Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak Barroso eta Almuniari eskatuko die ontziolen sektorea suntsituko lukeen erabakia bertan behera utz dezatela

2013.eko uztailak 01

Iñigo Urkullu Lehendakaria Madrilen izan da Industria Ministroarekin eta Asturias eta Galiziako presidenteekin, ontziolen sektoreari babesa adierazteko

Eusko Jaurlaritza aste honetan batzartuko da kaltetuekin


Iñigo Urkullu Lehendakaria Madrilen izan da gaur, Industria Ministro Jose Manuel Soria, Asturiaseko Javier Fernandez presidentea eta Galiziako presidentearekin, Alberto Nuñez Feijóorekin batera egindako bilera batean, ontzigintzaren sektoreak biziko lukeen egoera zailari aurre egiteko neurriak aztertzen, Europako Batzordeko Joaquin Almunia komisarioak tax lease sistemari dagokion dirua itzuli beharko dutela jakinarazi ondoren. 

Industria Ministeritzan, bilera amaitutakoan egindako agerraldi bateratuan denak bat etorri dira Durao Barroso Europako Batzordeko Presidentearekin eta Joaquin Almunia Komisarioarekin batzarra eskatuko dutela iragartzean. Bertan, euren erabakia bertan behera uzteko eskatuko diete.

Lehendakariak adierazi du, “erabakia goitik behera berriro aztertzeko” eskatuko diela, eta salatu du Europak alde batetik enplegua sortzeko politika bultzatu nahi duela, baina ondoren Europako Batzordearen erabakiz, espainiar Estatuan 87.000 lanpostu suntsitzear daudela.”

Industria Ministeritzan, Lehendakariak bat egin du Eusko Jaurlaritzak, eta Asturias, Galizia eta Espainiako Gobernuek eta ontziola pribatuek elkarrekin onartutako Adierazpen Instituzionalarekin. Bertan jasotzen den bezala, Ustezko laguntzak itzularazteko erabakia hartuko balitz, espainiar Estatuari Frantziaren aldean tratu diskriminatzaile larria ematea izango litzateke; izan ere, antzeko espediente batean, laguntzak itzuli behar izatetik salbuetsi zuten, segurtasun juridikoaren printzipioa aplikatuz. Europako Batasunak Frantziak argudiatutakoa ontzat eman bazuen, orain irizpide bera aplikatu beharko luke.

Eusko Jaurlaritzak bere aldetik jakinarazten du aste honetan bertan kaltetuekin elkartuko dela une honetan egoera zein den aztertzeko.

Era berean, Jaurlaritzak azpimarratu nahi du egun ontziolak legearen barruan eta berme guztiekin ari direla lanean, eta urtarrilaren 1az geroztik Europako Batzordearen baimena duela sistemak.

Tax lease delakoaren itzulketak arriskuan jarriko lituzke Euskadiko sei ontziola pribatu eta 14.800 lanpostu, baita armadore eta inguruko industria ere. Izan ere, Almunia komisarioak iragarritakoa gertatuko balitz, ontziolen sektoreak 2.000 milioi euroko ordainketa egin beharko luke tax lease horien , horietatik 1.000 milioi Euskadiko ontziolei ordaintzea dagokie. Egoera honek, euskal ekonomian garrantzia berezia duen sektorearen gainbehera ekarriko luke, bereziki exportatzailea dena, ekoiztutakoaren %85 atzerrira saltzen duen sektorea hain zuzen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Ministro de Industria, Ptes de Asturias y Galicia