Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak bi gida aurkeztu ditu txirrindularien babesa hobetzeko

2013.eko uztailak 04

Bi dokumentuak errepideko kirolariei eta familiei zuzenduta daude, eta Eusko Jaurlaritzaren Trafikoko webgunean daude eskuragarri

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak, Josu Zubiaga sailburuordea eta Trafikoko Garbiñe Sáez Molinuevo lagun dituela, bi gida aurkeztu ditu gaur goizean Lakuan. Bi talde desberdinei zuzenduta egonagatik ere, helburu bikoitza partekatzen dute biek: txirrindularien eta bideetako gainerako erabiltzaileen segurtasuna handitzea, eta norbere eta gainerakoen segurtasuna bermatzeko balioetan heztea.

Zuhurtzia eta errespetua. Guztiok gabiltza errepidean izeneko gida Eusko Legebiltzarrak eskatu zion Jaurlaritzari, urte hasieran. Bertan, errepideak eta kaleak erabiltzeko garaian auto-gidariek, txirrindulariek edota oinezkoek zer arau eta portaera izan behar dituzten adierazten da. Informazioa bi formatutan aurkezten da: PDF formatuan, inprimatu ahal izateko, eta bideoan.

«Pertsonekiko konpromisoa oinarri hartuta -adierazi du Beltrán de Herediak-, gure helburua errepideetan dabiltzanen segurtasuna bermatzea da, helburu nagusitzat bide-segurtasuna eta mugikortasun segurua hartuta. Eta hori, zuhurtzia eta elkarrekiko errespetu handiarekin baino ezin daiteke lortu».

Txirrindu-istripu larriak errepidean gertatzen dira

Nahiz eta bizikletak inplikatutako trafiko-istripu gehienak hirian gertatzen diren, istripurik larrienak errepidean izaten dira. Iaz Euskadiko kale eta errepideetan 830 txirrindu-istripu izan ziren (252 errepidean eta 578 hirian). Istripu horietan lau lagun hil ziren, guztiak 25 urtez azpiko gizonezkoak. Horietatik hiru errepidean gertatu ziren, eta bakarra hiri barruan.

Errepideko bizikleta-istripuen % 55 beste ibilgailu batzuekin talka eginda gertatzen dira, eta % 28, berriz, erorita edota galtzadatik aterata.

Zaurituei dagokienez, 2012an 49 txirrindulari larri zauritu ziren (44 gizonezko eta 5 emakumezko), baita bi oinezko ere, bizikletek harrapatu ostean.

Aurtengo datuei erreparatuta, berriz, hiru txirrindulari hil dira orain artean, lurralde historiko bakoitzean bana. Larri zaurituak hamahiru izan dira (hiru Araban, sei Bizkaian eta lau Gipuzkoan).

Gurasoei zuzendutako gida

Gaur aurkeztu duten bigarren gida, Bide onetik doa, familiek bizikleta modu seguruan erabiltzea sustatzeko dago pentsatuta.  Euskadiko osasun-etxeetako pediatria kontsultetan banatuko dute. Halaber, ikastetxe guztiei emango diete haren berri, eta materiala Trafikoko webgunetik ikusi ahal izango dute.

Gida honek hainbat auzi jorratzen ditu. Nola eta non erakutsi behar diegu seme-alabei bizikletaz ibiltzen? Nola egin ditzakegu familiako lehendabiziko paseoak? Nire seme-alabek zirkulatu al dezakete modu autonomoan eta seguruan?

Horrekin loturik, sailburuak hauxe nabarmendu du: «Lehendabiziko bizitza-urteetan, familiako ereduak imitatzearekin lotuta egoten da ikaskuntza. Gurasoek bidean jarrera seguruak badituzte, koherenteak eta konstanteak, beren burua babesteaz gain, seme-alaben segurtasuna hobetzen ere lagunduko dute».

Gidak hiru atal dauzka. Lehendabiziko pedalkadak, seme-alabak bizikletaz ibiltzen hasten  direnerako informazioarekin eta jarraibideekin; hau da, orekari eusteko eta modu autonomoan pedalei emateko. Parketik bidegorrira atalean, bizikletan ibiltzeko nolabaiteko trebezia duten haurren gurasoentzako hainbat segurtasun-kontseilu biltzen dira; bizikletak jostailu huts izateari utziko dio eta ibilgailu izatera pasatuko da, eta haurrak bidegorri bat erabiltzen hasiko dira jende gehiagorekin batera eta adindun pertsonek gainbegiratuta. Zirkulatzen, bide publikoetatik zirkulatzen hasita dauden seme-alaben gurasoentzat pentsatua; poliki-poliki, modu autonomoan eta helduen jarraipenik gabe sistema bati egin beharko diote aurre. Hala, hainbat arau izango dituzte eta beste ibilgailu eta erabiltzaile batzuekin partekatu beharko dituzte espazioak.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @GARALEX_EHU
    2013.eko irailak 20

    Comentario de Twitter:
    Segurtasun Sailak bi gida artitaratu ditu txirrindularien segurtasuna hobetzeko... http://t.co/mSotvyx04O

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)