Berriak Osasuna
Eu

Normaltasuna nagusi "koordainketa" farmazeutikoa EAEn abian jarri den egunean

2013.eko uztailak 01

50 bat botikatan lehen orduen jarraipena egiten ari da, bertatik bertara, Osasun Saila eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoak

  • Dagoeneko, farmazia guztietan dago erabilgarri eta martxan
  • Zuzenean zerbitzuak 200 bat dei erantzun ditu goizean eta 600 baino gehiago azken egunotan

Normaltasuna nagusi da koordainketa farmazeutikoa Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean sartu den egunaren lehen orduetan, bertoko botika guztietara zabaldu delarik. Osasun Saila bera eta Farmazialarien Elkargoak jarraipen estua egiten ari da, bertatik bertara, hautaturiko 50 bat botikatan, sor litezkeen arazoak konpontzeko asmotan. Edozein modutan, Farmaziek EAS baten laguntza dute, legokeen arazo tekniko oro konpontzeko, eta herritarrek, berriz, euren zalantzak argi ditzakete 012 telefonoan (Jaurlaritzaren Zuzenean arreta zerbitzua), osasun zentroetan zein farmazietan.

Honenbestez, Euskadi da azken autonomia-erkidegoa 16/2012 Lege Dekretua inposatu eta Jaurlaritzak haseratik arbuiatu duen koordainketa farmazeutikoa abian jartzen. Hala, gaurtik aurrera, errezetek TSI ekarpen-kode bat dute eta  medikamendu bat erostean, erabiltzaileek osasun-txartela aurkeztu behar dute, euren TSI kodeari dagokion ehunekoa -nork bere egoera soziolaboralaren eta errenta mailaren araberakoa- ordaintzeko. 

Hala ere, neurria ezartzerakoan, bai euskal herritarrei, bai erasandako profesionalei ahalik eta kalte txikienak eragiteko modua hautatu nahi izan du Jaurlaritzak. Horren erakusle, beste autonomia-erkidego batzuetan ez bezala, gurean herritarrek ez dute, behin hileko eta pertsonako dagokien kopurura iritsita, diru gehiagorik aurreratu eta itzulketaren zain egon beharrik izango; aitzitik, ordaintzeari utzi egingo diote muga horretara heldu orduko. Era berean, koordainketa batera ezarri da EAEko hiru lurraldeetan eta bertoko farmazia guztietan.

Horrez gain, eta Osasun Sailburua Jon Darponek berak duela bi aste iragarri zuenez, bere Sailak dagoeneko lanean dihardu, gaurdanik arau honek errenta txikienak dituzten pentsiodunengan duen eragin zehatza zein den ikusi eta, horren arabera, ondorioak arintzeko neurriak erabaki. 

Oro har, pentsiodunek medikamentuen prezioaren % 10 ordainduko dute, beti ere, bakoitzaren errentaren araberako muga ezarrita, hileko eta pertsonako. Hala, 18.000 euro baino gutxiago jasotzen dutenek gehienez 8,14€ ordainduko dute, pertsonako eta hileko (arestian aipaturiko oreka-neurriak zehaztu zain); 18.000 eta 100.000 euro bitartekoek, berriz, 18,32€ pertsonako eta hileko; eta 100.000 eurotik gorako errentadunek, ostera, 61,08€ pertsonako eta hileko.  Esan bezala, kopuruotatik aurrera xentimorik ere ez dute  pagatuko. 

Orain artean, Euskadin, errezeta ofizialarekin eskuratutako medikamenduen prezioaren % 40 ordaintzen zuten lanean diharduten pertsonek. Aurrerantzean, 18.000 euro baino gutxiagoko errentak dituztenek % 40 hori ordaintzen jarraituko dute; kopuru hori gainditzen dutenek, berriz, % 50a; , eta, 100.000 euroko errenta gainditzen dutenek, ordea,  % 60a.

Kasu guztietan, honako kolektiboak koordainketatik salbuetsita geldituko dira: sindrome toxikoak kaltetuak; arauturiko ezgaitasunen bat jasaten dutenak; Diru-sarrerak Bermatzeko Errentak edo kotizazio gabeko pentsioak jasotzen dituztenak; denbora luze langabezian egon ondoren subsidioa agortu dutenak; eta laneko istripu edo gaixotasunen batekin lotutako tratamenduak jasotzen ari diren pertsonak.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2013.eko uztailak 04

    No puedo entender por que un parado de larga duracion y sin derecho a subsidio por vivir con su madre (divorciado) , tiene que pagar las medicinas en un 40%. ¿de donde se piensan que saldra el dinero para pagarlas?