Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak kostaldeei buruzko legearen azken erreforma errekurritu du eskumenak inbaditzen dituelako toki araubidean, lurraldearen antolamenduan, hirigintzan, araubidean eta ingurumenean (2013-07-23(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2013.eko uztailak 23

LABURPENA

Espainiako gobernuak udalbatzen hirigintza-egintzak indargabetzeko ahalmena beretzen du, hartarako larritasun handiko kasuetarako bakarrik aurreikusitako salbuespenezko bide bat erabiliz.

Aurreikusitako autonomiako ingurumen-organoaren aurretiko txostena kontuan ez hartzea ahalbidetzen du industria kutsatzaileen jardueretarako.

Eusko Jaurlaritzak lehenik Estatuaren eta Euskadiren arteko Aldebiko Batzordera jotzea proposatu du 6 hilabeteko negoziazio-aldi bat irekitzeko.

Itsasbazterraren babes eta erabilera jasangarriari buruzko eta uztailaren 28ko 22/1988 Legea, Kostaldeei buruzkoa, aldatzen duen maiatzaren 29ko 2/2013 Legearen aurkako konstituziokontrakotasun-errekurtsoa aurkeztea onartu du gaur Gobernu Kontseiluak.

Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoek ohartarazi dute Espainiako Gobernuaren Kostaldeei buruzko Legearen azken erreformak Euskadiren eskumenak urratzen dituela arlo hauetan: toki-araubidean, lurralde- eta itsasbazter-antolamenduan, hirigintzan eta etxebizitzan; baita ingurumenaren eta ekologiaren arloko eskumena ere.

Batetik, udalbatzek hartutako hirigintza-arloko zenbait egintza indargabetzeko ahalmena ematen dio Estatuari Kostaldeei buruzko Lege berriak. Manu hori salatu du Eusko Jaurlaritzak; izan ere, gogora ekarri duenez, Estatuak ez du eskumenik hirigintza-arloan eta, horrenbestez, ez du haiek indargabetzeko ahalmenik, are gutxiago larritasun eta premia handiko kasuetarako salbuespenezko bide bat erabiliz (Toki-araubideko oinarriei buruzko Legearen 67. artikuluan xedatuta).

Horretaz gain, Espainiako Gobernuak zabalegi egin du legea ingurumen- eta ekologia-arloan, eta ez du tarterik uzten autonomiek legedi hori gara dezaten. Halaber, kutsaduragatik prebentzio eta kontrol pean dauden industrien jarduerari buruz autonomia-erkidegoek ingurumen-arloan aurretik egindako txosten erabakigarriak Estatuak kontuan ez hartzea ahalbidetzen du.

Bestetik, lurralde- eta itsasbazter-antolamenduaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloko euskal eskumena urratzen du Espainiako gobernuak, Euskadiko administrazioari baitagokio eraginkortasun energetikoko eta ura aurrezteko irizpideak betetzeko izapide egokiak finkatzea itsasbazterreko eremuan kokaturiko higiezinetan egiten diren lanetan. Eta ez Estatuari azken erreforman xedatutako moduan.

Gainera, Kostaldeei buruzko Legearen erreformak Espainiako itsasbazterreko 12 gune uzten ditu itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikotik kanpo, eta horri esker, gainerakoei ez bezalako tratamendu juridikoa eman ahal zaie.

ERREKURRITURIKO ARTIKULUAK

Errekurtsoa jarri aurretik, bere ustez eskumenak inbaditzen dituzten artikuluak sei hilabetez Euskadiren eta Estatuaren arteko Aldebiko Batzordean negoziatzea proposatuko du Eusko Jaurlaritzak, Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoaren 33.2 artikuluan xedatutako moduan.

1. artikulua, 38. paragrafoa, Kostaldeei buruzko 22/1988 Legearen 119. artikulua aldatzen duena.
1. artikulua, 39. paragrafoa, Kostaldeei buruzko 22/1988 Legearen Lehen Xedapen Iragankorra aldatzen duena, zehazki 2. eta 3. paragrafoetan eta 5. paragrafo berrian.
1. artikulua, 40. paragrafoa, Kostaldeei buruzko 22/1988 Legearen Laugarren Xedapen Iragankorraren 2. paragrafoaren a), b) eta c) idatz-zatiak aldatzen dituena eta beste 3. paragrafo bat eransten duena.
2. artikulua, aurreko araudiaren babesean egindako emakidak luzatzen dituena.
Zazpigarren xedapen gehigarria eta eranskina, biztanlegune jakin batzuk itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikotik kanpo uzten dituztenak.
Lehen xedapen iragankorra, Kostaldeei buruzko 22/1988 Legearen hirugarren xedapen iragankorraren 3. paragrafoa aplikatzekoa.

ALDEBIKO NEGOZIAZIOAK
Euskadiren eta Estatuaren arteko Aldebiko Batzordea eskumenen gaineko bi gatazka gehiago negoziatzen ari da uneotan:
1. 1/2013 Errege Lege Dekretua, urtarrilaren 25ekoa, langabeziagatiko prestazioa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzen duena. (Prepara Plana, 400 €-en kudeaketa)
2. 4/2013 Errege Lege Dekretua, otsailaren 22koa, ekintzaileari laguntzeko eta hazkundea eta enpleguaren sorrera bultzatzeko neurriei buruzkoa. (Interes orokorrekotzat jotako trenbideak)

Legegintzaldia hasi zenetik, Aldebiko Batzordeak 5 hitzarmen lortu ditu, Konstituzio Auzitegira jotzea saihestuta, hurrengo arau hauen manu jakin batzuei dagokienez:

1. Hezkuntzaren arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurriei buruzko 14/2012 Errege Lege Dekretua.
2. Osasunari buruzko 16/2012 Errege Lege Dekretua.
3. Transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko Euskadiko 14/2012 Legea.
4. Kiroleko dopinaren aurkako Euskadiko Legea.
5. Euskadiko Aurrezki Kutxen Legea.


KONSTITUZIO AUZITEGIAN AURKEZTUTAKO ERREKURTSOAK

Legegintzaldia hasi denetik 5 aldiz, ordea, ez da akordiorik lortu eta Konstituzio Auzitegira jo da:

1. 2012rako eta 2013rako Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzko legeak.

2. Estatuaren 20/2012 Errege Lege Dekretua, uztailaren 13koa, aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna sustatzeko neurriei buruzkoa (funtzionarioen eta merkataritzako gaiekin).

3. Espainiako Gobernuak Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko EAEko Legea errekurritu du.

4. Eta Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen EAEko Legea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau