Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

EAEko baso-sistemek 65 milioi tona karbono pilatzen dituzte, industriak eta garraioak 15 urtean egindako isuriak bezainbeste

2013.eko uztailak 17


• Euskadiko basoak, funtsezkoak klima-aldaketaren kontra
• UNESCO katedrak, EHUk eta Eusko Jaurlaritzak garatzen duten 'Milurteko Ekosistemen Ebaluazioa Euskal Autonomia Erkidegoan' ikerketa-proiektuaren datuak

Euskal Autonomia Erkidegoko azaleraren % 50ean baino gehiagoan baso-sistema naturalak eta artifizialak daude, eta 65 milioi tona karbono pilatzen dituzte horiek. Haietatik, 26 milioi tona baino gehiago (% 40), pinu beltzeko sailetan daude pilatuta, baso-sistema zabalenak baitira; hala ere, baso naturalek (hariztiek edo pagadiek) karbono kopuru handiagoa pilatzen dute hektareako.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuorde Josean Galerak honela azaldu du: «EAEko baso-sistemetan pilatutako karbono kopuru hori autonomia-erkidegoko garraioaren eta industriaren sektoreek 1995etik isuritakoa adina da. Industria eta garraioko bi sektoreen isuriak Kyotoko Protokoloa sinatu zenetik EAEk egindako CO2 isuri guztien % 64 dira».


Garapen Iraunkorra eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko EHUko UNESCO Katedrak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren laguntzarekin garatzen duen «Milurteko Ekosistemen Ebaluazioa Euskal Autonomia Erkidegoan» proiektutik atera dira datuok. Halaber, «Milurteko Ekosistemen Ebaluazioa Bizkaian» prozesua ere badago, toki proiektuaren aurrekari eta inspirazio gisa, tokiko mailan; baita Milurteko Ekosistemen Ebaluazioa ere, maila globalean; 2005ean amaitu zen munduko proiektu hori.

Klima-aldaketa
Josean Galerak hauxe ere gaineratu du: «Baso-sistemek funtsezko eginkizuna dute klima-aldaketaren aurkako borrokan; izan ere, ekosistema haiek sortzeko, aisiarako erabiltzeko eta babesteko eginkizun tradizionalaz gain, lan garrantzitsua ere egiten dute karbonoaren ziklo globalean, karbono kantitate handia pilatzen baitute landaredian eta lurzoruan, eta atmosferarekin karbono kantitate handiak trukatzen dituzte».

UNESCO Katedrako teknikarien iritziz, «klima-aldaketa XXI. mendeko ingurumen-arazo nagusietako bat da, eta atmosferan berotegi-efektuko gasak pilatzeak eragiten du. CO2 da berotegi-efektuko gas garrantzitsuenetako bat, eta gero eta gehiago pilatzen ari da atmosferan erregai fosilak erabiltzearen ondorioz».

Basoek klima-aldaketaren kontrako borrokan basoek duten eginkizuna aintzat hartzen du Kyotoko Protokoloak, atmosferako CO2 pilaketa murrizten laguntzen baitute fotosintesiaren bidez CO2 ateratzean. Fotosintesiaren bidez bahituriko karbonoaren zati bat atmosferara askatzen da arnasketako eta deskonposizioko prozesuetan; karbonoaren gainerakoa, berriz, egurrean eta lurzoruko materia organikoan pilatzen da. Ondorioz, klima-aldaketaren aurkako borrokan funtsezko faktorea da lurreko ekosistemetan eta bereziki basoetan bildutako CO2 handitzea

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)