Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

“Euskarak ondoan izan du, du eta izango du Eusko Jaurlaritza iparraldean, denon beharra baitu”

2013.eko uztailak 17

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak parte hartu du gaur Baionan, Eusko Jaurlaritzak eta Iparraldeko Euskara Erakunde Publikoak sinaturiko lankidetza hitzarmenari dagozkion diru-laguntzen ebazpenaren aurkezpenean.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak parte hartu du gaur Baionan, Eusko Jaurlaritza eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoaren arteko lankidetza hitzarmenean aurreikusitako diru-laguntzen ebazpena aurkezteko Pirineo-Atlantikoetako Kontseilu Nagusiaren egoitzan egin den ekitaldian. Berarekin batera, Euskararen Erakunde Publikoko presidente François Maitiak parte hartu du.

Bere hitzaldian, Baztarrikak gogorarazi ditu bi herri erakundeen arteko lankidetzaren ibilbidea eta helburu nagusiak: “2007ko otsailaren 7an sinatu zen, Baionan ere, Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publiko eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lehen hitzarmen-markoa. Akordio hura erakundeok euskararen gaineko hizkuntza politikako gaietan mugaz gaindiko lankidetza garatzeko borondatea praktikan gorpuzteko eta, era berean, erakunde mailako harreman iraunkorrak ezartzeko eta garatzeko bideak finkatzeko asmoz jaio zen, betiere herri erakunde bakoitzaren erabaki-autonomia, funtzionamendu-arauak eta jarduera-esparrua errespetatuta. Lehenbiziko haren ondoren, 2011n hain zuzen ere, izenpetu zen Eusko Jaurlaritzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko bigarren hitzarmen-markoa, 2011-2016 epealdirako orduko hartan, eta aurtengo apirilaren 17an sinatu zen, hemen bertan, 2013ko jardunaldiari dagokion hitzarmena”.  Eusko Jaurlaritzak 400.000 euro jarri ditu 2013ko hitzarmenean adosturiko 1.600.000 euroko fondoan.

Bi erakundeetako ordezkariek adierazi dutenez, aurten 83 egitasmo aurkeztu da deialdi honetara, 55 eskatzaileren eskutik, eta, horietatik, 65 egitasmo diruz lagundu da, 8 hitzarmen bidez, eta 57 Proiektu Deialdiaren bidez. Hitzarmen bidez, irakaskuntza alorreko hainbat erakunderen jarduna laguntzen da: Seaska (Iparraldeko ikastolak); Ikas-bi eta Biga Bai (eskola publikoko eredu elebidunaren aldeko guraso elkarteak) eta Euskal Hazia (kristau eskoletan eredu elebiduna sustatzeko guraso elkartea). Alor horrez gain, eta hitzarmen bidezko laguntzen multzoan beti ere, beste erakunde batzuen jarduera laguntzen da: AEK, Euskal Irratiak, Bertsularien Lagunak eta Uda Leku (azken biak, gazteentzako aisialdirako euskarazko egitasmoak kudeatzen dituzten elkarteak).

Proiektu Deialdian, berriz, bi multzo nagusitan sailkatzen dira egitasmoak: transmisioa eta erabilera, eta, erabileraren multzoan, aisialdia, bizitza soziala, hedabideak eta argitalpenak bereizten dira. Atal honetan, eta diru-laguntzaren muntaren arabera, hedabideen multzoa da lehenetsia.

Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, azken datuen arabera euskarak Iparraldean bizi duen egoera zaila gogorarazi zuen: “Euskarak hiztunak galtzen jarraitzen du Ipar Euskal Herrian, eta ahuldu egin da, era berean, euskararen aldeko jarrera herritarrengan. Zorionez, gazte elebidunen kopurua hasi da gora egiten. Horregatik, Euskarak ondoan izan du, du eta izango du Eusko Jaurlaritza Iparraldean, denon beharra baitu”. Eta errealitate horretan lan egiten duten gizarte eragile eta herri erakundeen arteko osagarritasuna hizpidera ekarrita, animatu ditu “diru-laguntza hauek jasoko dituzten elkarte eta gizarte eragile guztiak beren lanean eraginkortasuna eta bikaintasuna bilatzera. Hori izango da arrakastaren bermerik seguruena, eta gure herri erakundeen arteko lankidetzaren justifikaziorik garbiena”. Era berean, Iparraldean euskararen sustapenean lanean ari diren gizarte eragileen aniztasuna goraipatu zuen, “denok baikara beharrezkoak euskara biziberritzeko ahaleginean, nor bere planteamendutik, baina lankidetza leialean eta elkarren errespetuan oinarriturik”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • François Maïtia