Berriak
Eu

Barakaldo, Araba eta Ermuko YUZZ gazteei gero eta gutxiago geratzen zaie beren enpresa teknologikoa sortzeko

2013.eko uztailak 02

  • Sara Vijandi Urrestik (Barakaldoko YUZZ zentroan garatutako Armario Compartido proiektuarekin), Lara Tubilla Corderok (Ermuko YUZZ zentroan garatutako Babbling proiektuarekin), eta Gorka Puentek (Arabako YUZZ zentroan garatutako Mind the Wiki proiektuarekin) lortu dute Silicon Valleyra bidaiatzeko txartela, Estatuko 33 gazte ekintzaileren artetik hiru onenak izan direlako.
  • Barakaldo, Araba eta Ermuko 20 ekintzaile gaztek zazpi hilabetez parte hartu dute YUZZ proiektuan. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eta SPRIk proiektu horretan kolaboratu dute, Arabako Enpresa eta Berrikuntza Zentroaren (CEIA), Barakaldon dagoen Ezkerraldeko Enpresa Garapeneko Zentroaren (CEDEMI) eta Ermuko Izarra Centre-n bitartez.

YUZZ ekimena oinarri teknologikoko proiektu bat duten 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzako prestakuntza eta aholkularitza haztegi bat da, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Lehiakortasun Sailaren eta SPRIren laguntzarekin garatu dena. Arrakastaz amaitu du bere laugarren edizioa eta 20 ekintzaile gazteri lagundu die beren enpresa proiektuak zehazten.

Gazte ekintzaileek zazpi hilabetez garatu dituzte beren negozio proiektuak, gure herriaren etorkizun teknologikoa markatuko duten ekimenak. Horregatik, YUZZ programak helburutzat izan du are gehiago indartzea gure zonaldeko gazteen talentu ekintzailea, ezaugarri hori funtsezkoa baita gaur egun bizi dugun egoera ekonomikoan lehiakor izateko.

YUZZ proiektua ideia handien haztegi bat da, adimen kolaboratiboa sustatzen duena, eta horretarako, programak irauten duen zazpi hilabeteetan zehar parte-hartzaileen eskura jartzen dira beren proiektuen bideragarritasuna lortzeko behar dituzten azpiegiturak, aholkularitza, prestakuntza eta negozioei buruzko ezagutza. Espainia osoan sakabanatutako YUZZ zentroetako garapen prozesu horiek amaitutakoan, Estatuko proiektu onenen ordezkariek bidaia bat egingo dute Silicon Valleyra uztailaren 21etik 27ra, teknologia berrien arloko berrikuntza gune handiena ezagutzeko.

Bestalde, urtearen azken hiruhilekoan, Estatu mailako hiru proiektu onenek zuzkidura ekonomiko bat jasoko dute (30.000, 20.000 eta 10.000 eurokoa) beren enpresa ideia gauzatzen laguntzeko.

Ekainean egin dira proiektuen azken aurkezpen errondak eta YUZZ programan parte hartu duten herri bakoitzeko epaimahaikideek aukeratu dituzte laugarren edizioan parte hartu duten Estatuko ekintzaile gazte onenak. Estatuko 33 proiektu onenetako ordezkariak Silicon Valleyra joango dira uztailaren 21etik 27ra, lehen eskutik ezagutzeko berrikuntza teknologikoaren sorlekua.

Euskadiko proiekturik onenak

  • Sara Vijandi Urrestiren “Armario Compartido” proiektua, Barakaldoko YUZZ zentroan garatua

Armario Compartido arropa maileguak eta mikro-alokairuak egiteko plataforma bat da eta bi modalitate ditu: P2P (partikularren artean) eta B2P (enpresen eta partikularren artean).

Arropa mailegatzeko eta mikro-alokatzeko plataforma bat da, nagusiki 16 eta 45 urte bitarteko emakumeei zuzendua. Sare sozialaren kontzeptu berri hau kontsumo kolaboratiboaren mugimenduan sar liteke, couchsurfing-aren antzera, baina bereziki pentsaturik dago okasio jakin batzuetarako arropa premiak estaltzeko.

Armario Compartido plataformako bezero izan daitezke salmentak/alokairuak handitu nahi dituzten arropak edo osagarriak alokatzeko enpresak eta horiekin lotutako zerbitzuak eskaintzen dituzten frankiziak (konponketak, tindategiak, ile-apaindegiak, estetika zentroak, hotelak…), eta baita ere okasio berezi baterako (ezkontza, bataioa, ekitaldia, inaugurazioa, afaria, e.a.) arropa merke edo dohainik behar duten emakumeak.

Bestalde, irabazi ekonomiko bat lortzeko asmoz bere arropa alokairuan jarri nahi dutenek urteko harpidetza kuota bat ordaindu beharko dute (9,95€) eta gehienez 10 arropa alokatu ahalko dituzte.

http://armariocompartido.es/

  • Lara Tubilla Corderoren “Babbling” proiektua, Ermuko YUZZ zentrokoa

Babbling webguneak hizkuntzak ikasteko modu berri bat eskaintzen du, erosoa, dinamikoa eta eraginkorra, eta hizkuntza online praktikatzeko aukera ematen duena.

Plataforma honi esker posible da hizkuntzak ikastea ordutegi malgu batekin eta hainbat irakasleren artetik norberarena hautatzeko aukerarekin eta, beraz, irtenbide bikaina da denbora libre eta baliabide ekonomiko gutxi dituzten edo mugikortasun arazoak dauzkaten pertsonentzat.

Babbling atariak hainbat herrialdetako partikularren arteko trukeak kudeatuko ditu, eta baita ere enpresen artekoak. Plataformak balorazio eta aipamen zerbitzu bat izango du, non erabiltzaileek irakasleak bozkatu baititzakete eta iritziak eman beste partikular batzuei irakaslea aukeratzen laguntzeko.

  • Gorka Puenteren “Mind the Wiki” proiektua, Arabako YUZZ zentrokoa.

Mind the Wiki proiektuak wiki eta mapa mental kontzeptuak uztartzen ditu, hots, wikien egitura sortzen du mapa mental bat erabiliz.

Mapa mental bat diagrama bat da, non bisualki irudikatzen baitira ideiak eta kontzeptuak; Wiki bat, berriz, webeko software bat da, zeinaren bidez erabiltzaileak webgune bateko edukia aldatu baitezake nabigatzailetik (adibidez Wikipedia). “Mind the Wiki” proiektuaren ideia nagusia da mapa mentalak erabiltzea wikiak aurkezteko eta wikiekin elkarreragiteko modu gisa (wikiaren orriak mapa mentalaren guneak dira).

Mind the Wiki enpresentzat pentsatuta dago, aukera izan dezaten langileen ezagutza atzemateko, indartzeko eta errentagarri egiteko. Mapa mentalen abantailak aprobetxatzen ditu erabiltzaileen informazioa eta ezagutza irudikatzeko eta antolatzeko.

Proiektu hau sortu da arlo honetako erreferentziazko onlineko espaziorik ez dagoelako.

YUZZ, berrikuntza eta ekintzailetzaren aldeko apustua

YUZZ programa 2009an hasi zen bi zentrorekin, bata Bartzelonan eta bestea Madrilen. Harrezkero esponentzialki hazi da eta 2012-2013ko edizio berrian YUZZ programa Espainiako 33 hiritara heldu da.

YUZZ programak iraungo duen zazpi hilabeteetan antolakuntzak, tokian tokiko partner eta lankideekin batera, aukeratuak suertatzen diren ekintzaileen eskura jarriko ditu beren ideia merkatuan garatzeko behar dituzten baliabide guztiak: aditu sare bat, enpresa arloko prestakuntza, aholkularitza eta tutoretza pertsonalak, on-lineko lankidetzan aritzeko lan plataforma bat eta, ideia hori enpresa-proiektu bihurtu ahal denean, behar duen laguntza administratibo eta juridiko guztia.

Une honetan YUZZ programak tokiko 80 partner baino gehiago ditu, eurei esker posible baita Banesto Fundazioaren programa gauzatzea prestakuntza zentro propioa duten 33 hiritan. Aipagarria da, baita ere, lankidetza lokarriak daudela Estatu osoko hainbat negozio eskolarekin (IE Business School, ESADE eta IESE), eta beste erakunde eta antolakunde batzuekin (Indra, Intel Secot Emprendedores aldizkaria, Adigital, Gironako Príncipe Fundazioa eta Tuenti gizarte komunikazioko plataforma).

Espainia guztiko YUZZ zentroetan zazpi hilabeteko prestakuntza eta aholkularitza prozesua bukatu ondoren, gazte onenak Silicon Valleyra joango dira, hots, teknologi berrien arloko mundu mailako erreferentzia gune nagusira. Bestalde, azken hiruhilekoan, Estatu mailako hiru proiektu onenek zuzkidura ekonomiko bat jasoko dute (30.000, 20.000 eta 10.000 eurokoa) beren negozio ideiak gauzatzen laguntzeko.

2012-2013ko YUZZ edizio hau 33 hiritara heltzen da: Las Palmas, Bartzelona, Girona, Sant Cugat, Tarragona, Terrassa, Sant Feliu del Llobregat, Lleida, Madril, Nafarroa, Santander, Donostia, Ermua, Bilbo, Araba, Valentzia, Alacant, Castelló, Zaragoza, Murtzia, Burgos, Albacete, Palentzia, Cáceres, Ciudad Real, Malaga, Granada, Sevilla, Oviedo, Mallorcako Palma, Compostelako Santiago, Ourense eta Vigo.


Informazio gehiago nahi baduzu, jarri harremanetan helbide honetan: http://www.yuzz.org/

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau