Berriak Lehendakaritza
Eu

Jaurlaritzak Espainiako kostaldeen legearen azken erreformari helegitea ipiniko dio Konstituzio Auzitegian

2013.eko uztailak 23

Helegitea aurkeztu aurretik, Jaurlaritzak Aldebiko Batzordera joateko proposamena egin du, epea irekitzeko eta adostasuna lortzeko

Eusko Jaurlaritzak, astearte honetan Kontseiluan elkartuta, erabaki du kostaldeen legearen azken erreformari helegitea ipintzea Konstituzio Auzitegian, eskumenak inbaditzen dituela iritzita. Dena den, Josu Erkoreka bozeramaileak osteko prentsaurrekoan azaldu duenez,  Eusko Jaurlaritzak auzia konpontzeko eta «adostasun bat lortzeko» proposamena egingo dio Espainiako Gobernuari, Aldebiko Batzordea elkartu aurretik. Bi gobernuek sei hilabeteko tartea izango dute elkar ulertzeko, Konstituzio Auzitegian helegitea ipini aurretik. Erkorekak azaldu duenez, erreforma honek lurralde-antolamenduko, itsasertzetako, hirigintzako eta etxebizitzako eskumenak inbaditzen ditu, baita ingurumenaren eta ekologiaren alorrekoak ere. Eusko Jaurlaritzak 1. eta 2. artikuluak errekurrituko ditu, baita hainbat xedapen iragankor ere.

Espainiako Gobernuak Bruselan helegitea ipintzeko hartutako erabakiaz ere jardun du Erkoreka bozeramaileak. Jaurlaritzak ondo ikusten du helegitea ipintzea, baldin eta sektoreari kalterik egiten ez bazaio. Erkorekak esan duenez, itxura guztien arabera Holandak ere helegitea ipiniko du, Batzordearen erabakia «nahikoa ez dela iritzita». Egoera horren aurrean, Erkorekak esan du logikoena Espainiako Gobernuak ere hala egitea dela, bi aldeei entzuteko eta ontzigintzaren sektorearen interesak «ahalik eta modurik onenean» defendatzeko. Nolanahi ere, bozeramaileak esan du Eusko Jaurlaritza lanean ari dela, Estatuak inbertitzaileen zerga-onurak  berreskuratzea «malguagoa» izan dadin, baita berreskuratze horiek sektorean bertan berrinbertitzeko ere.

Hala, Erkorekak esan du Jaurlaritza Ontzigileen Plan Industriala prestatzen ari dela. Bozeramaileak nabarmendu duenez, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak hurrengo astelehenean lantalde bat sortuko du, «sektorearekin elkarlanerako lerroak» ezartzeko.

Gobernu Kontseiluak gaur goizean lortu dituen akordioei dagokienez, Erkorekak esan du ia 93 milioi euroko gastua onartu dela ikastetxe publikoetako jangela-zerbitzua finantzatzeko. Erkorekak nabarmendu duenez, diru kopuru horrekin 490 ikastetxe publikoei janari prestatuak, lehengaiak eta gainerako zerbitzuak hornitzeko kostuak estaliko dira datorren ikasturtean.

Jaurlaritzak ekarpen ekonomiko gehiago ere onartu ditu. Kontseiluak 2,5 milioi euroko zuzeneko diru-laguntza bat onartu du gaur 2013ko lehen hiruhilekoko doako justiziaren gastuak finantzatzeko. Kopuru horri, bozeramailearen esanetan, maiatzean abokatuei eta prokuradoreei emandako milioi bat euro baino gehiago batu behar zaizkio; hain zuzen ere, Orientazio Juridikoko zerbitzua finantzatzeko bideratutakoak. Kopuru horiek, Erkorekak azaldu duenez, bitarteko ekonomikorik gabeko pertsonak artatzen dituzten abokatuen eta prokuradoreen elkargoetako ofiziozko guardia-txanden kostuak ordaintzeko dira. Hala, bozeramaileak zehaztu du doako justizia 3,6 milioi euro kostatu dela.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2013.07.23)

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)