Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak adierazi du Gurutzetako laborategi berria 'erreferente' izango dela, eta Euskadi 'bikaintasunaren gorenean' ipiniko duela

2013.eko uztailak 08

Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du Jaurlaritzaren lehentasuna «pertsonak Osasun Sistemaren erdigunean jartzea» dela. Gurutzetako ospitaleko laborategiaren inaugurazioan izan da lehendakaria. Nabarmendu duenez, zentro berriak, helburu hori lortzeko balio izateaz gain, kalitatea eta zerbitzua hobetzeko ere balioko duela. «Instalazio berriek teknologiarik aurreratuena» dute, eta lehen kanpoko laborategietara bidaltzen ziren probak egin ahal izango dira», adierazi du lehendakariak. Eusko Jaurlaritzak 20 milioi euro inbertitu ditu Gurutzetako laborategi berrian. Lehendakariaren iritziz, «ongi inbertitutako» dirua da, laborategi horrek Euskadiko osasun-sistema, berriro ere, «beti izan duen bikaintasun-mailan jarriko baitu, eta eredugarri izango baita beste autonomia-erkidego batzuetarako». Laborategi horretan «egunero 20.000 proba» egingo dituzte, Urkulluk azaldu duenez.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko laborategi berriaren inaugurazioan hartu du parte lehendakariak Osasuneko sailburu Jon Darpónekin batera. Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko zuzendari kudeatzaile Santiago Rabanal eta Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberria ere izan dira ekitaldi horretan. Laborategi berria abiarazita, «Instalazio berriak, zerbitzu hobeak» proiektua amaitu du Gurutzetako ospitaleak. Proiektu horri 2007an ekin zitzaion, eta 1970eko hamarkadatik izan duen eraldaketarik handiena ekarri dio ospitaleari.

Urkullu lehendakariak nabarmendu du Osakidetzak «aurrerapauso bat» eman duela azpiegitura honi esker. Berrikuntzan ere arituko diren 241 lagunek egingo dute lan laborategi berrian. Egunero 20.000 proba aztertuko dituzte, eta segurtasun-baldintzak hobetuko dira automatizazio-teknikarik aurreratuenen bitartez. Azkenean, egindako inbertsio ekonomikoa nabarmendu nahi izan du lehendakariak, inbertsioak herritarrei kalitatezko eta «lehen mailako» zerbitzua eskaintzeko balio izango baitu, bere iritziz. Horixe da, lehendakariaren hitzetan, jarraitu beharreko bidea, «zerbitzu publikoak bermatzea eta defendatzea», alegia.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Director Gerente del Hospital Universitario de Cruces Santiago Rabanal, Director General de Osakidetza Jon Etxeberria