Berriak Segurtasuna

Dekretua, Euskadiko Segurtasun Pribatuaren Koordinaziorako Batzorde Mistoari buruzkoa. (2013-07-09(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2013.eko uztailak 09

LABURPENA

GOBERNU KONTSEILUAK ARGI BERDEA EMAN DIO EUSKADIKO SEGURTASUN PRIBATUA KOORDINATZEKO BATZORDE MISTOA ERATZEKO DEKRETUARI

Segurtasun pribatuari loturiko sektore guztien parte-hartzearekin

Gobernu Kontseiluak, Segurtasuneko sailburuak eskatuta, Euskadiko Segurtasun Pribatua Koordinatzeko Batzorde Mistoa sortzea onartu du gaurko bileran. Kontsulta-organoa izango da eta segurtasun pribatuari loturiko sektore guztiek hartuko dute parte. Hauek dira, besteak beste, bere helburuak: Segurtasun Sailari aholku ematea, esperientzia-trukea koordinatzea, sektorean hobekuntzak proposatzea eta profesionalak trebatzen laguntzea.

2012ko ekainaren 28an onartutako Euskadiko Segurtasun Publikoko Sistema Antolatzeko Legeak aurreikusten duenaren arabera, segurtasun pribatuaren sektoreko jarduerak segurtasun publikoko euskal sisteman txertatu behar dira, lankidetza eraginkorra bermatzera bideratutako neurriak indarrean jarrita. Horrenbestez, legeak berak Euskadiko Segurtasun Pribatua Koordinatzeko Batzorde Mistoa eratzea agintzen du, segurtasun pribatuaren sektorearen eta administrazioaren esperientzia-trukea ahalbidetzeko, Euskadiko segurtasun pribatuko eragileak modu formalean barne hartuta.

Aipatutako batzordea sortzeko eskatzen duen aginduan, gaur onartutakoan, zehazten denez, batzordearen eginkizun izango dira segurtasun-sektoreen koordinazioa sustatzea, Segurtasun Sailari aholku ematea, jardunbide administratiboak homogeneizatzeko irizpideak proposatzea, esperientziak trukatzea, aurrerapen teknikoak ezagutu eta ezagutaraztea, Ertzaintzarekin koordinatzeko irizpideak proposatzea, segurtasun pribatuko langileen prestakuntzan laguntzea, dagozkion txostenak Sailari ematea eta lege-proiektuei buruzko kontsultak hartzea.

Sailak izendatutako pertsona bat izango da Batzorde Mistoaren presidente eta batzordeak hogeita bost kide izango ditu: sailak bost ordezkari izango ditu, segurtasun neurriak dituzten establezimenduek hamar, segurtasun-enpresek lau, segurtasun pribatuko langileek bost eta trebakuntza-enpresek bat. Gainera, Segurtasun Sailak idazkaria izendatuko du, erakunde berriak behar beste kide izan ditzan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan