Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak eskualdeko eta tokiko politikak bultzatzea defendatzen du, garraioan erregai alternatiboak garatzeko

2013.eko uztailak 02

Eskualdeetako Lantaldearen 102. osoko bilkura egingo da Bruselan 2013ko uztailaren 2an eta 3an. Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzak parte hartuko du Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa, lehendakariaren ordezko kidea baita lantalde horretan.

Lituaniako Kanpo Gaietarako ministrorde Vytautas Leskeviciusek ere hartuko du parte osoko bilkuran, hain zuzen 2013ko uztailaren 1ean hasiko den Lituaniako presidentetzaren lehentasunen berri emateko; halaber, Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Europako komisario Dacian Ciolosek ere esku hartuko du Nekazaritza Politika Komunari buruzko eztabaidan.

Kroaziak 2013ko uztailaren 1ean EBrekin bat egin duenez, Kroaziako ordezkaritzako kideek parte-hartze ofiziala izango dute Eskualdeetako Lantaldearen osoko bilkuran; guztira, 9 kide titular eta 9 ordezko izango dira, iaztik behatzaile gisa parte hartu izan dutenak.

Horretaz gain, Eskualdeetako Lantaldearen barruan talde politiko berri bat sortzea ere onartuko da: Europako Kontserbadoreen eta Erreformisten Taldea; Lantalde horretako bosgarren talde politikoa izango da hauekin batera: Talde Popularra, Talde Sozialista, Liberalen eta Demokraten Taldea eta Europako Aliantzaren Taldea.

Eusko Jaurlaritzak 17 zuzenketa aurkeztu behar ditu guztira hainbat gai garrantzitsutan, besteak beste: garraioan energia garbiak erabiltzea, hondakinen arloko Europako politika berrikustea, hiri edo komunitate adimendunak sustatzea edo Europako araudiak lurraldean izan beharreko eraginaren ebaluazioa.

Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du oso garrantzitsua dela eskualdeek parte hartzea garraio-politikaren gaineko estatu-estrategien definizioan zein Europako ekimenetan, energia jasangarriko ekintza-planak bultzatzearren. Eusko Jaurlaritzak uste du eskualdeko eta tokiko politikak bultzatzea erabakigarria izango dela garraioan erregai alternatiboak garatzeko. Horrela, bada, gasolina-zerbitzuguneen tokiko operadoreekin akordioak egitea proposatu du era horretako erregaien erabilera sustatzeko.

Halaber, estatu kideetako eskualdeen artean dagoen desberdintasunagatik muga-efektu moduko bat sortzea saihestu beharraz ohartarazi du. Horrenbestez, hori arintzeko mekanismoak sortzea proposatzen du; adibidez, salgaien garraioetan erregai alternatiboek lehentasuna duten pasabideak ezartzea, EBren funtsekin finantzatuta.

Hondakinen arloko Europako politikari dagokionez, Europan ezarritako birziklatze- eta balorizazio-helburuak ez dira egun betetzen Eusko Jaurlaritzaren iritziz; horregatik, beste helburu batzuk ezarri aurretik, ezinbestekotzat jotzen du oraingoak zergatik ez diren betetzen aztertzea.

Halaber, hondakinen arloan, konpostaren kalitate-baldintzak Europan harmonizatzea proposatu du Eusko Jaurlaritzak, bai eta kalitatea bermatzeko sistemak ezartzea ere, ingurumenaren babes-maila egoki bat bermatzearren.

Orobat, Europako araudiak lurraldeetan duen eragina nola ebaluatu eztabaidatzen ari dira Europan, kalitateko araudi europar bat lortzeko. Horren inguruan, era horretako ebaluazioak eskualde eta udalerrietan egin behar direla nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak, Europako legeriak eskualde eta tokiko politiken gainean dituen finantza- eta administrazio-ondorioak ezagutzearren. Hori dela-eta, Europako Batzordeak proposatzen duen edozein lege-ekimen, arau orokor modura, lurraldeetan beti ebaluatzea proposatu du, eta ez lurralde jakin batzuetan eragiten duten ekimenak soilik, Batzordeak xedatutako moduan.

Horretaz gain, Batzordeari eskatu dio eskualdeekin elkarlanean aritzeko erkidegoko arauek eragindako pertsonei eta interesa dutenei egin beharreko kontsultak bideratzeko, une egokian galdera zuzenak egiteko eta haiei, ahal den neurrian, jatorrizko hizkuntzetan zuzentzeko.

Eta, azkenik, Kontseiluari eta estatu kideei eskatu die lurraldeetako eraginaren gaineko ebaluazioak ere egiteko, Europako Batzordeak eta Parlamentuak egiten dituzten moduan.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)