Berriak Segurtasuna
Eu

Bigarren eskuko urre eta harribitxi salmentaren gaineko kontrolari esker urtean 60 delitutik gora ebatzi ditu Bilboko Ertzaintzak

2013.eko uztailak 13

Euskadin mota horretako 20 negozio zeuden eta hiru urte geroago 170 daude

Ertzaintzak bigarren eskuko urre eta harribitxi salmentarako establezimenduen gaineko kontrol sistematikoa egiten du eta, horri esker, Bilbon, kasu, urtean 60 delitutik gora ebatzi ditzake. Ertzaintzak legez kanpoko jokabideak hauteman ditu sektoreko establezimendu batzuetan eta, ondorioz, Bizkaian, azken hilabeteetan, mota horretako negozioen 9 arduradun atxilotu dituzte, gehienbat errezibitze delituagatik. 2012an, Segurtasun Sailak 73 espediente zabaldu zituen Euskadin segurtasun neurriak ez betetzeagatik edo urrearen eta harribitxien eros-prozesuetan irregulartasunak hautemateagatik.

Ertzaintzak, 2010az geroztik, bigarren eskuko urre eta harribitxi salerosketa guztien gaineko kontrol sistematikoa egiten du. Guardiako Ikerketako Kriminaleko Unitateko polizia-adituek diotenez, jarduera ekonomiko horren gaineko segimendua emaitza onen iturri da, legez kanpoko salmenten egileak eta salerosketaren alde bietako errezibitzaileak zirkulaziotik ateratzeari dagokionez. Jarduera hori, besteak beste, segurtasun pribatuaren, herri-segurtasunaren eta metal preziatuen gaineko legeen mende dago.

Astean behin, negozio horien arduradunek salerosketaren daturik esanguratsuenak jasota dauden kontratuaren kopia bat eraman behar dute dagokien mugapeko ertzain-etxera. Txostenean eragiketaren balioa adierazi behar da, hala nola pisua eta kilateak, material guztiaren argazkiak sartzeaz gain. Oraingoz, prozesua paperean egiten da, baina Segurtasun Sailak izapidea arinduko lukeen aplikazio telematiko bat ezartzeko lanak hasita dauzka.

Txosten horiek Ertzaintzari eman ostean, piezak galdatu eta saldu ezin daitezkeen denboraldi bat dago, horien guztien jatorria ikertzeko. Bilbori dagokionez, kontrolaren ardura duten agenteek astean 1.500 salerosketa-kontratu jasotzen dituzte batez bestean. Kontrol-sistema hori Deustuko ertzain-etxeko Guardiako Ikerketa Kriminalerako Unitateak sortu zuen 2010ean, baina egun Euskadiko ertzain-etxe guztietan aplikatzen da.

Agenteek kontratuotako informazioa eta Ertzaintzak astero jaso ohi dituen ehunka salaketetan aipatutako harribitxien eta urre piezen deskribapena alderatzen dituzte. Bat-etortzerik topatuz gero, Ertzaintzak sorta osoa ibilgetuko du eta ikerketa zabalduko du, harik eta urrearen edo harribitxien legez kanpoko jatorria berretsi arte. Delitugileak atxilotu eta ondasunak legezko jabeari itzultzean itxi ohi da kasua.

Ebatzitako kasuak

Kontrol mota hori 2010ean indarrean jarri zenetik, Bilboko Ertzaintzak 100 delitu inguru argitu ahal izan ditu 2012 urtera arte. Gainera, 85 errezibitze, faltsutze edo iruzur delitu hauteman dituzte. Bilboko mugapean harribitxien kontrolari loturiko delitugintzaren aurka urtero egindako 60 eragiketa baino gehiago horiek Bizkaia osoan gauzatu dira, baina baita Burgosen, Logroñon, Madrilen, Nafarroan edo Zaragozan ere. Jardueraren segimenduari esker, hiru urtean 150 espediente ireki dira Herri-segurtasunari buruzko Legearen aurkako ekintzengatik.

2013 honetako martxoaren eta maiatzaren artean gertatu da kasurik esanguratsuenetako bat. Ertzaintzak elkarri loturiko bi operazio gauzatu zituen hil horietan, lapurren eta errezibitzaileen arteko loturaren isla direnak. Lehenik, Bizkaiko eta Kantabriako etxebizitzetan eta saltokietan lapurtzen espezializatutako talde bat atxilotu zuten, berrogeita hamar lapurreta egotzita. Lapurtutako ondasunen ibilbidea ikertuta, bi hilabete geroago bost pertsona atxilotu zituzten Portugaleten bi urre salerosketa egiteagatik; pertsona horiek aipatutako lapur-taldeak lapurtutako urre-piezak eta harribitxiak erosi zituzten, legez kanpoko jatorria zutela jakin arren.

Duela hilabete batzuk, Ertzaintzak 32 urteko emakume bat atxilotu zuen Barakaldon. Urre salerosketako establezimendu batean lan egiten zuen eta metal horren 2 kg lapurtu zituen, kontratuaren agiriak faltsututa. Mota horretako establezimenduen arduradun batzuk ere atxilotu dituzte, esaterako, Bilbon eta Getxon, errezibitzeagatik eta agiriak faltsutzeagatik.

Kasualitatea zer den, 2011ko abuztuan, Bilbon, adineko gizon bati eraztun bat eta urrezko medaila bat indarrez lapurtu zizkioten gaizkileak atxilotu zituzten pieza horiek biktimaren alabaren establezimenduan saltzen saiatu zirenean.

Segurtasun neurrien kontrola

Egun, 22 dira Araban erregistratutako harribitxien eta metal preziatuen salerosketarako establezimenduak, 99 Bizkaian eta 52 Gipuzkoan. 2010 urtea baino lehen, 20 besterik ez zeuden Euskadi osoan. Azken hiru urteetan, 22 establezimendu ireki dira Araban, 90 Bizkaian eta 61 Gipuzkoan.

Ertzaintzaren Segurtasun Pribaturako Unitatea arduratzen da Segurtasun Pribatuaren Legeak eta Araudiak agintzen dituzten segurtasun-neurrien instalazioak eta mantentze-lanak ikuskatzeaz. Harribitxiak eta metal preziatuak salerosteko establezimenduen baldintzak aztertuta, irekitzeko baimena ematen dute.

Mota horretako negozioetan ezarri beharreko segurtasun-neurriak diru-kopuru handiak edo pieza baliotsuak egon ohi diren establezimenduetakoen (bitxi-dendetakoen edo loteria-administrazioetakoen) antzekoak dira. Betekizun horien artean daude alarma-zentro baterako konexioa edukitzea, ateak eta erakusleihoa blindatzea eta kutxa gotorra eta sarrera-detektagailuak edukitzea.

Halaber, polizia-zerbitzu horren ardura da salerosketa-idazpenak erregistratzeko liburuak bideratzea. Liburu horietan, salerosketaren daturik esanguratsuenak jaso behar dituzte establezimenduen titularrek.

Neurrietako bat ez betetzeak Segurtasun Saileko Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzak aztertzen duen espedientea irekitzea dakar. 2012an, guztira 73 espediente ireki ziren: 68 arin eta 5 larri. Gehienak, 46, Bizkaiko lokalei dagozkie, 22 Gipuzkoakoei eta 5 Arabakoei. Lege-hausteetako asko eta asko kontratu-agiriei buruzkoak dira, baina badira zentralarekiko konexioa nahita eteteari buruzkoak, hala nola segurtasun-akatsak.

Ertzaintzak harribitxiak, objektu baliotsuak, eta abar dituztenei horien guztien argazkiak ateratzea gomendatzen die, galdu edo lapurtuz gero, aurkitutakoan, identifikatu eta jabeari itzuli ahal izateko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau