Berriak Kultura
Eu

Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren 2010eko deialdia

2010.eko apirilak 12

Ehun bat gaztek parte hartuko dute udan Eusko Jaurlaritzak lankidetzarako bultzatuko dituen 33 proiektuetan 

Gazteria eta Gizarte Ekintzako zuzendariaren hitzetan, gazteak Garapen Lankidetzarako ekintzei begira "sentsibilizatzea" eta "herrien eta kulturen artean elkartasunerako kultura sustatzea" da helburua. 

Eusko Jaurlaritzak «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programaren 2010eko edizioaren deialdia egin du, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta Kultura Sailak antolaturiko ekimena. Deialdi horren bidez, 20 eta 30 urte bitarteko 100 pertsona (gehienez) hainbat herrialdetara joan ahal izango dira lankidetza-proiektuetan parte hartzera. Hautatutako gazteak eta proiektuak Kulturako sailburuak 2010eko urtarrilaren 27an emandako Aginduaren bitartez aukeratu dira (Kulturako sailburuaren 2010eko urtarrilaren 27ko Agindua, garapen-lankidetzarako entitateei dei egiten diena Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren 2010eko «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programarako proiektuak aurkezteko).

Natxo Rodriguez Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzako zuzendariak Marta Ares Garapen Lankidetzarako zuzendariarekin egin duen aurkezpenean adierazi duenez, programa honek euskal gazteak "sentsibilizatu" egin nahi ditu Garapen Lankidetzarako ekintzen aurrean eta "herrien eta kulturen artean elkartasunerako kultura sustatu".

Gazteriako zuzendariaren arabera, aurten 33 proiektu aukeratu dituzte, 16 herrialdetan garatzeko: Latinoamerikako 10 herrialdetan, Afrikako 5 herrialdetan eta Asiako batean. Herrialde horietako herritarren oinarrizko premiak asetzeko eta emakumeen jabekuntza lortzeko lanean arituko dira lankide eta boluntarioak. Uholde arriskuak txikitu, zainketa aringarriak handitu eta haur zein helduentzat aisiarako jarduerak bultzatzeko proiektuak bideratuko dituzte.

Eusko Jaurlaritzak 250.000 euroko partida bat bideratuko du aurten, gobernuz kanpoko erakundearekin (GKE) harremanetan jartzeko tokiraino joan-etorriko bidaiaren gastuak ordaintzeko (bisaren gastuak barne, halakorik behar izanez gero), eta hautagaientzako erantzukizun zibileko eta istripu aseguruak eta bidaiako laguntza-asegurua pagatzeko. GKEek 450 euro hartuko dituzte euren kargu hartzen duten boluntario bakoitzagatik, horien egonaldia eta mantenua ordaintzeko.

Aurreko edizioan 93 pertsona hautatu ziren, eskaera egin zuten 455 gazteen artetik. Gazte horiek 48 proiektutan parte hartu zuten, Euskadiko eta Hegoaldeko herrialdeetako 56 GGKEk aurkeztutako proiektuak hain zuzen ere. Epea zabalik dago, aurten Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan parte hartu nahi duen orok eskabidea egin dezan eta Amerikako, Afrikako edo Asiako herrialdeetan (Indian, adibidez) hautatu diren 33 proiektuetan parte har dezan.

Programan parte hartu ahal izateko baldintzak hauek dira: 2010eko urtarrilaren 1a baino lehen Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzea edo euskal herritartasuna aitorturik izatea (Autonomia Estatutuaren 7. artikuluan jasotzen den moduan), 2010eko urtarrilaren 1a baino lehen 20 urte beteta izatea eta 2010eko abenduaren 31 baino lehen 31 bete gabe izatea, eta proiektua garatuko den herrialdeko hizkuntza ofiziala ezagutzea.

Eusko Jaurlaritzak 170 gazte hautatuko ditu jasotako eskari guztien artean, hiru eguneko egonaldi bat izango da horiekin aterpe batean, eta behin-behineko hautagai horien artean behin betiko ehun hautagaiak aukeratuko dituzte. Hautatuek, gainera, GKEek eskainiko dituzten prestakuntza jardunaldi batzuetan parte hartu beharko dute.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Natxo Rodriguez