Berriak Osasuna
Eu

Osasun Saila Plan Estrategiko bati akabera ematen ari da (2013-2016) hiesari eta sexu-transmisio bidezko infekzioen gorakadari aurre egiteko

2013.eko uztailak 11

Jon Darpon Osasun sailburuak aurreratu du lehentasuna emango zaiola prebentzioari -bereziki gazte guztien eta sexu-harremanak gizonekin izaten dituzten gizonen artean-, diagnostiko goiztiarrari eta GIBa izateagatik jasaten den diskriminazioaren aurkako borrokari

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila plan estrategiko bat (2013-2016) ari da amaitzen HIESaren birusari eta sexu-transmisio bidezko infekzioei aurre egiteko. Plan estrategiko horren lehentasunak izango dira prebentzioa gazte guztien eta sexu-harremanak gizonekin izaten dituzten gizonen artean, diagnostiko goiztiarra eta GIBa dutenek jasaten duten diskriminazioari aurre egitea.  

Horixe iragarri du gaur Bilbon Jon Darpon Osasun sailburuak, gaurtik aurrera eta uda sasoirako "Zeuk aukeratzen duzu zer sartzen den zeure harremanetan, baita kanpoan zer geratzen den ere" lelopean egingo den kanpaina aurkezteko egin duen prentsaurrekoan.   Agerraldian izan dira baita ere Asier Lekuona Euskalsida HIESaren aurkako Euskadiko GKEen presidentea, eta Daniel Zulaika HIESaren eta Sexu-transmisiozko Infekzioen Planaren koordinatzailea.

Jon Darponek aurreratu du GIBari eta sexu-transmisiozko infekzioei aurre egiteko 2013-2016 plan estrategikoak lau helburu nagusi dituela:

1.- Gazteen artean, GIBaren transmisioa, sexu-transmisiozko infekzioak eta nahi ez diren haurdunaldiak prebenitzea.

2.- GIBa eta sexu-transmisiozko infekzioak prebenitzea herritar guztien artean, baina ahalegin berezia egitea sexu-harremanak gizonekin izaten dituzten gizonen artean.  

3.- GIBagatiko infekzioaren diagnostiko goiztiarrak bultzatzea, GIB-probak egitea sustatuz.

4.- GIBa dutenek jasaten duten estigma eta diskriminazioa gutxitzea.

Gaur egun, Euskadik alor honetan aurre egin behar dion agertoki berrira egokitzeko beharra zegoelako jarri da abian plan hau. Errealitate berri honek aldaketa garrantzitsuak izango ditu, eta, horrenbestez, prebentzioa bera ere aldatu egin beharko da, koordenada hauetara ekartzeko:

-Prebentzio-programetan hasteko adina jaistea. Euskadiko 15 eta 18 urte arteko 10 nerabetatik lauk edukiak ditu jada sexu-harremanak, eta koito bidezko lehenengo sexu-harremana izan den adina 2005ean 17,2 urte izatetik 15,7 urte izatera igaro da, 2011n.  

- Sexu-transmisioko infekzio klasikoak birulentziaz agertu dira berriz, hala nola sifilisa, klamidia edo gonorrea; 90eko hamarkadan asko gutxitu ziren, baina orain berriz agertu dira gure inguruko herrialdeetan; hala ere, badirudi hazkunde horrek goia jo duela.   Edonola ere, kalkulatzen da sifilis-kasuak, adibidez, hiruz biderkatu direla azken bost urte hauetan (2008-2012), aurreko bost urteekin alderatuz gero (2003-2007).

- Sexu-harremanak gizonekin dituzten gizonak une honetan sexu-transmisioko infekzioak izateko talde bereziki nabaria da, talde horretan izaten baita sifilis kasuen % 75, baita GIBagatiko infekzio berrien % 49 ere.

- Atzerapen diagnostikoa izenez ezagutzen dena: 2012an, GIBagatiko infekzio berrien ia erdia (% 46) beranduko diagnostikoak izan dira; horrek esan nahi du birusaz infektatu eta diagnosi-testa egin bitartean zenbait urte igaro direla, eta, jakina, horrek ondorio negatiboak ditu, bai norbanakoaren osasunerako, bai talde-osasunerako.

- Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrietara jotzea; izan ere, zeregin nabarmena dute Eusko Jaurlaritzaren Plan Estrategikoan. Orain hilabete, Osakidetzak aplikazio bat sortu du telefono mugikorraren bidez on-line kontsultak egiteko, sexu-harremanak gizonekin izaten dituzten gizonentzat.

UDAKO PREBENTZIO-KANPAINA

Testuinguru honetan kokatzen da Zeuk aukeratzen duzu zer sartzen den zeure harremanetan, baita kanpoan zer geratzen den ere izeneko kanpaina; helburua, hain zuzen ere, errealitate berri hori agerian jartzea, herritarrek duten informazioa hobetzea eta arriskua hautemateko maila goratzea da, herritarrek prebentzio-neurriak har ditzaten bultzatzeko.  

Hala, gaur bertan jarriko da abian kanpaina, hilabete inguru iraungo du, eta lau mezu nagusi izango ditu: sexu-transmisio bidezko infekzioak ugaritzen ari dira, GIBa/HIESa izateko arriskuak gora egin du, aho-sexua arriskuko jardun bat da infekzio horiek harrapatzeko, eta ez da sexu-harremanik izan behar preserbatiborik gabe.  

Oro har, Osasun Sailak 1.500 kartel banatu ditu (osasun-zentroetan, ospitaletan, farmazietan eta alor honetan diharduten GKEetan); era berean, Internet eta sare sozialen bidez ere hedatu du mezua, eta olana handi batzuk jarri ditu (5x3 metrokoak) EAEko 15 ospitale nagusietako fatxadetan eta osasun-zentroetan.  

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Asier Lekuona, Daniel Zulaica