Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak zentralista eta uniformizatzaile irizten dio gaur Madrilen egindako sektoreko batzarrean onartu den Nekazaritza-politika Bateratuaren kudeaketa-ereduari

2013.eko uztailak 26

Euskal Autonomia Erkidegoaren nekazaritzako eta landa garapenerako eskumenak mugatzen ditu

Uztailaren 24 eta 25ean egin da Nekazaritzako Sektore Batzarra Madrilen, Espainiako 2015-2020 aldirako Nekazaritza-politika Bateratuaren Erreformaren aplikazioa aztertu dena. Bertan izan dira Ricardo Gatzagaetxeberria Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantzako sailburua eta Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea.

Egun eta erdiz 2015-2020 aldirako Nekazaritza-politika Bateratu berria kudeatzeko irizpideak ezartzeari buruz eztabaidan aritu dira ministerioko ordezkariak eta Espainiako autonomia erkidego guztietakoak eta, azkenean, Sektore Batzarrak Arias Cañete ministroak igorritako hasierako proposamena onartu du, Euskadi eta Katalunia ados egon ez arren.

Eusko Jaurlaritzak, hala bileran nola bileratik kanpo, zentralista eta uniformizatzaile iritzi dio eredu horri eta, gainera, argi dauka Euskal Autonomia Erkidegoaren nekazaritzako eskumenak edukiz husten dituela eta landa- eta sektore-garapenerako politikak behar bezala kudeatzea zailtzen duela.

Erabaki horren aurrean, eta Estatuak bere jarrera malgutzeari muzin egin diola ikusita Europako araudiek horretarako aukera eman arren, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailek honako hau adierazten dute:

  • Eusko Jaurlaritzak Nekazaritza Ministerioaren jokabidearen mamia eta azala kritikatzen ditu eta aipatutako Sektoreko Batzarrean onartutako akordioei bizkar ematen die.
  • Eusko Jaurlaritzaren iritzian, ezin onartuzkoa da Estatuko Nekazaritza-politika Bateratua erreformatzeko ereduaren aplikazioari buruzko erabakia Sektoreko Batzarrean eztabaidatzea; izan ere, Sektoreko Batzarraren erabakimenaz kanpo dauden funtsezko eskumen-alderdi askori eragiten die aipatutako erreformak.
  • Gogoan izan behar da Euskal Autonomia Erkidegoak bere lurraldean aplika daitekeen nekazaritza-politikaren gaineko eskumen osoa duela, baita eskumen horiek gauzatzeko borondate politikoa ere, bere kudeaketa-esparruan Nekazaritza politika Bateratuaren erreforma aplikatzeari dagokionez, bai baserritarrei emandako zuzeneko laguntzetan, bai landa- eta sektore-garapenerako egiturazko laguntzetan, erreformatik eratorritako arau-esparruan ezarritako mugak baino ez beteta.
  • Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren iritzian, ezin da erabaki estrategikorik hartu Sektoreko Batzar horretan, batzarraren beraren oinarrizko araudia oraindik osatu gabe dagoela aintzat hartuta. Halaber, ezin onartuzkoa da Sektoreko Batzarrean alderdi zehatz batzuk itxitzat jotzea aurkeztutako proposamenak gure nekazaritzan eta landagunean izan ditzakeen eraginak aurrez aztertu gabe. Gogoan hartu behar da Euskadin estrategikoa den sektoreak datozen 7 urteetan izango duen finantza babesaren eskema kolokan jarri dela.
  • Sektoreko Batzarrean, Eusko Jaurlaritzak errespetua galdatu du eskumen esparruarekiko, hala nola Estatuan ezarri beharreko Nekazaritza-politika Bateratuaren erreformaren aplikazio-ereduak ez ditzala kaltetu Euskadiren eskumen legegile, exekutibo eta kudeaketakoak; Sektoreko Batzarrak ezezkoa eman dio eskaera horri.
  • Batzar horretan onartutako akordioak gure sektorearen interesen aurkakoak direnez, eta gure eskumen-gaitasuna alde batera uzten dutenez, Eusko Jaurlaritzak egoki iritzitako ekintzak gauzatzeko eskubidea izango du
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)