Berriak
Eu

Erkorekak ziurtatu du ez dela murrizketarik izango sektore publikoa berrantolatzeko planean

2013.eko uztailak 24

Herri Administrazioko eta Justiziako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak ziurtatu du Jaurlaritzak sektore publikoa berrantolatzeko planteamendua egingo duela, administrazioko bitartekoak optimizatzeko helburuz. Erkorekak esan du erakunde batzuetarako «xurgatzea edota bat-egitea» erabiliko dituztela formula gisa, baina, era berean, zehaztu du murrizteko planteamendurik ez dela inola ere izango. Bozeramaileak adierazi du, era berean, Arartekoa edota Kontularitza «oso garrantzitsuak» direla, eta, hortaz, eutsi egingo zaiela. Eusko Jaurlaritzak Gobernu Programan azaldu zuenez, egitura publikoak murrizteko xedea dauka eta sailburuak adierazi du Jaurlaritzak plana hilaren azkenean aurkeztuko duela Legebiltzarrean. Sailburuaren hitzetan, Jaurlaritzak administrazio berriaren egituraren xehetasunak datorren asteartean emango ditu, hilak 30, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.

Josu Erkoreka sailburuari Radio Euskadi irrati-kateko Boulevard programan elkarrizketa egin diote gaur goizean. Bertan, gaurkotasuneko hainbat gai jorratu dituzte; esaterako, fiskalitatea, Konstituzio Auzitegia edota ontzigintzaren sektorearen egoera.

Erkorekak esan du Eusko Jaurlaritzak eta lehendakariak bereziki ontzigintzarekin daukaten konpromisoa ezin dela zalantzan ipini. Sailburuak zehaztu duenez, sektorearen interesak zalantzan ipini direnean, Eusko Jaurlaritza hor agertu da. Erkorekaren iritziz, Jaurlaritzak aurreko astelehenean ere eman zuen iritzia Soria ministroarekin Madrilen izandako bileran. Erkorekak berretsi du ezinezkoa izan zela agendak antolatzea; horrenbestez, lehendakariak ezin izan zuela joan, nahiz eta Soria ministroari beste hiru egun eskaini zizkion bilera egiteko. Nolanahi ere den, Erkorekak sektorearekin daukan konpromisoa berretsi du, eta nabarmendu du bilerara joan ez izanak ez duela ondorio negatiborik ekarri. «Bada oraindik denbora», sailburuaren hitzetan, hain zuzen irailaren 28ra arte, Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari helegitea jarri ala ez erabakitzeko.

Elkarrizketan, halaber, Bárcenas auziari eta Alderdi Popularraren ustezko legez kontrako finantzaketari buruz ere jardun dute, EAEko PPri ere zipriztinak iritsi zaizkion aldetik. Erkorekak esan duenez, orain artean PPk inplikazio hori ukatu baino ez du egin, eta uste du azalpen gehiago eman behar direla, euskal gizarteak «eskatu eta merezi baitu».

Alderdi Popularrarekin loturik, Konstituzio Auzitegiaren presidentearen independentziari buruz galdetu diote Josu Erkorekari, esandako alderdiko militante izan zela onartu baitzuen hark. Sailburuak nabarmendu du «negatiboa eta gaitzesgarria» dela hori, nahiz eta defendatu duen hondoko arrazoiak axola duela. Erkorekaren esanetan, Auzitegia aukeratzeko moduak ekartzen ditu arazoak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)