Berriak Osasuna
Eu

Osasun Sailak eta Osakidetzak Osasun Eskola abiarazi dute

2013.eko uztailak 26

Pazienteei, zaintzaileei eta herritarrei trebakuntza eta informazioa eskainiko dizkie zerbitzu berriak, osasuna eta/edo eritasuna kudeatzeko eta haren gaineko erabakiak hartzeko orduan ahalik eta hoberen jardun dezaten.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak osasunaren sustapenarekin eta prebentzioarekin zein pazienteen beraien ahalduntzearekin egindako apustuaren eta konpromisoaren barruan sartzen da Osasun Eskola.

Pazienteei, zaintzaileei, profesionalei, pertsona osasuntsuei eta herritarrei oro har informazioa eta trebakuntza emateko helburuz sortu da Osasun Eskola, osasuna atxiki edo bultzatzearren, eta haiek guztiek osasunean edo eritasunean eragiten duten erabakiak modu arduratsuan har ditzaten.

Osasun Sailak eta Osakidetzak abiarazitako zerbitzu berriak Osasun Sailaren ildo estrategiko honi erantzuten dio: esparru guztietatik osasunaren kultura lantzea, hartarako osasuna bultzatzeko eta eritasunak prebenitzeko politikak garatuz, bai eta herritarra eragile aktiboa, kontzientziatua eta osasunarekin konprometitua bihurtzeko tresnak ere.

Osasuneko sailburu Jon Darpónek hauxe ere nabarmendu du horren gainean: «Pazienteen eta haien inguruko pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko balio izango du Osasun Eskolak. Gure osasunean eragiten duten alderdietan guztiok parte har dezagun bultzatzea funtsezkoa da. Legegintzaldi honetako helburuetako bat herritarren parte-hartzea eta bizi-ohitura osasungarriak bultzatzea da, guztion artean, baita erakundeetatik ere, osasuna egiteko gauza izan gaitezen».

Anjel Irastorza paziente aktiboa da, eta Osasun Eskolako trebatzaile gisa kolaboratzen du. Bere esanetan, trebakuntza eta informazioa edukitzeak eta paziente aktibo izateak lagundu egiten du gaixotasun kronikoarekin jakitun bizi izaten, eta, horri esker, determinazio handiagoz inplikatzen da bere burua zaintzen eta artatzen. «Era berean, gaixotasun baten tankerako bizipen pertsonal bat partekatzen duzun beste pertsona batzuekin, elkarrekin harremanetan izaten gara, eta esperientzia horren bitartez jasotzen dena ematen dena baino askoz ere gehiago da. Oso baliagarri sentitzen naiz beste pertsona batzuei zoriontsuago izaten laguntzen».

Helburuak eta jardun-ildoak

Osasun Eskolak helburu hauek ditu, besteak beste:

  • Eritasunaren kudeaketan jakintzak eta trebetasunak hartzea ahalbidetzeko moduko informazioa eta trebakuntza ematea, pazienteak, zaintzaileak eta herritarrak gaitzearren.
  • Pazientearen aktibazioarekin lotutako gaien gaineko trebakuntza- eta sentsibilizazio-jarduerak egitea osasunaren profesionalentzat.
  • Aliantzak bultzatzea Osasun Eskolaren jarduerarekin lotutako erakundeekin eta eragileekin.

Osasun Eskolak jardun-ildo batzuk finkatu ditu helburu horiek lortzeko, besteak beste: profesionalak trebatzea gaitasun hezitzaileak eta nork bere burua zaintzea sendotzeko gaitasunak hartzeko moduko metodologiarekin, ondoren pazienteak eta zaintzaileak trebatu ditzaten (aurrez aurrekoak zein birtualak); berdinkideen arteko trebakuntza sustatzea eritasun kronikoen kudeaketan (pazientea/pazientea); pazienteen zaintzaileak trebatzea; Osasunerako hezkuntza-programak garatzea pertsona osasuntsuentzat edo patologia kronikorik ez dutenentzat (aurrez aurrekoak eta birtualak); pazienteen elkarteei aholkularitza ematea; autozainketen arloko informazioa egituratzea eta zabaltzea paziente, zaintzaile eta herritarrentzat oro har, osasunaren kontzientzia har dezaten eta eritasunaren autokudeaketa egin dezaten;  herritarrentzako Pazienteen Eskolen Sarean eta Europako proiektuetan parte hartzea.

Osasun Eskolaren programak

Osasun Eskolak hainbat programa garatuko ditu, eta Paziente Aktiboa programarekin ekingo dio jardunari.  Zerbitzuen erakunde bakoitzean «Zure osasuna kontrolatuz» ikastaroa egingo da 2013an hezitzaileak lortzeko; haiek, era berean, ikastaroa ere emango dute. Ikastaroek 15 orduko iraupena izango dute, 6 egunetan banatuta; urte bukaerarako 100 lider hezitzaile eta 500 paziente kroniko trebatzea da helburua.

Halaber, «Diabetesaren maneiu pertsonala» programaren hedapena ere sendotuko da; 1000 paziente trebatzea lortu nahi da haren bidez.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)