Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregik Sustapen Ministerioari eskatu dio Pasaiako portuaren kudeaketa Jaurlaritzaren esku utz dezala erabat

2013.eko uztailak 04

 

Mugikortasunaren eta Logistikaren Clusterraren III. Logistika Jardunaldietan

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik nabarmendu du gaur Pasaiak aurrera egiteko eta garapenerako aukera handiak dituela, baldin eta Espainiako Gobernuak «interes orokorreko» sailkapena erretiratzen badio eta kudeaketa erabat Jaurlaritzaren esku uzten badu, ardatz atlantikoko beste kasu batzuetan gertatzen den moduan.

Oregik logistikari buruzko hirugarren jardunaldietan parte hartu du; jardunaldiok Mugikortasunaren eta Logistikaren Euskal Clusterrak antolatu ditu Pasaian, eta profesionalek, teknikariek, enpresek, eta erakundeetako zein unibertsitateetako ordezkariek parte hartu dute.

Oregi sailburuak arku atlantikoko eta Europa osoko beste portu batzuetako adibideak ipini ditu: «Baionakoa, esate baterako. Akitania eskualdeak Merkataritza eta Industria Ganberaren esku ipini zuen haren kudeaketa, toki-erakundeen eskutik. Bermeokoaren kasua ez da berdina, baina bertan kudeaketa zuzenagoa eta propioa eginda, arrantza eta merkantziak ondo uztartzen ditugu, batez ere egurra eta bobinak».

«Ziur nago -berretsi du Oregik- Eusko Jaurlaritzak zuzenean kudeatuta Pasaiako portuak arinago egingo lukeela aurrera, ondo antolatutako eta itxaropenez betetako etorkizun hurbilean».

Oregiren esanetan, «Pasaiaren, Bilboren eta Bermeoren potentzial guztia ondo baliatzeko, hiruren arteko lankidetza-protokolo bat prestatu eta Ministerioari helarazi diogu. Espero dugu babestuko dutela, halaxe lortuko baitugu hainbat helburu bermatzea: portu-azpiegituretakoak eta garraioarekin lotutakoak, merkataritza-politika, ingurumenaren jasangarritasuna eta beste hainbat jarduera eremu. Berriz esango dut: Eusko Jaurlaritzak erakutsi duenaren tankerako kudeaketa zuzen eta gertukoarekin, Madrili proposatu diogun moduan, Pasaiarako urrats gehiago emango ditugu».

Funtsezko azpiegitura
«Pasaiako portua funtsezko azpiegitura da Euskadirako. Ez Gipuzkoarako bakarrik. Nahiz eta egia den bertako trafikoaren zati handi bat eragin-eremu gertukoenean sortzen dela, Gipuzkoan, alegia», nabarmendu du Oregik.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak gogorarazi du Pasaiako portua gure herriko portu-sarearen zati dela. «Urtean hiru milioi tona merkantzia kudeatzeak agerian uzten du portuaren garrantzia, trafikoagatik (automobilgintzakoa, kasu), baina kokapen geografikoa ere ez da ahaztu behar: sektore industriala eta komunikazio-sare garatua biltzen duen barrualdeagatik, eta etorkizun hurbilean ere komunikazio-sare berriak aurreikusita edukitzeagatik».

«Pasaiari berritzeko eta XXI. mendera egokitzeko garaia iritsi zaio: portu-ingurua biziberrituko da hemendik gutxira, gizarte- eta hiri-ingurua berrituko da, eta beste garraio modu batzuekin hiri- eta merkataritza-lotura izango du. Horretan ari da lanean Eusko Jaurlaritza», gaineratu du Oregik.

Euskal garraio-azpiegituren arduradunak nabarmendu du Pasaia garrantzitsua dela Euskadirako, eta, hori dela medio, euskal portu guztiak koordinatuta jardutea lehentasuna dela. «Sinergiak indartu behar dira, merkatu berriak topatzeko eta gure portu guztietara onurak ekartzeko. Ez da portu bati lehentasuna ematea beste baten gainetik, baizik eta guztien merkatu-kuota handitzea, euskal portu-sistemarako trafiko berriak topatuta».

Ana Oregik hitzaldian esan duenez, Pasaia oinarrizko zentroa da Euskadiko logistikaren eta garraioaren barruan. Pasaia-Irungo plataforma logistikoa, Lezo-Gaintxurizketakoa bezala ezagutzen duguna, eta Europarekin zabalera estandarrez lotuko gaituen trenbide-sare berria etorkizuneko aukera apartak dira, eta ziur gaude Pasaiako portuak jakingo duela horiek aprobetxatzen eta indartzen».

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Ricardo Peña