Berriak Segurtasuna
Eu

Eten, Euskadiko errepideetan delituen aztarnei jarraitzeaz arduratzen den Ertzaintzako sail bat

2013.eko uztailak 20

2012an, gure lurraldetik igarotzen ari ziren 500 ibilgailuri kontrolak egin zitzaizkien

Ertzaintzako errepideetako delituen saileko (ETEN) kideak egunero Euskal Autonomia Erkidegoa zeharkatzen duten milaka autoen artean oharkabeko xehetasunak bilatzen adituak dira. 2012an aztarnei jarraitzeko egin zuten lanean, ia 500 ibilgailuri kontrolak egin zizkieten –nagusiki, nazioarteko trafikokoak–, gure lurraldetik pasatzen ari ziren 46 gidari edo bidaiari atzerritar atxilotu zituzten, 3 lagun inputatu zituzten, 28 ibilgailu lapurtu berreskuratu eta Europako Schengen polizia-esparruan 38 ekintza edo seinalamendu egin. 2012an egindako konfiskazio handiena 450 kilo haxixekoa izan zen; Irunen konfiskatu zuten, Frantzian lapurtutako auto batean. 2013 urte honen hasieran, kameleoi bat atxilotu zuten; hau da, hainbat izen jasotzen zituzten dokumentu faltsuak zeramatzan pertsona bat, nazioartean bilatua. Pertsona horrek eskudirutan 28.000 euro zeuzkan.

Errepideko aztarnariak dira: mota guztietako ibilgailuak behatzen eta dokumentuen faltsutzeak, gida-baimenak, bastidoreen manipulazioak, droga trafikoa eta nazioz gaindiko delinkuentzia idenfitikatzen adituak. Errepidean egiten dute lan, beti trafikoko unitateekin, Ertzaintzako komisariekin eta Hendaian kokatutako Poliziak eta Aduanak Koordinatzeko Zentroarekin (PAKZ) lankidetzan. Narkotrafikoari eta gama altuko ibilgailuen lapurretari kolpe handiak eman dizkiete. Horrez gain, egunero, beste polizia batzuekin informazioa partekatzen dute, nazioarteko gaizkileak atxilotzeko.

ETENen 2012ko ibilbidean, ertzainek Euskaditik igarotzen ari ziren 20 herrialdetako eta 42 markatako ibilgailuak aztertu zituzten; kasu askotan, gama altukoak edo zilindrada handikoak. Ekintzen % 83 AP-8 autobidean egin zituzten, ibilgailuen nazioarteko trafikoko igarobide naturalean.

ETEN taldeko (euskarazko eragotzi edo geldiarazi esanahiarekin lotuta dago) kideek funtsean Gipuzkoan egiten dute lan, Frantziako mugako igarobideetatik gertu dagoelako, baina Bizkaiko eta Arabako lurraldeetan egin diren ikerketetan edo gaizkileen jazarpenetan ere lagundu dute. 2012an, 46 atxiloketa egiteaz gain, 28 ibilgailu lapurtu berreskuratu zituzten –horietako batzuk, gama altuko BMW, Audi edo Mercedesak– eta 23 ibilgailu irregulartasunengatik zigilatu edo ibilgetu zituzten.

Ertzaintzako talde espezializatu honen lanean, mota guztietako elkarlanak funtsezkoak dira. Adibidez: Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin, EAEko eta Nafarroako IAT estazioekin eta UNESPA aseguruen zentral nazionalarekin harremanak izatea.

ETEN – 2012ko atxiloketak

Europako beste herrialde batean ibilgailua lapurtzearen eta dokumentazio faltsua eramatearen delitua

7 atxilotu

Dokumentazioa faltsutzea (bastidore eta atoi manipulatuak, matrikula-plaka faltsuak edo kopiatuak)

7 atxilotu

Droga-trafikoa

3 atxil.

Dokumentazioa faltsutzea (gida-baimena)

11 atxil.

Baimenik ez edukitzea edo puntuak galduta izatea

12 atxil.

Bilatzeko eta atxilotzeko nazioarteko agindua

4 atxil.

Beste norbaiten izena erabiltzea eta bide-segurtasuneko delitua

2 atxil.

Atxilotuak, guztira

46

ETENeko ertzainek mota guztietako egoerekin topo egiten dute errepidean; horietako batzuk arrisku handikoak dira. 2012ko abuztuan, Zarauztik Behobia alderako ordainlekua gainditu zuen zilindrada handiko ibilgailu bat antzeman zuten, barruan bi bidaiari eta beharbada haxix kargamentu handia zeramatzala.  Kasu horretan, auto susmagarria patruilari jotzen saiatu zen eta abiadura sinestezinean desagertu zen autobidean barrena, Biriatutik igarotzea saihestuta.

Hilabete batzuk lehenago, martxoan, Ertzaintzako sail horrek jada 450 kilo haxix antzeman zituen abandonatutako gama altuko beste ibilgailu batean, Irungo aparkaleku batean. Agian, poliziaren zaintzak eragingo zuen droga garraiatzearen arduradunek droga aparkalekuan uztea eta salgai hori gabe ihes egitea.  Beste droga-atzemate batzuetan, hiru lagun atxilotu zituzten iaz.

Ibilgailuak berreskuratzea, alertak eta iruzur posibleak

Ibilgailu lapurtuak berreskuratzea dokumentazio-faltsutze delitu batekin lotuta egon ohi da. Delitu mota horretan zerikusia daukaten pertsonak edo mafiak bastidore zenbakiak, dokumentazioa eta lapurtutako autoko edozein arrasto ezkutatzen, aldatzen edo berriz estanpatzen saiatzen dira, merkatu beltzean saltzeko. Joan den urtean, Europako hainbat tokitan lapurtutako 28 ibilgailu berreskuratu zituzten, Euskadin zebiltzala edo bertatik igarotzen ari zirela.

2013 urte honetako adibide harrigarrietako bat maiatzaren 8an gertatutakoa izan zen. Eteneko patruila batek SEAT León baten matrikula aztertu zuen eta Schengeneko datu-basean lapurtu gisa agertzen zen. Ertzainek gidaria, jatorriz poloniarra, identifikatu zuten. Hark esan zuen Espainian erosi zuela ibilgailua, 9.700 euroren truke, eta ibilgailuaren titularrarekin sinatutako salerosketa kontratu pribatu bat erakutsi zien.

Ertzainek iruzur posible bat antzeman zuten, ibilgailu hori bera, DGTren datuetan, erabateko hondamenagatik behin betiko baja emanda zegoela agertzen zelako. Ertzainek bastidore zenbakiaren estanpatuaren eremuan irregulartasunak aurkitu zituzten. Motorra eta beste elementu batzuk aldatuta zeuden, beste auto bat sortu eta kontratu faltsu batekin, giltza kopiatuekin eta oraindik titularraren izenean zegoen dokumentazio batekin saldu ahal izateko, baina titularrak uste zuen bere SEAT León ibilgailua autoak desegiteko lekuan zegoela.

2012an, Etenek iruzurrak gertatu baino lehen ere berreskuratu zituen auto batzuk, adibidez: irregularki saltzen saiatzen ari ziren Audi A4 bat. Edo ez ordaintzeagatik bahitura-agindupean zegoen beste ibilgailu bat.

Auto lapurtuak berreskuratu eta ibilgailuak edo atoiak hainbat motatako irregulartasunengatik ibilgetzeaz gain, 2012an, Eteneko ertzainek ustez egindako delitu horiekin lotutako mota guztietako dokumentuak, faltsifikazioak, matrikulak edo objektuak konfiskatu zituzten.

Desagertzeko arriskuan zegoen dortoka bat

Urte honetako kasurik bitxienetako bat apirilean gertatu zen, Etenek Ertzainor unitatearekin batera egindako ekintza batean: autobus bateko bidaiariaren ekipajean Sudango dortoka afrikar bat aurkitzea. Hark esan zuenez, opari bat egiteko zen, baina kendu egin zioten, animalia garraiatzeko baldintzak zirela medio. Ondoren egindako ikerketen arabera, dortoka espezie babestu batekoa zen. Beraz, konfiskatu eta mota horretako faunaren alde lan egiten duen elkarte baten esku utzi zuten.

Beste esku-hartze batzuetan, hainbat ibilgailu kontroletan, askotariko materiala konfiskatu zuten: ustez lapurretak egiteko erabilitako materialetatik hasita (tresnak, jantziak, talkiak) egun berean merkataritza gune batean lapurtu berriak ziren kosmetiko eta lurrinetara. Beste ekintza batean, susmagarriei ustez legez kanpo eskuratutako telefono mugikorrak, GPS aparailuak, Visa txartelak eta brandy eta Frantziako xanpain botilak konfiskatu zizkieten.

Hainbat pertsonaren izenean dokumentazio faltsua zeraman lapur bat

Urtero, Eteneko ertzainen eskuetara dozenaka dokumentu faltsutu iristen dira. Beren nortasuna ezkutatzen duten edo besterik gabe gida-baimenik ez duten eta merkatu beltzean faltsua lortzen duten pertsonenak. Faltsutzeko erabilitako plastikoa, holograma edo ikur ofizialen falta eta bestelako garrantzi gutxiko xehetasunak antzeman egiten dituzte adituek.

2013ko urtarrilaren 29an, Oiartzunen, jatorriz alemaniarra zen gizon bat atxilotu zuten, hiru gida-baimen eta hiru nortasun agiri faltsutu zeramatzala. Argazkietan bera agertzen zen, baina hainbat izenekin.   Kreditu txartel bat eta ibilgailuen alokairu-etxe bateko txartel bat ere bazeramatzan, gezurrezko edo kopiatutako izenetako bat jarrita.

Pertsona horrek Frantziatik Euskadirako muga zeharkatua zuen eta haren ibilgailuan telefono mugikorrak, irrati-frekuentziaren eskaner bat, talki bat, dokumentuak faltsutzeko erabiltzen direnen moduko hologramak zeramatzan plastikozko zinta, arma zuriak eta 28.870 euro aurkitu zituzten; azken hori, maleta baten barruko forruan ezkutatuta. Etenek atxilotu egin zuen eta Hendaiako Polizia Lankidetzako Zentroak emandako datuen bidez egiaztatu zuenez, Alemaniako justizia banku bat armak erabiliz lapurtzeagatik bilatzen ari zen gizon bat zen.

ETEN taldearen beste zeregin bat, gutxiago ezagutzen dena, Euskadin egiten diren automobil-rallyetako ikuskaritza teknikoetan eta administratiboetan parte hartzea da –Euskadiko Automobilismo Federazioarekiko akordio baten bitartez–. Motor arloko aditu eta zale sutsuei erreserbatutako mundu horretan ere ibilgailu lapurtuen arrastoak aurkitzen dituzte ertzainek, adibidez, beste auto batzuetan muntatuta agertzen diren piezen bidez.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko