Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak espetxe-politikak «malguagoa» izan beharko lukeela adierazi du

2013.eko uztailak 19

Langraitz bidea «bizirik» dagoela adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak, baina nabarmendu du ez dela horrela izan Barne Ministerioaren ahaleginagatik, Auzitegi Nazionalarenagatik baizik. «Esanguratsua» da hori Urkulluren iritziz, eta erabaki hori Eusko Jaurlaritzak aurretik defendatu duenarekin bat datorrela gaineratu du. ETAk indarkeria utzi ondoren «beste garai bat» bizi dugula nabarmendu du lehendakariak; halaber, espetxe-politikak, bere ustez, malguagoa izan beharko lukeela esan du, betiere «eragindako kaltea onartzeko eta terrorismoaren biktimak errespetatzeko» helburuarekin. Espainiako gobernuak bide hori «lotsarik gabe» jorratu behar duela defendatu du Urkulluk, «beste garai batzuk» direlako, berriro azaldu duenez.

Iñigo Urkullu lehendakaria elkarrizketatu dute gaur goizean, Ser irrati-kateko Hoy por Hoy irratsaioan. Egungo gai nagusiez galdetu diote elkarrizketan; hala nola «Bárcenas kasuaz», bere gobernuaren egoeraz edo ontzigintzaren sektoreaz.

Azken gai horri dagokionez, Europako Batzordearen azken erabakiak eragindako sektorean «konfiantza» helarazi nahi izan du Iñigo Urkullu lehendakariak. Indarrean dagoen tax-lease sistema «legezkoa» dela nabarmendu du lehendakariak, eta ontzigintzaren sektore «lehiakor» batean inbertitzera animatu du. Urkulluk gogora ekarri duenez, Europako Batzordeak zerga-kenkariak itzultzea erabaki ondoren, Espainiako gobernuaren txanda da, eta zehapena arintzeko «kautelazko neurriak» eskatu dizkio hari. Nahasitako erakundeei ebazpena jakinarazteko erabilitako «formengatik» mindurik dagoela onartu du lehendakariak, agerraldi baten bitartez egin baitzen.

Horretaz gain, Rajoy presidentearekin izandako harremanak ere aipatu ditu, eta «dezepzionaturik» agertu da. Lehendakariak edo Euskadiko sailburuek duela hilabete batzuk hainbat proposamen aurkeztu ondoren «ez du erantzun», esan du Urkulluk. Rajoyrekin berriro hitz egin duela onartu du lehendakariak, eta «harremanak berriro bideratzea» espero duela gehitu du. «Barcenas kasuaren» gainean ere eman du iritzia lehendakariak, eta berriro adierazi du Rajoy presidenteak azalpenak eman behar dituela. Urkulluk ez du uste zentsura-mozioa irtenbidea denik, «eta zu gehiago»ren gaitzespenerako baino ez bailuke balio izango. Rajoyk Korteetan «motu proprio» agertu behar duela defendatu du, gainera, halakorik gerta ez dadin.

Bere gobernuaz eta egoera ekonomikoaz galdetuta, daukana baino gehiago ez duela gastatu behar berretsi du lehendakariak. «Diru-sarrera gutxiago daude, eta gerrikoa estutzeko garaia da», adierazi du Urkulluk. Gerrikoa estutzea bai, baina hainbat gai lehenetsita, hala nola enplegua sustatzeko neurriak edo funtsezko zerbitzuei eustea. Bere gobernuak duen babesari dagokionez, aurrekontuak «inflexio-puntu bat» izan direla onartu du Urkulluk, eta horren ostean alderdi politikoekiko harremanak bideratzen joan direla. EAJren eta PSEren arteko harremanak ere izan ditu hizpide lehendakariak; hala, bi indar horiek baturik Eusko Legebiltzarrean gehiengo absolutua bermatu arren, bere gobernua era guztietarako akordioetara zabalik dagoela azaldu du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)