Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak Europako Batzordeari eskatu dio tax-learen inguruko erabakia bertan behera uzteko

2013.eko uztailak 02

Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Josu Erkoreka bozeramaileak  jakinarazi du Jaurlaritza Joaquín Almunia komisarioarekin eta Europako Batzordeko presidentea den Durao Barrosorekin batzartuko dela. Erkorekaren esanetan, bilera horretan Gobernuak aukera izango du azaltzeko "hartutako erabakia aplikatuko balitz, tax-lease itzulketari dagokiona, zer-nolako kaltea erangingo lukeen". Era berean, Erkorekak adierazi du Jaurlaritza ostegunean elkartuko dela auzi honetan inplikatutako eragile ekonomikoekin.

Bozeramaileak nabarmendu du Europako Batzordeak «berdintasun printzipioa» aplikatu beharko lukela ontziolen eta armadoreen kasuan. Erkorekaren ustean, 2006an Frantziarekin eta Alemaniarekin hartutako erabakia hartu beharko luke Batzordeak.

Kooperatiben Legea

Josu Erkoreka bozeramaileak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak ez diola aldeko irizpena eman Alderdi Sozialistak aurkeztutako Kooperatiben Legea aldatzeko proposamenari. «Kontsumo arazo baten aurrean gaude, eta ez finantza-produktuen erregulazio-ezaren aurrean», nabarmendu du Erkorekak. Bozeramaileak azaldu du egungo araudiak hamar urtez baino gehiagoz balio izan duela kooperatibak finantzatzeko, eta, ondorioz, enplegua sortzeko. Nolanahi ere, adierazi du Jaurlaritzak klausula bat txertatuko duela «kooperatibista ez izanik, finantza-produktuak erosi nahi dituen edonork behar beste informazio izan dezan».

Biktimen Memoriala

Josu Erkoreka bozeramaileak, era berean, Espainiako Gobernuak biktimen memoriala eraikitzeko hartu duen erabakiaz ere jardun du. Erkorekak azaldu du Jaurlaritzak errespetatzen duela erabakia, baina ez duela ulertzen zergatik ez duen haiekin kontatu horretarako.

Erkorekak esan duenez, Jaurlaritzak proposatutako Bake eta Bizikidetza Planean Oroimenaren Institutua eta Biktimen Memoriala sortzea aurreikusten da. Erkorekaren esanetan, Oroimenaren Institutua sortzeko Jaurlaritzak alde guztiekin kontatuko du  eta horretarako ahalik eta adostasun handiena bilatuko du. «Espainiako Gobernuak Biktimen Memoriala Jaurlaritza albo batera utzita sortu nahi badu, eskubide osoa dauka», esan du Erkorekak, nahiz eta ziurtatu duen ez litzatekeela «ulergarria» izango.


Langabeziaren datuen balorazioa
Josu Erkorekak gaur argitaratutako langabezia-datuak ere izan ditu hizpide. Ekainean, Euskal Autonomia Erkidegoan 4.205 langabe gutxiago erregistratu dira. Bozeramaileak esan du datuok «positiboak» direla, nahiz eta onartu duen Jaurlaritzaren aldetik «arduragabekeria» litzatekeela pentsatzea «datu hauekin adierazle ekonomikoak onbideratzen» ari direla.


Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2013.07.2)

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)