Berriak Lehendakaritza

Eusko Jaurlaritzak gizarte-bazterketaren arrisku-maila neurtuko du lehendabiziko aldiz

2013.eko uztailak 16

Gobernu Kontseiluak gizarte-bazterketa baloratzeko dekretu bat onartu berri du. Kontseiluaren ostean izandako prentsaurrekoan Josu Erkoreka bozeramaileak adierazi duenez, gizarte-bazterketaren arrisku-maila «lehenengo aldiz» eta «modu indibidual eta pertsonalizatuan» baloratzeko aukera emango duten adierazleen zerrenda bat da. Horien helburua ahalik eta eraginkortasun handienarekin esku hartzea da. Arlo ekonomikoa, osasunekoa eta pertsonala hartuko dira aintzat, besteak beste. Hala, hiru multzo bereiziko dira: gizarteratzea, gizarte-bazterkeriaren arriskua eta gizarte-bazterketa.

Gobernu Kontseiluak gizarte-etxebizitzak alokatzea eta zaharberritzea sustatzeko 40,3 milioi euroko laguntzak ere onartu ditu. Adierazi du, halaber, 15 milioi euro bideratuko dituela «Zaharberritzeetarako Renove Planera». Horri esker, 3.100 lanposturi eutsi ahal izango zaie. Bestalde, 24 milioi euro bideratuko ditu gizarte-alokairurako etxebizitza berriak eraikitzeko.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak X. Legegintzaldiko Legebiltzarreko saioen lehen denboraldian izandako jarduerari buruzko datuak ezagutarazi ditu. Datuon arabera, «jarduera areagotu egin da»: gobernukideak 59 aldiz azaldu dira Osoko Bilkuraren edo Batzordearen aurrean, aurreko legegintzaldian baino % 10 gehiago. Galderen erantzunei edo informazio-eskaerei dagokienez, Erkorekak esan du oraingo gobernuak 1.044 galdera eta 480 eskaera erantzun dituela.

Erkorekak kazetariek «Bárcenas kasua»ri buruz egin dizkioten galderei erantzun die.  Esan duenez, «kezkatuta» dago kasu hau «egoera politiko osoa baldintzatzen ari baita». Adierazi du, gainera, Espainiako Gobernuko presidenteak «azalpenak eman behar dituela Kongresuan». Nabarmendu duenez, «herritarrek ezin dute gehiago itxaron» eta «Bárcenas kasu»ak gobernagarritasuna kalte dezake.

Europako Batzordeak bihar hartuko du tax-leasearen zehapenaren inguruko erabakia. Josu Erkoreka bozeramaileak baieztatu duenez, azken berrien arabera, «bihar eztabaidatuko den proposamena zehazpen-aldia 2007 eta 2011 artekoa izatea da». Nolanahi ere, azpimarratu du Jaurlaritzak lanean jarraituko duela Batzordearen erabakiak «ontziolen etorkizuna zain dezan». «Zain gaude», baieztatu du.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2013.07.16)

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)