Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak kezkatuta jarraitzen du baina oraindik Almuniaren erabakia aldatzeko denbora dagoela uste du

2013.eko uztailak 11

Iñigo Urkullu Lehendakariak kezka adierazi du gaur Bruselan, ontziolen sektoreak bizi duen egoeraren aurrean. Hala eta guztiz ere, ziur dago “Europar Batzordeak gaurko bileraren ondoren baduela oraindik tartea ontziolen itxiera saihestuko lukeen erabaki bat hartzeko”. 

Urkullu lehendakariak, Industriako ministro José Manuel Soriak, Galiziako presidente Alberto Nuñez Feijóok, Asturiasko presidente Javier Fernándezek eta sektore eta sindikatuetako ordezkariek bilera egin dute Bruselan gaur goizean Almunia komisariorarekin. Bertan, Almuniak entzun egin ditu ebazpen-proposamena aldatzeko eskatuz aurkeztutako arrazoiak baina ez du esan aintzat hartuko dituenik. Erabakia aldatuko ez balu Europako Batzordeak 2.000 milioi euro ordaintzera behartuko luke sektorea eta ondorioz, sektorea ixtera behartuko litzateke.

Lehendakariak eta gainerako ordezkariek argudio juridiko, ekonomiko, politiko eta sozial sendoak eman dizkiote berriro komisarioari, honen iritzia aldatzeko helburuarekin.

Bileratik irtetean, Iñigo Urkulluk “kezka” adierazi du, Almuniak “ez baitie behin betiko erantzunik eman mahai gainean jarritako argudioei”. Nolanahi ere, uste du “oraindik denbora dagoela Almuniari iritzia aldarazteko”. “Denbora hori bereziki baliatu behar dugu Europako Batzordeko kide guztiei argudioak azaltzeko”, zioen Lehendakariak. Gainera, dei egin dio Espainiako Mariano Rajoy presidenteari, Europar Batzordeko presidente Durao Barrosorekin hitz egin dezan gai honen inguruan.

Bestetik, Lehendakariak dio Batzordearen azken erabakia laguntzak itzultzearena balitz ere, prestatuko lukeen txosten horretan Europak baduela nahikoa tarte, balizko itzulketa horrek ontziolen etorkizunari ez diezaion eragin. Gaineratu du “ulertezina litzatekeela 2005etik hasitako isuna ezartzea, baizik eta kontuan hartu beharrekoa txostenaren hasiera data izan beharko litzatekeela”. Iragarri du bestetik, datozen egunetan Eusko Jaurlaritzak lanean jarraituko duela maila guztietako hartu-emanekin. 

Jaurlaritzak ez luke sektorearen etorkizunari kalte egingo liokeen erabakirik ulertuko, Euskadiko, Espainiako eta Europako ontzigileak ixtera eramango bailituzke. Euskadin 14.800 enplegu zuzen eta zeharkako galduko lirateke, eta Espainiako Estatuan, berriz, 87.000.

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzak euskal ontzigintzaren etorkizuna defendatzeko konpromisoa berresten dute, iritzita jarduera industrial hori bideragarria dela ekonomikoki eta lehiakorra mundu-mailan, bere maila teknologikoa dela-eta. Hala, elkarrekin estrategia bat prestatuko dute, sektorearen jarraipena bermatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)