Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzako Azpiegituren Zuzendaritzak Donostiako familiei eskatu die saihesteko seme-alabak portuan bainatzea, ontzi-trafikoa handiagoa baita

2013.eko uztailak 15

• Portutik itsasora salto egitean traumatismoak izateko arriskuaz ohartarazi du

Eusko Jaurlaritzako Portu Azpiegituren Zuzendaritzak Donostiako portuan bainatzeko ohitura duten adingabeen gurasoei gomendatu die azaltzeko seme-alabei jokabide horren arriskuak, udan, portuko uretan ontzien trafikoa handia izaten baita.

Almudena Ruiz de Angulo Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailaren Azpiegituretako zuzendariaren esanetan, «adingabeek Aita Mari jatetxearen inguruan eta portuko beste leku batzuetan bainatzean duten arriskua ekidin nahi da; esaterako, paseoan dabiltzanei uretara txanponak botatzea eskatuta, urpean harrapatzera jolasten direnean. Gero eta gehiago dira hara eta hona ibiltzen laketontziak eta arrantzazaleak, eta, ondorioz, arriskua agerikoa da».

Azpiegituren arduradunaren arabera, «egia da Donostiako portuko ohitura zaharra dela, ia berrogeita hamar urtez ikusi ditugula uretan txakur txiki bat botatzeko eskea eginez, baina garai bateko portu lasaia, arrainontzi eta laketontzi gutxiko hura, itsas kirolen zentro aktibo bihurtu da. Hala, adingabeek izan ditzaketen arriskuak ekidin behar dira, asko baitira sartu-irtenean dabiltzan karel-kanpoko ontziak eta handia, halaber, portua ezagutzen ez duten ontzien joan-etorria».

«Gainera, -dio Ruiz de Angulok- adingabe batzuek Moierditik edo beste leku batzuetatik uretara salto egiteko ohitura dute. Horren aurrean, osasun-arretako eta larrialdietako zerbitzuek jokaera horrek duen arriskua nabarmentzen dute; izan ere, ura, hondoa edota are ontziren bat jotzeak traumatismo larriak eragin ditzake».

«Kontua ez da adingabeei errieta egitea edo isuna jartzea, arrazoiak ematea baizik, egoeraren arriskuez jabetu daitezen. Etxean egin beharreko lana da hori eta, hala, guztion artean ustekabeko gaiztoak ekidingo ditugu».

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau