Berriak Osasuna

Eusko Jaurlaritzak etorkinentzako osasun laguntza arautu du

2013-07-22

Osasuneko sailburu Jon Darpónen agindua argitaratu du gaur EHAAk; agindu horrek arreta aitortzen eta arautzen du onuradunak edo aseguratuak ez diren herritarrentzat

Osasuneko sailburu Jon Darpónen aginduak EAEn osasun-laguntza ematea ahalbidetzen eta arautzen du Estatuko Osasun Sistemaren aseguratuak edo onuradunak ez diren pertsonentzat. Agindu hori gaur argitaratu du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak.

Jakina denez, hainbat pertsonari osasun-laguntzarako eskubidearen onuradun edo aseguratu izateko aukera kendu zien Estatuko gobernuak; besteak beste, legezko egoitza-baimenik ez duten atzerritarrei. Hala eta guztiz ere, Konstituzio Auzitegiak osasun-arreta abalatu zuen azkenean kolektibo horrentzat EAEn, eta gaur argitaratutako aginduak horixe arautu nahi du.

Hala, lehenik eta behin, eskatzaileek beharrezko baldintzak betetzen dituztela egiaztatu behar dute (ekainaren 26ko 114/2012 Dekretua); horretaz gain, dokumentazio hau ere aurkeztu behar dute: nortasuna egiaztatzeko agiria; diru-sarreren aitorpena (zeinak Diru-sarrerak bermatzeko Errenta baino gutxiago behar duen); eta eskaera aurkeztu aurretik EAEko udalerri batean gutxienez urtebetez jarraian erroldaturik egon direlako egiaztagiria (horixe bai baitzen aurreko legealdian onartutako dekretuan ezarritako epea).

Eskakizunak egiaztatu eta, hala badagokio, eskubidearen onarpena lortu ondoren, herritarrak identifikazio-agiri bat jasoko du (Osasun Txartel Indibiduala edo OTI); txartel pertsonala eta besterenezina izango da, eta lehen mailako arretako mediku bat esleitzea bermatuko du. Aseguratuek edo onuradunek dituzten kalitate eta ezaugarri bereko osasun-laguntza eskainiko du txartel horrek; halaber, 16/2012 Errege Dekretua indarrean hastean EAEko Osasun Txartel Indibiduala zuten eta egun aseguratuak edo onuradunak ez direnei ere emango zaie txartela. 

Urtebete erroldaturik egoteko baldintza ez beste guztiak betetzen dituztenei dagokienez, laguntza normalizatua emango zaie emakumeei haurdunaldian, erditzean eta erditu ostekoan, baita adingabeei ere. Gainerakoei larrialdiak eta osasun publikoko arazoak artatuko zaizkie. Azkenik, baldintzotatik at daudenek euren kabuz egin beharko diote aurre gastuari.     

Eskubide hori duenak, bestalde, hartarako kontuan hartutako egoeren edozer aldaketa jakinarazi beharko dio administrazioari. Betebehar hori ez betetzea edo datu faltsuak edo iruzurrezkoak ematea eskubidea indargabetzeko eta sortutako gastuak eskatzeko kausa izango da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)