Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

4,5 milioi euro bideratuko zaizkie atzerrian lantokiak dituzten enpresei praktikaldietarako gazteak kontrata ditzaten

2013.eko uztailak 04

Bigarren urtez jarraian, atzerrian lantokiak dituzten Euskadiko enpresek Eusko Jaurlaritzak ematen dituen diru-laguntzak jaso ahalko dituzte unibertsitateko edo goi- edo erdi-mailako lanbide-heziketako tituluak dituzten gazte langabetuak praktiketan kontratatzeko.

 

Bihar, ostirala, argitaratuko dute atzerrian lantokiak dituzten EAEko enpresek gazte langabetuak kontratatzeko diru-laguntzen deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Lanbidek kudeatzen duen programak 4,42 milioi euroko aurrekontua izango du, ia aurreko ekitaldikoaren (2,59 milioi euro) erdia.

Laguntza-ildo honen xedea Lanbideren bulegoetan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda duten 34 urtetik beherako gazte langabeak kontratatzea da, unibertsitateko titulu bat, goi- edo erdi-mailako lanbide-heziketako titulua, horien baliokide den bestelako titulu ofizial bat edo profesionaltasun-ziurtagiri bat badute.  Halaber, hautagaiek lana behar bezala gauzatzeko enpresek eskatzen dituzten hizkuntza-gaitasuna izan beharko dute.

Enplegu eta Laneko sailburuorde Ricardo Barkalaren ustez, «atzerrian praktikak egiteko programa Euskadiko gizartearen zati baten, gazteen, lan-aukerak hobetzeko aukera bikaina da, gaur egungo egoera ekonomikoak kalte handia egin baitie».

«Jaurlaritzak nazioartekotzeko ahalegin handia egin duten Euskadiko enpresen sarea babestu nahi du, batez ere, aeronautikaren, automobilgintzaren, ingeniaritzen eta abarren sektoreetan, beste batzuen eragile baitira eta teknikoki eta profesionalki gaituta dauden pertsonak behar baitituzte», esan du sailburuordeak, halako programek gure ekonomiaren lehiakortasuna eta lan-merkatuaren kalitatea hobetzen laguntzen dutela azaltzean.   

Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak jaso nahi dituzten enpresa pribatuek edo publiko-pribatuek EAEn egoitza, helbide fiskala edo lantoki bat izan beharko dute, eta atzerrian lantokiak, partaidetutako enpresak edo talde bereko enpresak. Halaber, kontratazio berriaren ondorioz, lanpostu horretaz arduratzen zen langilerik kaleratu ez dutela egiaztatu beharko dute.

Kontratuaren gutxieneko iraupena hamabi hilabetekoa izango da eta, jardunaldi osokoa. Kontratatutako pertsonak Estatutik kanpoko lantokietan arituko dira lanean, eta gutxienez bederatzi hilabeteko egonaldia bermatuko zaie.

Soldata eta gizarte segurtasuneko kostuak ez ezik, langilea atzerrian dagoen bitartean, enpresak  hilero ostatu eta mantenu dieta gisa emango dizkion 350 euroak -enpresaren hitzarmen kolektiboan ezarritako zenbatekoa alde batera utzita-  ere diruz lagunduko dira. Kontratatutako pertsonen lanpostuek haien trebakuntza akademiko-profesionalarekin bat etorri beharko dute.

Enpresek eskaerak aurkezteko epea EHAAn argitaratu (uztailaren 5a) eta hurrengo egunean hasi eta 2013ko irailaren 30ean amaituko da. Interesdunek Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunera (www.lanbide.net), «Lan bila nabil» atalera, jo ahalko dute eskaintzaren ezaugarriak eta baldintzak ezagutzeko.

 

91 gazte 34 enpresatan

Gaur egun, 91 gazte ari dira atzerrian kontratu batekin praktikak egiten, Lanbide eta Gizarte Politikako Sailak ematen dituen laguntzen bidez.

Ia ehun gazte horiek, Bizkaikoak gehienak (% 55,86), mundu osoko 34 enpresatan ari dira lanean. Kasu batzuetan, Euskaditik nahiko gertu daude, adibidez, Alemanian, Erresuma Batuan, Frantzian eta Italian, baina beste batzuk, askoz ere urrutiago daude, esaterako, Senegalen, Indian, Brasilen, Mexikon eta AEBn.

«Esperientziak egiaztatu du praktiketako kontratu hauek gazteak kontratatzen dituen enpresan edo nazioartekotutako beste enpresa batzuetan geratzea errazten dutela», erantsi du Barkalak.

2012ko deialdian, titulu teknikoak izan ziren eskatuenak, bereziki, ingeniaritzak eta ekonomia eta enpresa zientzien lizentziaturak. Kontratu guztietan atzerriko hizkuntzen (ingelesa, batez ere) maila altua izatea ezinbestekoa izan zen.

Hala ere, deialdiak lanpostuaren eta enpresek behar dituzten gaitasunen araberako bestelako profilak kontratatzeko aukera ematen du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)