baina bizipen eta lotura afektiborik gabe.
Hiru joera horiek argumentu-ardatz beraren parte dira: mutur batean iritzi Euskaltzalea eta bestean Mesfidatia, Onarpen Pasiboa bien artean kokatzen delarik. Ardatz hori da euskararen gainean, EAEn, dagoen iritzi eta jarreren egitura nagusia: <Defentsa/ Axolagabekeria/ Arbuiatzea>.
•    Abantaila Sozialen iritzi motan aldagai soziodemografiko bat nagusitzen da: 46 urte edo gehiago izatea.
Abantaila Sozialen joera independentea da lehenengo hiru iritzi-joerek osatzen duten ardatzetik, eta agerian jartzen du euskararen historia sozialean ezohikoa izan den dimentsio bat: euskara jakiteak dakarren sari soziala. Euskarari buruzko gizarte diskurtsoaren zati txiki bat baino ez du betetzen Abantaila Sozialenak, euskarak pairatzen duen egoera gutxituaren eraginez.

Azken gogoetak
Azterketak erakusten du elebitasun indibidual eta gizarte-elebitasun orekatuak lortzeko ez dela nahikoa hizkuntza baten dimentsio subjektiboan (balioetan, iritzietan eta jarreretan) esku hartzea. Izan ere, hizkuntza-gaitasuna zein erabilera lotuago daude elementu soziolinguistiko objektiboetara (gaitasun erlatiboa, transmisio eragileak, erabilera inguruneak, bizi-zikloa; abantaila sozialak…) subjektiboetara baino.
Dena den, burugabekeria litzateke subjektibotasunaren eragina errotik ukatzea. Gainera, baldintza objektiboen indartzeak baldintza subjektiboen hobekuntza ekarriko luke. Alegia, Abantaila Sozial deitu den irudi sozial pragmatikoagoa –ez ideologikoa edo sinbolikoa‑ indartu eta zabalduko litzateke.
Beraz, euskararen aldekoagoak diren baldintzak, indibidualak (elebitasun indibidual orekatua) zein sozialak (gizarte-elebitasun orekatua) sortuz eta denboran zehar mantenduz bakarrik lortu daiteke:
a)    Gaztelaniaren aldekoa den gizarte-elebitasunak pixkanaka euskara ordezkatu eta desagertzeraino eraman dezan ekiditea.
b)    EAEn dauden bi hizkuntza ofizialen arteko oreka erreal ‑ez soilik legal‑ batetara eramatea.
c)    Modu horretan, legearen betetze maila handiagoa ahalbidetzea.
d)    Gaur egun EAEko biztanleriaren zati baten ondarea baino ez den euskara, biztanleria osoarena ere izan dadin ahalbidetzea.
e)    Biztanleria osoari bermatzea hizkuntza bat edo bestearen hautua askatasun osoz egiteko ahalmena ‑harreman pertsonaletan, sozialetan zein profesionaletan‑, mota ezberdinetako hizkuntzarengatiko diskriminazio egoerak ekidinez.
f)    Modu horretan, bizikidetza harmoniatsu batetarako oztopoak gainditzeko baldintzak indartuko lirateke, gizartearen gehiengoarentzat.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Martinez de Luna