Berriak Osasuna
Eu

Irun mugarri izan da errezeta elektronikoa ezartzeko prozesuan

2013.eko uztailak 23

24 farmazia eta 60.000 biztanle dituen herri honetan egin da orain arteko ezarpenik garrantzitsuena

Irunen ezarri ostean, Bidasoaldean erabat txertatuta dago sistema berria; horri esker, udazkenean, e-rezeta arreta espezializatura eta ospitale-arretara ere hedatuko dute

Irunek bat egin ostean, EAEko 93 udalerritan dago ezarrita; hau da, 300.000 biztanlek baino gehiagok baliatzen dute dagoeneko botikak preskribatzeko eta banatzeko sistema berria.

Errezeta elektronikoarekin bat egindako 130 farmazietatik 84 Gipuzkoan daude

 Errezeta elektronikoaren zabalpena sendotzen ari da Irunek sistema berriarekin bat egin ostean; hain zuzen ere, Irun da, orain artean, sistema berria ezarri duen biztanle gehieneko udalerria.

Irunek 60.000 biztanle baino gehiago ditu, eta, gaurtik aurrera, botikak preskribatzeko eta banatzeko sistema berri hau baliatuko dute. Botiken erabileran segurtasun handiagoa eskaintzeaz gain, zerbitzu hobea, erosoagoa eta errazagoa ere eskainiko du pazientearentzat.

Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendari Iñaki Betolazaren hitzetan, «Irunen errezeta elektronikoa ezartzea mugarri da; izan ere, sistema berriarekin bat eginda, Bidasoalde osoan udazkenean errezeta elektronikoa arreta espezializatura eta ospitale-arretara ere zabalduko dute».

Osasun Saileko Farmaziako zuzendariak Irungo hainbat farmazia bisitatu ditu Angel Garay Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoko presidentearekin batera, sistema eragile berriaren lehendabiziko eguna nola igarotzen den bertatik bertara ikusteko.

IIñaki Betolazak, halaber, nabarmendu du Irungo 24 farmaziek ahalegin nabarmena egin dutela beren kudeaketa-sistemak errezeta elektronikoa kudeatzeko eredu bakarrera egokitzeko.

Angel Garayk, berriz, hauxe adierazi du: «Ekintza honekin irundarren nahiak erantzun ditugu, bai baitakite e-rezetak zer-nolako onurak ekartzen dituen botikak jasotzeko; baina farmazialarien nahiei ere erantzun diegu, prestazio farmazeutikoaren kudeaketarako erraztasunak ekartzen baititu sistema berriak».

Bi ordezkariek e-rezetaren ezarpen-fase honi buruzko oso balantze positiboa egin dute, eta nabarmendu dute Osasun Sailak, Osakidetzak eta farmazialarien elkargoek orpoz orpo egin dutela lan.

Gaur egun, errezeta elektronikoa 93 udalerritako 130 farmaziatan dago ezarrita; hau da, udalerri horietako % 80an.

Azkenik, nabarmendu behar da irailetik aurrera e-rezetaren ezarpenean aurrera jarraituko dela Debagoienean eta Debabarrenean, baita Goierrin ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Angel Garay, Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko zuzendaria