Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Eusko Jaurlaritza 2014an aurkeztuko duen Fundazioen Lege berriaren zirrborroa garatzen hasi da

2013.eko uztailak 12
  • Erreformaren bidez, Eusko Jaurlaritzak fundazioen egungo errealitatera eta sektorearen eskakizunetara egokituko du legea, esparru juridiko eta operatibo berria eskatzen ari baita.
  • Jaurlaritzak 2014ko hirugarren hiruhilekoan onartuko du euskal fundazioen legearen aurreproiektua.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak «Orientabide Berriak Fundazioen Antolamendu eta Egitura Juridikoan» kongresua amaitu du gaur. Kongresua Eusko Jaurlaritzak antolatu du EHUko udako ikastaroen barruan. 

Bi egunez, sektoreko hainbat eragilek fundazioen osaera juridikoa modu egokian zehazteko orduan entitateok aurre egin behar dieten erronken inguruko gogoeta egin dute.

Amaiera-mintzaldian, Josu Erkorekak adierazi du ezinbestekoa dela fundazio-erakundeek kudeaketa akatsgabea edukitzea. Honetaz gain, 2014ko hirugarren hiruhilekoan Eusko Jaurlaritzak onartu nahi duen euskal fundazioen legearen aurreproiektuak jasoko dituen zenbait berritasun aurreratu ditu Josu Erkorekak:

Lehenik eta behin, Eusko Jaurlaritzaren iritziz, azken urteotako fundazioen hazkundea kontuan hartzeaz gain, entitateen konplexutasun gero eta handiagoa ere kontuan hartu beharko du erreformak. Egun, fundazio mota berriak daude: teknologikoak, banku sektorekoak, sektore publikokoak... Guztiek egitura konplexua dute, eta berariazko araudia eta sektore ezberdinen kontrola eskatzen dute; etorkizuneko legearen zirriborroak biok barne hartzen ditu.

Bigarrenez, gaur egun, fundazioen erdiak ez ditu beren kontuak aurkezten urte bakoitzaren amaieran. Gainera, betebehar hori betetzen dutenen artean, % 30ek epez kanpo egiten dute. Horiek horrela, etorkizuneko legean euskal administrazio publikoak azkar eta eraginkortasunez eta laguntza judizialera jo behar izan gabe jarduteko beharrezko mekanismoak txertatu beharko dira.

Zentzu horretan, gobernuak aurkeztuko duen euskal fundazioen legearen testuak neurriak aurreikusiko ditu oinarrizko betebeharrak betetzen ez dituzten fundazioentzat. Esate baterako, erregistroa ixtea eta diru-laguntzak ezin eskuratzea. Helburua entitateok funtzionatzeko behar duten autonomiaren eta betebeharrak betetzeko eskakizunaren arteko oreka bilatzea da.

Hirugarrenez, euskal fundazioen legearen aurreproiektuak betebegar hauxe ezarriko du: fundazio publikoek edo sektore publikoan parte hartzen dutenek emandako funtsak itzuli beharko dizkiote administrazio publikoari, likidazioa egin ostean.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak fundazioen bidez sozialki garrantzitsuak diren ekintzak sustatu eta fundazioek izapideak modu telematikoan egin ahal izatea erraztu nahi du, Jaurlaritzak administrazio eraginkor, hurbil eta gardenagoarekin duen konpromisoa erakutsiz era horretan.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau