Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Turismo-aterpetxeak antolatzeari buruzko Dekretua. (2013-07-09(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2013.eko uztailak 09

LABURPENA

TURISMO-ATERPETXEEI BURUZKO ARAUDI BERRIA

Eusko Jaurlaritzak turismo-aterpetxeak arautzeari buruzko dekretua onartu du gaur, turismo-araudia eguneratzeko lanarekin jarraituz. Sektorea arautzeaz gain, funtzionamendu-oinarriak ezarriko ditu.

Dekretu berriak euskal turismo-ostatu eskaintzaren diseinua osatuko du, eta egun garrantzi handiagoa lortzen ari den sektore baterako proposamen bat garatuko du. Izan ere, hainbat arrazoi direla eta -ostatuko lagunekin harreman handiagoa izatea eta prezio baxuagoak, kasu- turistek gela partekatuak eskaintzen dituzten ostatuak bilatzen dituzte gero eta gehiago.

Ezarritako baldintzek pentsioen azpiko maila hartuko duen figura eratu dute. Hauexek dira arauaren alderdi garrantzitsuenak:

Oro har, turismo-aterpetxeek turismo-ostatuen baldintza orokorrak bete behar dituzte: establezimendu publikoak izan behar dira eta ostatua prezio jakin baten truke eman behar dute, modu profesionalean eta ohikotasunez.

Zehazki, turismo-aterpetxeek ohe askoko geletan eman behar dute ostatu, hau da, 4 eta 30 lagun arteko geletan (biak barne). Hala ere, edukiera txikiagoko logelak ere izan ditzakete, baldin eta turismo-aterpetxearen guztizko edukieraren % 20 edo gutxiago badira. Era berean, multzotan antolatutako ostatuak izan daitezke: gehienez ere 14 oheko gelak, jan-egongela, komun eta sukalde banarekin.

Horretaz aparte, ostatuak eraikin partekatutan koka daitezke, udal-araudiak halakorik baimenduz gero.

Turismo-aterpetxeen zenbait ezaugarri:
Berogailuak logela eta eremu komunetan.
Bezeroentzako telefonoa.
Interneterako sarbidea.
Ostatu ezberdinek bezeroen harrera-eremua partekatu ahal izango dute, ustiapen-unitate berak kudeatzen baditu eta euren arteko distantzia 500 metrotik beherakoa bada.
Korridoreen eta eskaileren gutxieneko zabalera metro betekoa izango da.
Gelen gutxieneko azalera, komuna kenduta, 2 m2 izan behar da plaza bakoitzeko.

Azkenik, landa-aterpetxeak eta Done Jakue bideko aterpetxeak bereizten dira:
Landa-aterpetxeek gainerako landa-ostatuen ezaugarri berberak bete behar dituzte, hau da, landa-eremuan egon behar dira, eraikinak eskualde edo zonaldeko arkitektura tradizional tipikoa izan behar du, eta gehienez 40 lagunentzako lekua izan behar dute. Aterpetxea landa-eremuan badago, eraikinak eskualdeko ezaugarriak betetzen baditu baina 40 lagun baino gehiagorentzako lekua badu, turismo-aterpetxea izan ahalko da, baina ez landa-eremukoa.

Done Jakue bideko aterpetxeen kasuan, trazadura ofizialetik bi kilometro baino gutxiagora egon beharko dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau