Berriak Osasuna
Eu

Zerbitzuak gehitu ostean, Gernika-Lumoko Ospitaleak 3.000 kontsulta baino gehiago egin ditu lehen hilabetean

2013.eko uztailak 18
  • Ospitalean 2.200 proba baino gehiago egin dira; horien artean, nabarmentzekoa da 1.700 erradiodiagnostiko eta 480 mamografia baino gehiago egin direla. 
  • Ospitalea oro har hobetzeko prozesuaren lehen faseak aukera eman du, dagoeneko, Busturialdeko eta Lea-Artibaiko 56.000 biztanleri (Ondarroa, Berriatua eta Markinakoak salbu) osasun-arreta gerturatzeko.

Gernika-Lumoko ospitaleak osasun-laguntza ematen die Busturialdea eta Lea-Artibai eskualdeetako herritarrei, eta 3.161 kontsulta eta 2.240 proba egin ditu lehen hilabetean, lehen zerbitzu-gehitzearen ostean. Zerbitzu-gehitze hori ospitalea oro har hobetzeko fasearen barruan dago, eta fasea pixkanaka aplikatuko da datozen hilabeteetan.

Ospitale berri horretan ekainaren 10ean jarri ziren martxan Etxeko ospitalizazio- eta Neurologia-zerbitzuak, eta Oftalmologiako eta Erradiodiagnostikoko proba diagnostiko berriak egiten hasi ziren (ordenagailu bidezko tomografia axiala -OTA- eta mamografia).

Ekainetik hona, zentroak, orobat, bere eragin-eremuan diharduten Osakidetzako beste erakunde batzuen zerbitzuak eta prestazioak ere hartzen ditu, hala nola, Asistentzia Psikiatrikoa eta Osasun Mentala, Gernikan ematen den Errehabilitazio-zerbitzua eta Gernikako Zaintza Intentsiboko Unitate mugikorreko Larrialdi Unitatearen basea.

Funtzionamendu-datuek erakutsi dutenez, Gernika-Lumoko ospitaleak, zerbitzu berriei esker, kontsulta eta bereizmen handiko proba asko egin ditu lehen hilabetean.

3.161 kontsulta baino gehiago egin dira, honela sailkatuta: 747 traumatologiakoak izan dira; 381 oftalmologiakoak; 336 ginekologia eta obstetriziakoak; 274 otorrinolaringologiakoak; 235 endokrinologiakoak; 208 kardiologiakoak; 208 urologiakoak; 187 dermatologiakoak; 181 digestio-aparatukoak; 168 kirurgia orokorrekoak; 160 arnas-aparatukoak; eta 76 neurologiakoak (soilik paziente berriei ari dira hitzordua ematen, oraingoz).

Probei dagokienez, 2.240 egin dira, eta gehienak erradiodiagnostikokoak izan dira (1737 proba: X izpietako 1326 proba eta 292 ekografia). Ekografiak egiteko Amorebietan eta Durangon izaten diren itxarote-zerrendak laburtzeko asmoarekin, Gernika-Lumoko ospitalea herri horietako pazienteei hitzorduak ematen ari da, orduak libre dituenean. Alde horretatik, ekografia egiteko aukera izango dute Gernikako zentroan, eperik luzatu gabe, aukera hori eskaintzen zaien eta hara joan nahi duten pazienteek. 

Bestalde, Gernika-Lumoko ospitaleko Detekzio Unitateak, Osasun Sailaren Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programaren (BMGDP) bitartez, mamografia egiteko hitzordua eman die 660 emakumeri, eta horietatik 481 joan dira

Gainerako probak honela sailkatu dira: 183 arnas-aparatukoak izan dira; 150 ginekologia eta obstetrizia zerbitzukoak; 75 kardiologiakoak; 72 otorrinolaringologiakoak; 18 oftalmologiakoak; 2 dermatologiakoak; 2 traumatologiakoak; eta kirurgia orokorreko bat.

Datu interesgarriak dira, halaber, Etxeko Ospitalizazio Zerbitzuak emandakoak. Zerbitzu horri esker, 14 pazientek ospitale-arreta espezializatua jaso dute etxean.

Paziente horien batez besteko egonaldia 12 egunekoa izan da, eta etxez etxeko 180 bisita inguru egin dira. Bisita gehien Gernikara, Bermeora, Muxikara, Ereñora, Munitibarrera eta Mundakara egin dira.

Zehazki, eguneroko bilakaera-kontrolak egin dira antibiotiko bidezko zain barneko etxeko tratamenduetan; sintomak kontrolatu dira zainketa paliatiboetan; eta sendaketa konplexuen eta gibel-transplanteen balorazioa eta segimendua egin dira.

Gainera, Lehen Mailako Arretarekin lankidetzan aritzeari esker, lau paziente ez dira eraman behar izan Galdakao-Usansolo Ospitalera. Pazienteen %57 etxera itzuli da maizko ospitaleratzeen edo ospitaleratze luzeen ostean, plan terapeutikoa egiteko.

Orobat, Gernika-Lumoko ospitalean bertaratu gabeko sail arteko zenbaki garrantzitsua kontsulta egin dituzte Lehen Mailako Arretako eta Arreta Espezializatuko profesionalek, paziente arrunten gaineko informazioa eta iritziak partekatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau