Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Euskal biztanleak, ontziak hobekien birziklatzen dituztenen artean

2013.eko uztailak 15

2012an, 73.426 tona ontzi birziklatu ziren Euskadin

Edukiontzi horiko hondakinak birziklatzeko orduan gertatzen den akatsen tasa % 16 da, Estatuko batez bestekoa baino hamar puntu txikiagoa

Batez besteko, EAEko biztanle bakoitzak 14,58 kilo ontzi arin eraman zituen edukiontzi horira, eta 31,75 kilo paper eta kartoi edukiontzi urdinera


2012an, EAEko herritarrek 73.426 tona ontzi birziklatu zituzten, eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan eskuragarri dituzten 18.834 edukiontzien bidez. Batez beste, EAEko biztanle bakoitzak 14,58 kilo ontzi arin eraman zituen edukiontzi horira, eta 31,75 kilo paper eta kartoizko ontzi edukiontzi urdinera.

Gaur, Ecoembes irabazi asmorik gabeko erakundeak –plastizoko ontzien, potoen eta briken eta kartoizko eta paperezko ontzien berreskuratzea eta birziklapena koordinatzen du– eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak ontzien birziklapenari buruzko azken emaitzak aurkeztu dituzte. Horien arabera, Euskadi «gehien birziklatzen duen autonomia-erkidegoetako bat da; edukiontzi horian gaizki jarritako hondakinen tasa % 16 da, Espainiako batez bestekoa (% 26) baino hamar puntu txikiagoa eta 2011n erregistratutakoa baino bi puntu txikiagoa».

Kontzientzia handiagoa
Hondakinen banaketarekin eta gaikako bilketarekin lotuta Espainiako biztanleek dituzten ohiturak eta jarrerak aztertzeko Ecoembesek egindako azken ikerketari jarraiki (aurreko urteko datuak erabilita), euskaldunen % 76k hondakin guztiak edo ia guztiak banatzen dituzte egunero, Espainia mailan, proportzioa % 72 den bitartean.  Era berean, ikerketak dioenez, % 83k uste dute hondakinen birziklapena eta banaketa oso edo nahikoa garrantzitsuak direla ingurumena zaintzeko.

Ecoembeseko Komunikazio Korporatibo eta Marketineko zuzendari Antonio Barrónek sistema horretan aktiboki parte hartzen jarraitzera gonbidatu ditu herritarrak, era horretan, gure ingurunea babesten baitugu. Gogoratu duenez, «keinu sinple baten bidez, hau da, hondakinak banatzearen bidez, ontziak zabortegira eramatea ekiditen dugu, eta energia-kontsumoa eta berotegi efektuko gasen isurpena murrizten dugu. Gainera, ontziok herritarrentzako produktu berrien lehengai gisa aprobetxatzen ditugu».

Estatu mailan, etxeko ontzien % 70,3 birziklatzea lortu da 2012an, 2011n baino bi puntu gehiago. Horrek esan nahi du merkaturatzen diren hamar ontzitatik zazpi birziklatzen direla.

Espainiako gizartean gertatu den birziklapenaren handitzea are txalogarria da kontuan hartzen badugu kontsumoa murrizteak hondakin gutxiago sortzea eragin duela.  Izan ere, beherakada gertatu arren, herritarrek gero eta etxeko hondakin gehiago birziklatzen dituzte: 12,8 tona ontzi azken hamabost urtetan, ontziz betetako 960 futbol-zelairen baliokidea dena. Eta, hala, atmosferara 12,6 tona CO2 isurtzea ekidin da.

Ecoembesi buruz

Ecoembes Espainian plastikozko ontzien, potoen eta briken (edukiontzi horia) eta kartoizko eta paperezko ontzien (edukiontzi urdina) berreskuratzea eta birziklapena kudeatzen dituen irabazi asmorik gabeko erakundea da.

2012an ia 1,2 milioi tona ontzi arin eta kartoizko eta paperezko ontzi birziklatu ziren Espainian, eta birziklatze-tasa % 70,3ra iritsi zen. Ecoembesen Kudeaketa Sistema Integratuak 1998an martxan jarri zuen bere zeregin dibulgatiboa, eta harrezkero atmosferara 12,6 milioi tona CO2 isurtzea ekidin du, 12,8 milioi tona ontzi birziklatzearen bidez (960 futbol-zelairen baliokidea). Horren bidez 14,5 milioi Mwh ere aurreztu dira. Kopuru hori Valentzia eta Bilboko herritarrek urtebetez kontsumitzen duten energia baino handiagoa da, eta 5,5 milioi biztanleren urteko ur-kontsumoa baino handiagoa (343 milioi m3). Horretaz aparte, Ecoembesen Kudeaketa Sistema Integratuak 4.200 lanpostu zuzen sortzen ditu.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Antonio Barrón, director de comunicación y márketing de Ecoembes