Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregi: “Gobernuaren lehentasunetako bat da eskualde-estrategian ekosistemen kudeaketa txertatzea”

2013.eko uztailak 12
  • Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak Biosferaren Erreserbetako ekosistema-zerbitzuei buruz Urdaibain egingo diren jardunaldi teknikoei hasiera eman die.


Irekiera ekitaldian, Ana Oregi sailburuak 1984an Urdaibai Biosferaren Erreserba izendatu zutenetik, eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta, besteak beste, EHUrekin edo UNESCO Etxearekin lankidetzari esker, jasotako emaitza onak aldarrikatu ditu. Aipatutako erakundeak, gainera, jardunaldiaren antolatzaileak dira. Sailburuaren esanetan, «urrats garrantzitsuak eman dira, hala ingurumen arloan, nola eskualdeei dagokienez, bi kontzeptuok ezin daitezkeelako bereizi».


Hirurogei aditu bildu dira gaur Euskadiko Biodibertsitatearen Zentroan, Urdaibaiko Erreserban, ekosistemak eta horiei loturiko zerbitzuak kudeatzeari buruzko esperientziak elkarri jakinarazteko, «Ekosistema-zerbitzuen aplikagarritasuna biosferaren erreserbatan» izeneko mintegiaren harira.

Halaber, Ingurumeneko sailburuak Bizkaiko lurralde historikoan eta Foru Aldundiaren gidaritzapean milurtekoko ekosistemak deituen ebaluazioan egindako lan aitzindaria txalotu du, Eusko Jaurlaritzak toki mailako ebaluazio-esperientziak EAEko beste eremu batzuetara hedatzeko asmoa duela azaltzeaz gain. Horri helduta, Iosu Madariaga Bizkaiko Ingurumen Foru-diputatuak nabarmendu duenez, «Urdaibai inguru pribilegiatua da gure ekosistemak ezagutu eta aitortzeko, horiek eskainitako zerbitzuen mende gaudelako».

Irekiera jardunaldian, sailburuaz eta diputatuaz gain, Mikel Mancisidor UNESCO Etxearen zuzendaria eta Meriem Bouamrane UNESCOren Biosferaren Erreserben Munduko Sareko kidea izan dira. Azken honek esandakoaren arabera, «Urdaibaiko Erreserbak errekonozimendu handia du nazioartean eta eredugarria da herritarrentzako ingurumen-hezkuntzako ekintzetan».

Esperientziak eta Bizkaia-Milurtekoko Ekosistemen Ebaluazio-proiektuan jasotako emaitzak elkarri jakinarazi baino lehen, mintegian Urdaibaiko Erreserbak EuroMab 2013 programan antolatuko duen tailerrerako ekarpenak ere bilduko dira. Kanadan urrian egingo den biltzarrean, UNESCOko Biosferaren Erreserben Munduko Sareko Europako eta Ipar Amerikako kideek hartuko dute parte.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Mikel Mancisidor, Iosu Madariaga, Meriem Bouanrane,